Popo Larre, 20 urtez desagertua

2003ko abenduaren 5a
15:31
Entzun
EZ HIL, EZ BIZI, DESAGERTUA

Jean-Louis Larre 'Popo' heletarra eta IK-ko kidea duela hogei urte desagertu zen Landesetan, Poliziarekilako tiroketa baten ondorioz

Eneko Bidegain

Batzuk bestan ziren, Baionan. Handik kilometro batzuetara tiro hotsak entzun ziren Leonen, Landesetako kanpaleku batean. 1983ko agorrilaren 7a zen. Jendarme bat gorpu, bertze bat zauritua eta hiru edo lau ustezko IK-ko kide ihesean. Handik laster jakin zen batek ez zuela bertzeekin batera ihes egin. Jean-Louis Larre Popo oinez abiatu zen oihanean gaindi. Bertzeek jendarmeen autoa ebatsi zutenÉ Geroztik, Poporen berririk ez. Hogei urte iragan dira eta misterioak berdin jarraitzen du.

Ttotte Etxebestek Larreren adin bera zuen tiroketa gertatu zelarik, hogei urte. Tiroketa hartan parte hartzeagatik epaitua izan zen, 2000ko martxoan. 1983ko uztailean sartu zen sasian, Popo Larre bezala. Tiroketatik landa, IK-ko kideak kezkatzen hasi ziren. «Zenbait denboraren buruan ikusi genuen ez zela gehiago agertzen IKren gordelekuetan. Orduan erabaki zen talde bat osatzea Popo berriz aurkitzeko» azaldu zion Etxebestek Berriari. Landesetan gaindi ibili ziren militante gaztearen bila. Baina arrastorik ez. «Klandestinitate neurri anitz gainditu genituen, militante batzuk erretzeko arriskuan ezarriz». Hala ere bilatzen jarraitu zuten, tiroketa gertatu zen lekuaren inguruetan. Hango jendeekin solastatu ziren, zerbait ba ote zekiten jakiteko. Baina emaitzarik ez.

Nafarroan gaindi ere ibili ziren, Larrek «harreman handiak» baitzituen Baztan aldean, baina baita Iruñean eta Erriberan ere. Han ere, Poporen berririk ez. Hirugarren bide baten bila abiatu ziren. «Popok zaletasun handi bat zuen zaldiekin. Harremanak bazeuzkan Irlandan» gogoan du Etxebestek. Ondorioz, Irlandara ere taldetxo bat igorri zuten. Han ere, Poporen seinalerik ez.

IK-koak beren kidearen bila zebiltzan bitartean, Poporen lagunen artean ere kezka bizia zabaldua zen. Oinez ihes egin zuen bakarra zela jakina zen. Eta haren berririk ez. Menane Oxandabaratz Poporen lagun min bat zen, garai hartan antzerki talde berean ari ziren. «Gure artean mintzo ginen, gure sentimenduekin. Izutu eta gorde da, baina berriz agertuko zaigu», komentatzen zuten. Baina ez zen agertzen. Eta emeki-emeki «eta zerbait gertatu balitzaio?» galdetzen hasi ziren.

Hipotesiak

Hogei urteren buruan, oraino emozio handiarekin mintzo da Menane Oxandabaratz, Poporen kasua aipatzean. Eskuarekin papoa hunkitzen du, emozio horren eraginez. «Izugarri sentimendu bitxia da. Norbait hiltzen bada, ehorzketara goaz eta badakigu non den. Herritik joaten bada, haren berriak baditugu. Baina kasu honetan, ez da ez bat eta ez bestea. Desagertua da». Oraino ere, «erranaldi bat» edo gertakari bat nahikoa zaio, Popo gogora ekartzeko. Aurtengo Makeako bestetan, gazteek Xirrixti Mirrixti antzerkia taularatu dute, Popo desagertu zelarik, Oxandabaratzerekin batera antzesten zuten hura bera. Oro har, ia denek hiltzat ematen dute. Baina hori, «hipotesia bat baizik ez da» dio Oxandabaratzek.

Hipotesia horri ematen zaio sinesgarritasun handiena. Nahiz eta Larreren amak urte luzetan semea oraindik bizirik zegoen esperantza agertu, lagunak konbentzituak dira hilik dagoela. «Ezin nuen sinetsi eskapatu zela» dio Oxandabaratzek. «Ama izugarri maite zuen». Etxebestek ere gauza bera dio. «Ikusiz nola lotua zen bere familiari eta lagunekiko zer atxikimendua zuen, inoiz ez berri bat ematea ez da posible».

Etxebestek Baionako orduko epailearen portaera salatu du. «Amari gezurrezko informazioak pasarazten zizkion, baizik eta ikusia izan zela Baztan aldean, Baionako bestetanÉ». IK-ko sasitar ohiaren ustez «bitxi da horrelako lan zikin bat egitea, familia hausteko». Etxebestek gogoan du, gainera, 2000ko martxo- an, Filipe Bidart eta Gabi Mouescarekin batera, Leongo tiroketaren auzia hasi aitzin, Frantziako Le Point

aldizkarian agertu zen artikulua. Haren arabera, Larre bizirik zegoen eta hainbat xehetasun eman zituzten haren bizimoduaz, besteak beste Ameriketan bizi zela, DSTa (Frantziako zerbitzu sekretuak) haren bila abiatu zela eta ihes egin zuelaÉ Etxebestek bitxikeriatzat jo zuen artikulu hura «justu memento hartan ateratzea».

Susmoak Poliziaz

Akusatuek bere aurkako auzia Frantziako Poliziaren aurka itzuli nahi izan zuten. Auzi hari eman zioten helburua Jean-Louis Larre zer bilakatu zen jakitea zen. IK-k Frantziako Poliziari leporatu zion Popo aurkitzea, hiltzea eta gorpua desagarraraztea. Agiria 1984ko martxo hasieran atera zuten, Didier Lafitte IK-ko kidea Poliziak tiroz hil eta zenbait egunetara. Leongo auzian ez zen argitu Popo zer bilakatu zen.

Garai hartan inkestaz arduratzen ziren poliziek ez zuten argitasunik eman. Gerard Fabriece Baionako Polizia Judizialeko garai hartako ikerketa buruak aldiz deserosotasuna agertu zuen. «Ez da ekintzarik zuzendu zehazki Jean-Louis Larreren bilatzeko» aitortu zuen azkenean. Komandoa aurkitzen ahalegintzeko dispositiboa tiroketatik hamar minutura ezarri zuten. Iolanda Molina abokatuak galdegin zion ea oinezko batek hamar minutuz halako sare bati ihes egin ziezaiokeen. Fabriecek aitortu zuen «sarerat ere eror zitekeela».

Fabriecek Larre «komandoko elementu ahul» gisa aurkeztu zuen ondotik. «Larre zen gertatu zenaz errazkienik damu zitekeena eta bere lekukotasunek zitzaketen IK-ko kideak kaltetu» adierazi zuen. Yann Choucq abokatuak galdegin zion ea Larre jadanik galdeketatu zuen. Ezetz erantzun zion. «Beraz, zer dakizu ahulena zela?». Frederic Denis jendarmeriako koronelak erantzun adierazgarria eman zuen auzi hartan : «Nik ez dut Larreren gorpua gorde».

Ttotte Etxebestek uste du Poliziak aurkitu eta hil zuela. Galdeketatu eta torturatu zuten hipotesia ere ez du baztertzen. Andde Sainte-Marie Popo Larreren auzo herriko lagun mina ere horretaz konbentzitua da. «Edozein zentzudunek badaki, jakinez Frantziako Poliziak zer neurri ezarri zuen, zaila zela handik bizirik alde egitea», dio ABko oraingo bozeramaile ere badenak. «Frantziako Poliziak lan zikina garbiki egiteko gaitasuna du», hots arrastorik utzi gabe.

Etxebestek garai bertsuan Guy Orsoni militante korsikarra desagertu zela oroitarazi zuen. Haren berririk ez dago. Lagunek Polizia eta zerbitzu sekretuak akusatzen dituzte. «Aljeriako gerra denboran, Frantziak ez zuen lotsarik izan aljeriarrak garbitzeko eta desagerrarazteko». Sainte-Mariek Lasa eta Zabala ere gogoan ditu. Konbentzitua da, noizbait, Larreren kasuan ere egia jakinen delaÉ

 

P DUMONT KASUA

Ezezagun baten gorpua hilobian

«Hilobian dagoen gorpua ez da gure semearena». Germain eta Yvonne Dumontek betidanik ukatu dute beren semearen gorpua dela 1983an ehortzi zutena. Landesetako senar-emazte hauek 1983ko agorrilaren 23an galdu zuten beren semearen berri, honek etxetik ihes egin ondoan. Lau egun geroago, hondartzan gorpu bat agertu zen. Amak ez zuen bere semea ezagutu. Baina forentseen eta Poliziaren «presiopean» gorpua haien semearena zela izenpetu zuten, 2000ko auzian salatu zutenez.

Dumont familiak eta Larreren abokatuek hilobi hartan dagoen gorpuaren ADN azterketa baten burutzea eskatu zuten auzian. Eskaria ukatu zitzaien. Azterketarekin jakin ahal izanen lukete gorpua Dumontena, Larrerena edo beste batena den. «Gure semeak hamabost urte zituen. Gorpu hori mutiko helduago batena zen». Hortzen eta odolaren azterketak ez ziren semearekin konpatibleak. Gainera, gorpu hark hilik lau egun baino gehiago zeramatzala ere uste du Yvonne Dumontek. Begiak falta omen zituen eta gorputzeko bertze zati anitz arras andeatuak omen zituen.

Beren semea bizi zen susmoak indartu zitzaizkien, hala ere. 1985ean haren telefono dei bat jaso omen zuten. 1988an, aldizkari pornografiko batean haren semearen argazkia ikusi omen zuten.

 

 

zSoslaia

jean louis larre popo

IK-ko kide desagertua

Dantzari eta antzerkilari

Xirrixti Mirrixti. Piarres Larzabalen antzerki obra horrek arrasto anitz utzi zuen. Ez bakarrik Ipar Euskal Herriko antzerki amateurraren hastapen berri baten sinbolo delako. Popo Larre jokalari izan zen, 1983ko uda hartan, eta haren umoreak bati baino gehiagori utzi zizkion oroitzapenak.

Menane Oxandabaratz ere talde berean ari zen. Poporen «xarma» gogoan du. Besta egile handia zen, «komunikazio handia zuen jendearekin, errespetatua zen». Herria maite zuen eta herriak maite zuen gizon gazte gisa aurkezten dute lagun guztiek. Baigorriko dantza taldean ere aritu zen.

Andde Sainte-Marie Larreren garai bertsuan eta modu bertsuan sartu zen militantzian. «Engaiamendu politikoa kulturatik hasten zen. Gure belaunaldia engaiamendu bazen ere politikoki, ez zen baitezpada oinarri politikotik abiatu, baizik eta kulturaletik» oroitarazi du. «Kultura ikuspegitik nabari zen herri zati honek jasaten zuen itotzea. Ikusmolde horrek zituen ekarri gazte batzuk aitzinago joatera, politikoki eta politiko armatuki». Popok ere bide hori segitu zuela azaldu du Sainte-Mariek.

Ttotte Etxebestek sasitar lagun gisa ezagutu zuen Popo. Besta egitea gustatzen bazitzaion ere, «seriotasun handia zuen. Euskal Herriak bizi duen egoerak biziki hunkitzen zuen». Azkenean Iparretarrak erakundean sartu zen. «1983ko ekainean militante batzuk klandestinitatean sartzeko erabakia hartu zuen IK-k» gogorarazi du Etxebestek. Larrek bide hori hautatu zuen uztailean. Hilabete lehenago atxilotua izan zen, jendarme batzuei armak eta autoa ebastea leporatuz. Baina aske utzi zuten.

 

IK-ren kontrako azken auzira deitu zuten

Leongo afera izenarekin ezagutu zen hamazazpi urte eta gero, 2000an, Jean Louis Larre Popo desagertu zen tiroketan ustez polizia autoa ebatsi eta alde egin zuten IK-ko kideen kontrako auzia. Popo ere deitua izan zen epaiketara. Polizia bat hiltzea leporatzen zioten Filipe Bidarti eta hari laguntzea, berriz, Gabi Mouescari eta Popori. Totte Etxebesteri alta, autoa lapurtzea eta armak eta lehergaiak garraiatzea egozten zioten. Azkenean, Bidarti hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Mouescari hamabost urtekoa. Egun, Bidartek soilik jarraitzen du espetxean. Iparretarrak erakundearen kontrako azken auzia izan zen hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.