Datu ekonomiko batzuk hobetzen ari direla aitortu arren, zalantzak eta desorekak ere seinalatu ditu Paul Bivandek. CESI Inklusio Ekonomiko eta Sozialerako Zentroan estatistika eta analisi zuzendaria da. 30 urtetik gorako esperientzia du enplegu politikak aztertzen, eta eskarmentuz berba egiten du. Langabezia tasaren zenbaki onen atzean ezkutatzen diren lan egoera txarrak erreparatu beharraz ohartarazi, eta austeritateak dena konpontzen duen mentalitatea ezabatu beharra nabarmendu du behin eta berriz telefonoaren beste aldetik.
Herritarrek nabari dute hobekuntza ekonomikoa?
Familia batzuek nabari dute, baina gehienek ez. Familien diru sarrerak txikitzen ari dira; atzeraldiaren aurreko mailetatik behera daude. Ez gara bueltatu geunden tokira oraindik.
Susperraldia, herritarren erosteko ahalmena jaisten ari da orduan.
Familia gehienetan bai. 2007an non geunden ikusita, gehienak okerrago bizi dira egun. Jendea ez da ekonomiaz fio oraindik. Hazkunde handiagoa behar da hori lortzeko.
Kanpotik begiratuta, badirudi egoera hobetzen hasia dela Erresuma Batuan.
Bai, baina gu ez gara Alemania. Ondo doala dirudiena da langile kopurua, ekonomiako gainontzeko faktoreak ikusita, pentsa zitekeen baino handiagoa dela. Baina lanpostu horietako asko lanaldi partzialeko langileak eta autonomoak dira. Horien diru sarrerak lanaldi osoko lanpostu batenak baino txikiagoak dira.
Babes soziala galtzen ari dira herritarrak?
Babes sozialaren barruan sartzen da lan babesa ere, eta pisu handia du gainera. Diru sarrera txikia dutenei laguntzeko eta etxearen errenta ordaintzen laguntzeko erabiltzen da. Lanaldi partzialeko langileentzat eta autonomoentzat, adibidez. Gobernuaren gastu soziala nabarmen handitu du horrek.
Austeritate politikekin jarraitzea komeni zaio ekonomiari?
Koalizio gobernuaren lehen zatian, 2010etik 2012ra, austeritate programa gogorra ezarri zuten. Bazetorren susperraldia ito zuten. 2012tik aurrera politika aldatu zuen, esan gabe, eta horrek ahalbidetu du susperraldia. Austeritatea txarra da ekonomiarentzat, pizgarriak behar dira.
Baina zorpetze publikoa gero eta handiagoa da.
Gobernuak oso merke hartzen du dirua maileguan. Orduan, zergatik ez gehiago hartu? Zor publikoa handitzeak ez luke kalte handirik egingo zuzenean gobernuaren finantzetan. Azpiegiturak berritzeko beharrizan handia dago. Negu honetan, esate baterako, kalte handiak eragin dituzte uholdeek.
2008an krisia piztu zenetik zergak igo egin al dira klase ertainarentzat?
Atzeraldia hasi zenean errentaren gaineko zergaren gehienezko tasa %40tik %50era igo zuten laboristek. Koalizio gobernuak, berriz, %45era jaitsi du. Beheragoko mailako zergak ez dira jaitsi krisi aurreko kopuruetatik.
Zeintzuk dira ekonomiaren ahultasun nagusiak?
Epe luzeko langabeen kopurua jaitsi beharra dago, eta langabezia tasa oraindik ez da jaitsi krisi aurreko mailetara. Bestetik, klase ertain eta baxuko familien diru sarrerak nabarmen txikitu dira, eta etxebizitzaren kostuek eta erregaiek, berriz, gora egin dute. Jendeak ez dauka konfiantzarik kontsumitzeko.
Zeintzuk dira une honetan dituzuen erronka nagusiak?
Herritarren diru sarrerak handitu behar dira, jendea kontsumitzen hasteko, bizitza normalera itzultzeko.
Baina inork ba al dauka hori lortzeko errezetarik?
Horixe da galdera nagusia. Austeritateak ez du laguntzen; ekonomia lurrera botatzen du. Mentalitate hori aldatu behar dugu. Gakoa da familien diru sarrerak handitzea, haiek konfiantza hartu eta kontsumitzen hasteko, eta ekonomiaren hazkundea bultzatzeko. Funtsean, soldatak igotzea behar da. Ohiz kanpoko etorkizuna litzateke Erresuma Batuarentzat prezioen igoeraren azpitik joatea.