SOSLAIA: Ilargitik ultraeskuinera

2010eko apirilaren 12a
10:48
Entzun
Jakes Goikoetxea

Munduko agintarien hitz zurietatik eta hutsaletatik haratago, ultrakontserbadore, homofobo, polemiko eta euroeszeptiko hitzek laburbiltzen dute ondoen Lech Kaczynskiren (Varsovia, 1949) jarduna eta pentsamoldea. Homosexualak, komunistak, Alemania eta Errusia etsaitzat zeuzkan. Txikia izan arren, agerian geratzen zen nazioarteko topaketetan.

1962an, 12 urterekin, poloniarrak samurtu zituzten Lech eta Jaroslaw Kaczynski anaia bikiek, Ilargia lapurtu zuten biak filmarekin. Bertan bi anaia bihurrik aberastu egin nahi zuten, ilargia lapurtu eta salduta.

Ilargia utzi eta politikari heldu zioten, ordea. Elkar harturik ibiIbide oparoa izan zuten. Komunismoaren kontra aritu ziren, Langileen Defentsa Batzordean (KOR) aurrena, Elkartasuna (Solidarnosc) sindikatuan gero.

Lech Walesak (Elkartasuna) 1990eko hauteskundeak irabazi zituenean Lech Kaczynskik goi karguak izan zituen gobernuan; Justizia ministro ere izan zen.

Baina bi anaiak Lech Walesarekin haserretu ziren, eta alderdi propioa sortu zuten, Legea eta Justizia (PiS), 2001ean. 2002an Lech Varsoviako alkate aukeratu zuten. Debekatu egin zituen homosexualen harrotasun eguneko desfileak eta heriotza zigorraren alde ere hitz egin zuen.

2005eko abenduan hauteskundeak irabazi eta Poloniako presidente izendatu zuten. Kanpaina mezu populistetan oinarritu zuen. Eliza katolikoaren balioetan. Tradizioetan. Balio eta interes nazionaletan. Mezuek arrakasta izan zuten tradizionalisten eta nekazarien artean. Anaiek ilargia eskuratu zuten orduan: Lech presidente eta Jaroslaw lehen ministro izan ziren 2005ean eta 2006an.

Polonia garbitu egin nahi zuten, komunismoa eta homosexualitatea ezabatu: 700.000 poloniar behartuz ea erregimen komunistari lagundu zioten edo ez aitortzera (Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen egitasmoa) eta beren homosexualitatea adierazten zuten irakasleak kaleratuz.

Kaczynski bikiek iskanbila sortu dute Europako Batasuneko agintarien bileretan. Batzuetan eskatzen zuten Europan ere aplika zitezela Polonian proposatzen zituzten neurri ultrakontserbadoreak(abortua eta «propaganda homosexuala» debekatzea); besteetan, berriz, Europan onartutakoak Polonian ez aplikatzea.

Europako Oinarrizko Eskubideen Itunean salbuespen bat jasotzea lortu zuten: ondorioz, Polonian familia, moral publikoa eta osotasun fisikoa urratzeagatik zigortutakoek ez dute aukerarik izango Luxenburgoko epaitegira jotzeko. Alegia, Europan egonagatik, poloniarrei ez zaiela onartuko Polonian onartu ez den eskubiderik. Homosexualen eskubideen kontrako neurria da, neurri handi batean.

Bruselan, Lech «biki ona» zela zioten; Jaroslaw, aldiz, «biki gaiztoa». Lisboako Itunari buruzko negoziazio batean, 2007ko ekaineko goizalde batean, Lechek negoziatzen zuen Bruselan, baina aginduak Jaroslawek ematen zizkion, telefonoz, Varsoviatik. Lech Kaczynskik uko egin zion Lisboako Ituna sinatzeari eta urtebetez trabatu zuen onarpena. Iazko urrian sinatu zuen.

Kaczynski anaiek Europarik gabeko Europa nahi baitzuten neurri handi batean. Laguntzak bai, baina Europak onartutako eskubiderik ez. Ez behintzat Polonian onartuta ez bazeuden.

Lechek bere jarrera samurtu egin behar izan zuen azken urteetan, hauteskundeak liberalek irabazi zituztelako eta anaiak kargua utzi behar izan zuelako. Hala ere, iskanbila sonatuak izan zituen Donald Tusk lehen ministro liberalarekin. Lechek batzuetan uko egin baitzien Parlamentuak edo Gobernuak onartutako neurriak sinatzeari.

Konstituzioaren arabera, presidenteak lehen ministroak baino indar gutxiago du, baina funtzio garrantzitsuak ditu nazioarteko politikan. Horrek Tuski buruhauste ugari eragin zizkion.

2008ko urrian, esaterako, Radoslaw Sikorski Atzerri ministroak Kaczynskiri belauniko eskatu zion ez zedila joan Bruselan klima aldaketari buruz egitekoa zen goi bilerara. Kaczynski hegazkin ofizialik gabe utzi zuen, baina presidenteak charter hegazkin bat hartu zuen eta Bruselako bileran azaldu zen. Aulkia kendu zion Atzerri ministroari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.