Santiago Larrazabal (Euskal Gaietako lehendakaria): "Europako Batzordeak, nola edo hala, zerga batasuna nahi du"

2008ko otsailaren 28a
10:52
Entzun
Santiago Larrazabal Euskal Gaietako presidente eta Deustuko unibertsitateko irakaslea baikor dago gaur egitekoa den auzi saioari begira. Azoreetako kasua ikusi ondoren, euskal eskubide historikoak errespetatzeko aukerak badaudela uste du. Hiru baldintzetako batean egongo dela «gakoa» haren arabera.

Luxenburgoko epaitegiak ebatzi zuen Azoreek ez zituztela betetzen zerga sistema propioa izateko jarritako hiru baldintzak. Zer gertatuko da euskal lurraldeen auzian?

Niri iruditzen zait betetzen ditugula Azore uharteei ezarritako hiru baldintzak. Hau da, benetako autonomia dugula, Gobernu zentralak gaiaren inguruko eskumenik ez duela, eta tipo baxuagoa izan arren ez dugula diru laguntzarik jasotzen estatuaren aldetik hori berdintzeko. Iruditzen zait erabakiaren gakoa hirugarren horretan egongo dela.

Alderdi batzuen arabera, Dependentziaren Legea bezalako neurriek sortutako gastuei aurre egiteko dirua Kupotik deskontatzea diru laguntzatzat har daiteke. Zer iritzi duzu horri buruz?

Nire ustez hori ajuste bat da. Ez dut uste horrek aurrez aipatutako hirugarren baldintza hori arriskuan jartzen duenik.

Zergatik egin du Europako Batzordeak euskal kontzertu ekonomikoaren aurka?

Nola edo ahala zerga batasuna nahi duelako Europa mailan.

Baina herrialdeen artean ez dago zerga arloko batasunik.

Europako Batasunak ez du eskumenik zerga zuzenetan, eta horregatik ezberdintasunei aurre egiteko konkurrentziaren bidetik jotzea erabaki du. Alemanian, Frantzian, Ingalaterran tipo ezberdinak dituzte eskubide osoz baina ezin du horren aurka egin ez duelako eskumenik, beraz lehiaren bidetik jo du. Momentuz herrialde txikiekin sartu da.

Zer gertatuko da Luxenburgok erabakitzen badu euskal fiskalitatea legez kanpokoa dela?

Galdu egingo genuke estatutik aparteko tipoak jartzeko dugun eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.