Abenduak 15.Egunkaria-ren kontrako epaiketaren hasiera, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nagusian. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek deklaratu zuten. Miguel Angel Carballo fiskalak ez zien ezer galdetu -bere garaian auzia ixteko eskatu zuen-, eta auzipetuek ziurtatu zuten Egunkaria-k ez zuela loturarik izan ETArekin. Babes handia jaso zuten Madrilen ere, Euskal Herriko eragile asko joan baitzen.
Abenduak 16. Epaiketaren bigarren saioa. Guardia zibilek deklaratu zuten; hiruk. Guardia Zibilak itxi zuen Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Epaiketako bigarren egunean, fiskalak guardia zibilei ere ez zien ezer galdetu, eta horiek ez zuten frogarik aurkeztu.
Urtarrilak 12. Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola euskal presoek azpimarratu zuten ETAk ez zuela Egunkaria-ren sorreran parte hartu. Guardia zibilek adierazi zuten auziko atxiloketa garaia "normal" joan zela, eta ez zuten kazetaren eta ETAren ustezko loturaz orduan ere frogarik aurkeztu. Presoek eta guardia zibilek lekuko gisa deklaratu zuten, akusazioek eskatuta.
Urtarrilak 25.Egunkaria-ren independentzia eta pluraltasuna defenditu zuten ldefentsaren hiru lekukok: Iñaki Zabaleta Egunkaria Sortzen taldeko partaideak, Imanol Murua Uria kazetako langile ohi eta Egunkaria Sortzeneko kideak, eta Jose Luis Zinkunegi jesuiten buruak. Fernando Berridi defentsaren lekuko eta ABC-ko zuzendari orokorrak ere hitz egin zuen; El Diario Vasco-ko gerentea zela inprenta arloan izan zuen Egunkaria-rekin harremana "normala" izan zela zioen. Txomin Aizpurua ETAko kide ohi eta preso izandakoak adierazi zuen ez duela Egunkaria-ren sorrera garaiko txostenik ezagutzen -akusazioaren lekuko gisa deklaratu zuen-. Bi guardia zibilek ere deklaratu zuten, eta ez zuten frogarik aurkeztu.
Orain arteko saioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu