Zapateroren Gobernuak konponbide prozesua barik ETAren indarkeria amaiaraztekoa jarri nahi duela abian iritzi dio Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak; hau da, prozesu guztia indarkeria horren desagertzera murriztu nahi duela, auzi politikoari heldu gabe. Horregatik, egungo egoera "larria eta zaila" dela berretsi du.
ETB2ko El Punto saioan egin ditu adierazpen horiek Otegik, Zapaterok igandean Barakaldon (Bizkaia) egin zuren iragarpenaren harira: hots, ekainean ETArekin elkarrizketak hasteko asmoa duela. Iragarpenak garrantzia baduela aitortu du Batasuneko buruzagiak, baina era berean, nabarmendu du hori baino garrantzitsuagoa dela Euskal Herrian eragile politikoen arteko elkarrizketa abian jartzea, "prozesua" hemen gauzatu behar delako, eta prozesuaren azken helburua eta emaitza auzi politikoa konponduko duen akordioa izan behar duelako.
Aitzitik, Zapaterok prozesu politikoa "prozesu teknikora" murriztu nahi duela salatu du. "[Espainiako] Gobernuak badu interes bat, adieraztea prozesu tekniko batean gaudela: hitzegin behar da legalizazioaz, presoez, ETAri buruz. Zergatik? Prozesu horrek guztiak ETAren indarkeriaren amaiera adierazte duelako", azaldu du.
Madrilen beste interesa, prozesuaren gidari Zapatero dela agertzea dela uste du, eta, ondorioz, jokalekua Madrilen dagoela. "Hori guretzako akats handia da, prozesua ezbaitago Madrilen, hemen baizik, Euskal Herrian eta Euskal Herriko eragile politikoen artean. Orain badakigu Zapaterok ETArekin hitzegingo duela, eta jakin nahi duguna da Patxi Lopezek eta Chivitek noiz hitzegingo duten gurekin, noiz eseriko garen mahai batean", erantsi du. "Espainiako Gobernuak adierazi nahi du hau prozesu tekniko bat dela, helburu bakarra ETAren indarkeria amaiaraztea duena, eta ez dagoela konpondu beharreko auzi politikorik. Horregatik diogu egoera larria eta zaila dela, gatazka balizko akordio horrek konponduko duelako, eta horri buruz hitzegiteko eseri behar dugu. Etengabe erasotzen bagaituzte ezinezkoa da".
Otegiren iduriko, prozesua ETAren indarkeria amaiaraztera murriztu nahi du Madrilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu