Batasunako bozeramaile Arnaldo Otegi atzo Espainiako Kongresuan izan zen eztabaidaren inguruan mintzatu da gaur eguerdian. "Atzo argi eta garbi geratu zen euskal gatazkaren muina herri honek bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea dela. Eztabaidak agerian utzi zuen gatazkaren konponbidea ez dela errepresioaren bidetik etorriko". Otegi ados agertu da atzo Ibarretxek egindako hainbat planteamendurekin. "Agerikoa da Gernikako Estatutuan oinarritutako ereduak porrot egin duela. Ibarretxe ez zen atzo eskumen honen edo horren inguruan mintzatu, euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubideaz mintzatu zen, eta hori pozgarria da".
Udaberrian hauteskundeak izango dira Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Otegiren ustez, "ez dugu uste demokratikoak izango ez diren hauteskunde batzuk gatazkaren amaiera ekarriko dutenik. Zapaterok hauteskunde horietara Batasuna aurkeztea debekatzen badu, argi geldituko da ez duela gatazka amaitzeko borondate handirik izango. Izan ere, hauteskundeen ondorioz osatuko litzatekeen Legebiltzarra ez luke euskal gizartearen borondatea ordezkatuko, Raxoik eta Zapaterok sinatutako alderdien legearen borondatea besterik ez luke ordezkatuko".
Batasuna
Otegi: "Argi gelditu da gatazkaren muina euskaldunok geure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea dela"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu