Salaketak

Sanferminak militartzen ari izana salatu du Askatasunak

2008ko uztailaren 8a
10:46
Entzun
Sanfermin jaien hasierako txupinazoan eta atzoko San Fermin eguneko prozesioan polizien presentzia "itogarria" salatu du Askatasunak, ohar baten bidez.



"2008ko Sanferminetako lehenengo bi egunetan Iruñean bizi izan dugun militarizazioa izugarria izan da: txupinazoan Foruzaingoak, Udaltzainak eta Espainiako Polizia Nazionalak udaletxeko sarrera guztiak hartu zituzten ikurriña eta presoen aldeko aldarrikapenak saihesteko. Eta prozesioan EspainaikoPolizia Nazionalak Kuria eta Mercaderes kaleetan izandako jarrera probokatzaileak izutu gaitu. 50 polizia inguru zeuden, kaskoak eta istiluen kontrako eskopetak eramaten, edonor beldurtzeko moduan", dio Askatasunak zabaldu duen komunikatuak.



Salaketak dioenez, sanferminetan "herritarren segurtasuna bermatzeko" 2.000 polizia zabalduko zituztela iragarri zuten agintariek. "Baina ikusten ari garenez, seguritatea baino, interes politiko batzuen alde ari dira polizia hauek. UPN eta PSOEren interesen alde, hain zuzen ere. Poliziaren presentzia itogarri honek beldurra eta tentsioa besterik ez ditu eragiten".

"Txupinazoan ikurriña eta bestelako aldarrikapenak ez egotea ez zuten lortu", eta prozesioan ehunka herritarrek Yolanda Barcina alkateari eta Santamaria udaltzainburuari "haietaz zer pentsatzen duten aurpegira esan" diete.

"Ez dute lortu aldarrikapenak izkutatzea ezta kritika politikoa ezabatzea. Beraz, argi eta garbi geratzen da estrategia hori antzua dela. Baina lortu egin dutena tentsio uneak sortzea da. Eta badirudi oraindik batzuk ez dutela deus ikasi duela 30 urte gertatu zenaz", segitzen du oharrak, 1978an Espainiako Poliziak German Rodriguez gaztea hil zuela gogorarazita.

"Gure ustetan, indar polizialen eta beraien arduradunen gainean geratzen da sortzen duten tentsioaren ondorioz gerta daitekeen ardura guztia. Ez dezatela giroa berotu eta utz dezatela pakean Iruñeako herria".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.