Allande Sokarros
Poesia gustuko omen du II. Mundu Gerraren ostean jazotako gerra krimen larrienetako erantzuletzat jotzen duten Radovan Karadzicek. Politikagintzan hasi aurretik, baina, psikitria alorreko medikuntza izan zuen lanbide. Kriminal zoro baten ibilbide odoltsua utzi du atzean, hala eta guztiz ere.
Bosniako serbiartasuna zaindu nahiaren aitzakian, basakeria handiak egin zituen musulman eta kroaziarren aurka. Balkanetako gerra amaitu eta urte gutxira independentzia lortu zuen Montenegroko Petnijica herrian jaio zen Karadzic, 1945ko ekainaren 19an. 1974tik 1975. urtera AEB Ameriketako Estatu Batuetako Columbia Unibertsitate ospetsuan egin zituen ikasketak. Medikuntzako psikiatria alorreko ikasketak, baina Sarajevo hiriburuko (Bosnia-Herzegovina) Kosevo erietxean amaitu zituen.
Jugoslavia federalaren desegite prozesua hasita zegoela, politikagintzan hasi zen, 1989an. Bosniako Alderdi Demokratiko Serbiarraren (SDS) sorreran parte hartu zuen. Bosniako serbiarren interesak babestea zuen helburu SDS alderdiak. Eginbide hori, mutur-muturreraino eraman zuen Radovan Karadzicek.
Nazioartearen babesean Bosniako musulmanek eta kroaziarrek independentzia aldarrikatu zuten 1992an; serbiarrek, ordea, independentzia nahiak itotzeko ahaleginak egin zituzten Karadzic buru zutela. Etnien arteko gerra piztu zen gutxira. Bosniako serbiarren buruzagia euren nagusitasunaren alde borrokatu zen. Ondorioa, garbiketa etnikoa izan zen.
Serbiarrak bizi ziren Bosniako lurralde guztietatik musulmanak eta kroaziar jatorrikoak haizatzeko agindu zuen Karadzicek. Egitasmo horretan, laguntzaile sutsu izan zuen Ratko Mladic jenerala; babesle nagusi, berriz, Jugoslaviako presidente kargutan jarri zen Slobodan Milosevic. Srebrenicako sarraskian ere parte hartu zuen Radovan Karadzicek.
Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak 1995ean akusatu zuen arren, Bosniako Errepublika Serbiarraren buruzagitza gorena 1996ko uztailean utzi zuen. Lekukoa hartu zion Biljana Plavsic anderea bera ere gerrako kriminaltzat jo zuen Hagako auzitegiak, eta 11 urterako espetxe zigorra ezarri zion. Zigorra Suediako espetxe batean betetzen ari da gaur egun Plavsic. Hamahiru urte ihesean egondakoari tokatuko zaio orain Justiziaren larderipean egon beharra.
SOSLAIA. Garbiketa etnikoa helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu