Poliziek gaur ere ez dute aurkeztu Udalbiltza eta ETA lotzen dituen frogarik

2010eko uztailaren 23a
14:02
Entzun
Udalbiltzaren aurkako epaiketako atzoko saioaren ildotik joan da gaurkoa: akusazioaren lekukoek -poliziek- ez dute aurkeztu udal erakundea ETArekin lotuko lukeen frogarik. 2003ko operazioko miaketei eta deklarazioei buruz mintzatu dira, ustezko delituen argipenik eman gabe. Esan dute Udalbiltzaren funtzionamenduko paperak aurkitu zituztela, EHNA agiria tramitatzeko paperak... Karmele Urbistondo auzipetuaren etxean ETAren Zutabe aldizkaria topatu zutela adierazi dute poliziek, baina ziurtatu gabe aldizkaria harena zen.

Zortzi polizia izan dira gaur deklaratzen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Horietatik bi atzo ziren mintzatzekoak, baina ez ziren agertu. Ordubete baino ez du iraun saioak.

Irailaren 13an jarraituko du epaiketak, Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak gaur azaldu duenez. Ondorioz, sei egun atzeratu du iraileko lehen saioa, 7an zirelako egitekoak. Akusazioen lekukoen deklarazio txanda amaituko da irailaren 13an. Hurrengo egunean defentsaren lekukoek hitz egingo dute, irailaren 15ean froga perizialak izango dira. Hil bereko bukaeran segituko du epaiketak, eta urriaren erdialdera irakurriko dituzte aldeek ondorioak -Bermudezek ez du zehaztu eguna-. Epaiaren zain geratuko dira orduan.

Joan den ostegunean eta ostiralean -Udalbiltzaren aurkako epaiketako lehen bi saioetan- akusazioak auzipetuei egindako galderak ekimen, proiektu eta lan politikoei buruzkoak izan ziren, ustezko delitu zehatzen bat frogatzera bideratu gabe. Hain zuzen, Fiskaltzak eta Dignidad y Justicia herri akusazioak 21 auzipetuei alkate eta zinegotzi ziren garaian Euskal Herriko instituzio bat sortu eta haren bitartez nazio eraikuntzan saiatzeagatik ETAko kide izatea egozten diete baina, oraingoz, halakorik ez dute erakutsi.

Auzipetuek berretsi zuten Udalbiltza ez dela ETAren eta Ekinen menpe aritu. "Udalbiltzaren lana beti gardena eta publikoa" izan dela ere azpimarratu zuten. Akusazioen "zorroztasun falta" eta "gezurrak" salatu zituzten, bide batez. Udal erakundea Euskal Herriaren aldeko proiektua dela nabarmendu zuten eta sekula ez dela ideologia bati mugatua egon; "areago, pluraltasuna mantentzen sutsu saiatzen da, sigla politikoen mugak gaindituta".

Fiskalak eta Dignidad y Justiciak 10 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte auzipetuentzat.

Bermudezez gain, Manuela Fernandez Prado eta Javier Martinez Lazaro epaileek osatzen dute epaimahaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.