PSEko buruaren gogoeta su-etena publiko egiteari buruz

2010eko irailaren 7a
13:00
Entzun
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak honako gogoeta egin zuen Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak liburuan ETAren 2006ko su-etena publiko egiteari buruz (219, 220. orrialdeak):

---

Egigurenek ez du uste beste negoziazio prozesu bat egitea posible denik, edo ez duela uste esaten du behintzat, baina inoiz egingo balitz, bukatu berri den prozesutik ondorio argi bat atera du: su-etena publiko egitea kaltegarria izan zen; eraginkorragoa izango litzateke ETArekin su-etena isilpean hitzartu, baina su-eten iragarpenik egin ez. “Su-etenarena eta presidentearen adierazpenarena prentsan atera zirenetik, kazetari guztiek dena jakin nahi zuten. Uste dut hanka sartzea izan zela su-etena publiko egitea. Askoz hobeto izango zen ez su-etenik, ez adierazpenik ez beste ezer egin ez balitz. Segi negoziatzen beste pare bat urte, su-etenik gabe eta inolako deklaraziorik gabe, ea noraino heltzen ginen. Uste genuen izugarri azkarrak ginela eta, atzera begira jarrita, tentela izan behar da su-etena negoziatzeko, Gobernuaren adierazpena negoziatzeko… Horrek ez du ezer konpontzen! Baina nik orduan pentsatzen nuen su-etena lortzea zela arrakastaren gailurra, gero prozesua egin ahal izateko. Eta orain konturatzen naiz ez duela ezertarako balio su-etenak. Askoz errazagoa da lana egitea su-eten publikorik gabe, atentaturik gabe, isilpeko su-eten batekin. Uste dut hanka sartzea izan zela prozesuari oihartzun handi hori ematea, jendea alde jarri beharrean kontra jarri zuelako”.

Arazo larria izan zen, izan ere, prozesuaren kontrako jarrerak zer indar hartu zuen. Egiguren: “Uste nuen su-etena lortzen zenean eta informatzen zenean egoera nola zegoen, jendea lasaitu egingo zela eta mundu guztiak lagundu egingo zuela, baina gertatu zen kontrakoa. PP erabat kontra jarri zen, biktimak ere bai, epaileak Arnaldoren kontra hasi ziren… Prisa taldean [El País egunkaria, Ser irratia, Cuatro telebista…] eta abar ere ez zen inolako ulerkortasunik egon prozesuaren alde. Nire iritziz, su-etena lortu ondoren jarrerak gogortu egin ziren: epaileak, iritzi publikoa… mundu guztia. Egun batetik bestera pasa zen. Esaten dute leku guztietan gertatzen dela”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.