Presoaren inguruko erabakia ez dela "zuzenena" iritzi dio Patxi Lopezek

2007ko urtarrilaren 26a
13:26
Entzun
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia ez dator bat Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak Iñaki de Juana presoari buruz atzo hartutako erabakiarekin; hau da, De Juana etxera zaintzapean eramateko aukera atzera botatzearekin. "Onartzen dut erabakia, baina gertakari guztiak kontuan hartuta ez dut uste zuzenena denik", esan du Antena3 telebista katean egin dioten elkarrizketan.

De Juanak egin zituen hilketengatik ezarritako zigorra osorik bete duela nabarmendu du Lopezek, "gustuko izan edo ez, eta orain behin-behinean dagoela preso eta haren kontrako epaia ez dela irmoa. "Gose greban 75 egunetik gora egin ondoren haren bizia arriskuan dago, eta bada neurri bat -espetxe arindua- ez dena aske uztea; ez duena esan nahi Zuzenbide Estatuak preso baten aurrean irmotasuna galtzen duenik. Neurri horrek, ziurrenera, egun arriskuan dagoen bizitza hori salbatu ahal izango luke". Gainera, zigorra irmoa ez denez, azkenean, Gorenak De Juana absolbitzea edo zigorra murriztea erabakiko balu, eta ordurako presoa hilda balego zer gertatuko litzatekeen galdetu du.

Espainiako Zuzenbide Estatuak ez duela "mendekua" bilatzen erantsi du Lopezek, eta, gainera, bere presoen bizitza babesteko obligazioa duela. Horregatik guztiagatik, Auzitegi Nazionalaren atzoko erabakia ez dela "zuzenena" berretsi du.

Fiskalaren eskaeraren kontra, De Juana orain arteko egoera berean mantentzea erabaki zuen atzo Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak. Hau da, ezezkoa eman zion etxera zaintzapean eramateko fiskalaren eskaerari. Zigor Salako 16 epailetatik 4k bakarrik bozkatu zuten presoaren egoera hobetzearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.