Gaur hemen bildu garen alderdi politikook, bizi dugun larritasun egoeraren aurrean ondokoa agertu nahi diogu Euskal Herriko gizarteari:
Audientzia Nazionalaren debekua adierazpen askatasunaren eta biltzeko eskubidearen urraketa zuzena da. Eta gainera, Euskal Herria ukazio egoeran mantentzeko ongi diseinatutako Estatu estrategiaren baitan kokatzen dugunez, Abertzaleen Batasunak, Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak datorren larunbaterako Bilbon nazio manifestazioa egitera gonbidatzen ditugu Euskal Herriko herritar guztiak. Deialdia, arratsaldeko 17:30etan izango da Jesusen Bihotzaren plazatik, Dagozkien eskubideen jabe, Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean.
Indarrean dagoen espetxe politikak sufrimendu arrasto luzea utzi du Euskal Herrian. Milaka dira espainiar eta frantziar Estatuetako espetxetatik baldintzari kaxkarrenetan egon izan direnak. Euren eskubideak behin eta berriz zapalduak izan dira.
Sakabanaketa, Bizi Osorako Zigorra, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ez askatzea, isolamendua, bakartzea, mehatxuak, kolpeak, irainak, jipoiak, komunikazioen bortxaketa etengabea edo leku-aldatze erabat arbitrarioak eguneroko ogia dira euskal preso politikoentzat.
Guztiok dakigu senideek bizi duten errealitatea ere, gero eta gordinagoa bilakatzen ari dela. Beraien aurkako erasoek gora egin dute azken hilabeteetan. Kontrolak bidaietan, mehatxuak, irainak, beraien senitartekoen argazkiak erakusteko debekua eta azkenik espetxeetako atarian pairatuarazi nahi dieten tratu umiliagarria eta ez legala “katxeo por palpacion”. Guzti hau gutxi balitz, asteburuero milaka lagun heriotzaren korridore etengabe batetan sartzen ditu sakabanaketak. 40 minutuko bisita bat egiteko, edozein errepide bazterretan bizitza galtzeko arrisku bizian.
Egoera honekin amaitzeko garaia da. Euskal jendarteak egunerokoan ematen direnoinarrizko eskubide urraketa hauekin amaitu behar du. Guztion artean izugarrizko elkartasun uholdea eraiki behar dugu urraketa guzti hauekin amaitzeko.
Argi utzi behar baitiegu euskal preso eta euren senide eta lagunen aurka jotzeak, euskal jendartearen bihotzaren aurka bete betean jotzea suposatzen duela.
Guztion artean, guztiok konpromezuak hartuz helduko da indarrean dagoen espetxe politika kriminalaren amaiera. Goazen bada, elkartasun uholde hori indartzera.
EA, ezker abertzalea, Aralar, Alternatiba eta ABren manifestua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu