Poliziaren esku segitzen dute Batasunaren buruzagiek

2007ko urriaren 6a
16:24
Entzun
Batasunaren Mahai Nazionalaren 23 buruzagiek Espainiako Poliziaren esku segitzen dute, dagoneneko Madrilen, guztiak ere inkomunikatuta. Espainiako Auzitegi Nazionalaren iturriaren arabera, bihar eramango dituzte Baltasar Garzon epailearen aurrera, 10:00etan hasita.

Herenegun gauen Seguran (Gipuzkoa) hasitako Batasunaren kontrako operazioa Garzonek aginduta ari dira egiten, eta epaileak auto judizialik atera ez duen arren, Efe berri agentziak iturri judizialak aipatuz zabaldu duen informazioaren arabera, Batasuna "berrantolatzea" leporatzen diete atxilotuei. Iturri horiek diote Seguran "berrantolaketa" horretarako bilera egitekoak zirela zioen polizia txostena jaso zuela epaileak eta atxiloketak egiteko agindua eman zuela. Berri agentziak zabaldu duenez, "momentuz" ez dute atxiloketa gehiago egiteko asmorik.

Herenegun gauean hasi zen operazioa. Espainiako Poliziak Joseba Permach eta Juan Joxe Petrikorena atxilotu zituen, Olaberriko (Gipuzkoa) Carrefour saltokiaren aparkalekuan. Seguratik zetozen, kultur etxean edukitako bilera batetik. Haiek atxilotzearekin bat, Segurako sarrera-irteera guztiak itxi zituen Poliziak, eta beste 21 lagun atxilotu zituen herritik ateratzen ari zirenean. Berri agentziek diotenez, Permachekin eta Petrikorenarekin bileran egon ziren guztiak. Kultur etxea ere miatu zuten.

Handik, Donostiako polizia etxera eraman zituzten atxilotuetako batzuk. Permach, Petrikorena, Juan Cruz Aldasoro, Rufi Etxeberria, Angel Mari Elkano eta Jean Claude Agerre bai gutxienez.

Goizaldera hasi ziren miaketekin. 05:30ak aldean Mikel Zubimendi bergararra bizi den Azpeitiko (Gipuzkoa) etxean izan ziren, eta ordubetez-edo etxea arakatu. Jendea bildu zen etxe aurrean Zubimendiri babesa agertzeko.

06:30ak aldean hasi ziren Bilboko miaketak. Aner Petralandaren, Ana Lizarralderen eta Ibon Arbuluren etxeak miatu zituzten, bata bestearen atzetik, 20 bat poliziak. Hiruren etxeen aurrean jendea egon zen babesa agertzen. Lekukoen arabera, Poliziak sarrera bortitza egin zuen Lizarralderen eta Arbuluren etxeetan. Jarrera lasaitu egin zuten gero.

Eguna argitzen zihoan bezala, gero eta miaketa gehiago egin zituen Poliziak. Esate baterako, 08:30ak aldera Zarauzko bere etxera eraman zuten Joseba Permach. Erdigunean dagoen kalea itxita eduki zuen Poliziak, eta 10:30ak aldean eraman zuten handik. Alde egiterakoan tentsio handia izan zen. Jende asko zegoen Batasuneko mahaikideari babesa agertzen, eta atxilotuaren arreba bere ondora joan zen, baina Poliziak indarrez apartatu zuen.

12:00ak aldean agertu ziren Usurbilera Espainiako Poliziaren sei furgoneta. Marisa Alejandroren etxea miatzera joan ziren, eta horretan aritu ziren 14:45 aldera arte. Jende ugari batu zen Alejandrori babesa agertzera, eta tentsio uneak izan ziren.

Horiez gain, Gipuzkoan Rufi Etxeberriaren, Imanol Iparragirreren, Xabier Albisuren, Iban Berasategiren eta Egoitz Apaolazaren etxeak ere arakatu zituzten, gutxienez.

Gasteizen Maite Diaz de Herediaren etxea ere arakatu zuten. Herritar ugari batu ziren han, eta Poliziarekin tentsio uneak izan ziren, batik bat Diaz de Heredia etxetik atera zutenean.

Arabako hiriburuko Salburua auzoan 10:00ak aldera agertu zen Polizia, Asier Arraizen etxea miatzera. Atxilotua bera eta haren bikotekidea aurrean zirela arakatu zuten etxea, eta hiru ordu eta erdi ingurura alde egin zuten. Kalean bildu zen jendearen eta Poliziaren artean tentsio uneak izan ziren.

Nafarroan Juan Kruz Aldasororen etxea miatu zuten goizaldean. Elizondora eguerdian joan ziren, Juan Joxe Petrikorena bizi den etxera. Bere bikotekidearen agenda barruan zuen kaxa handi bat eraman zuten bertatik, eta gauza pertsonalak hartzeko aukera eman zioten atxilotuari. Etxearen aurrean jendea pilatu zen atxilotuei babesa agertzeko, eta haietako batzuek Poliziak kolpatu egin zituztela salatu zuten. Hango miaketak iraun zuen bitartean etxe azpian eduki zuten Patxi Urrutia, eta Amaiurrera joan ziren gero, haren etxea miatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.