Mariano Raxoi PPko presidenteak bost proposamen egingo ditu Espainiako Kongresuan, "ETA garaitzeko" asmoz. Haietako bat, "garrantzitsuena", EHAK legez kanpo uzteko prozesua hastea da. "Izen hori erabiliz, Batasuna hurrengo hauteskundeetan izatea saihestu behar da", esan du Raxoik.
Beste lau ekimenak: Espainiako Gobernuak Estrasburgoko Auzitegiari esan diezaiola Batasuna legez kanpokoa izaten segitzeko "arrazoiak" ez direla aldatu; Gobernuak Fiskaltzari agindu diezaiola Egunkaria-aren kontrako auzian ahozko epaiketa hastea eta "zigorrik handienak" eskatzea; Fiskaltzari agindu diezaiola Batasunaren ekimen "denak" jazar ditzala, alderdi horrek "normal" funtziona ez dezan; eta Espainiako Kongresuak atzera bota dezala 2005eko maiatzean onartutako ebazpena (Kongresuak Gobernuari baimena eman zion indarkeriarik gabeko egoeran ETArekin hitz egiteko).
PPk neurri horiek denak Itun Antiterroristaren bileran defendituko dituela esan du Raxoik. "Gobernua ohartzen bada egindako akatsez, aukera paregabea izango du terrorismoaren kontrako borrokan adostasuna berreskuratzeko".
PPk bost ekimen proposatuko ditu Kongresuan, "ETA garaitzeko"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu