JOAN MARI TORREALDAIren deklarazioa

2009ko abenduaren 15a
20:22
Entzun
18:42an hasi eta 19:55ean amaitu du deklaratzen Joan Mari Torrealdaik eta, orain arte deklaratu dutenek bezala, Dignidad y Justicia eta AVTren galderei ez diela erantzungo adierazi du; akusazioek galderak irakurri dituzte. Fiskalak hari ere ez dio galderarik egin eta defentsarenei erantzuteari ekin dio Torrealdaik.

Torturak

Atxiloaldian torturak jasan zituela azaldu du eta, ondorioz, urtebetez tratamentu psikologiko jarraituan egon behar izan zuela. Gerora, medikura aldiro joaten jarraitu behar izan zuela.

Egunkaria Sortzen

Egunkaria Sortzen plataforman sartzeko erabakia, Karlos Santamaria eta Martin Ugalde horretan zebiltzala jakitean hartu zuela adierazi du. “Biak aspalditik ezagutzen nituen, oso euskaltzale eta humanista ziren”. Haien soslaiak erraztu zuen Torrealdairen atxikimendua, honek esan duenez.

Egunkaria Sortzen bateragilea, zabal eta irekia zela azaldu du Torrealdaik. Independentea ere bazela, eta horrek "obsesionatu" egiten zuela adierazi du, alderdi eta instituzioekiko independente izateak bereziki kezkatzen zuela. "Oso plurala zen Egunkaria Sortzen. Ideologia ezberdinak zeuden”. Gainera, aniztasun hori oinarrizkotzat zutela dio, eta hala ez izatea ez luketela onartuko.

"Kanpoko esku-sartzerik egongo balitz, ez ginatekeen proiektu horretan egongo. Adin eta ibilbide honekin, ez gaude jolaserako", esan du.

=b'Egunkaria'-ko lehen zuzendaria=b

Egunkaria-ren lehen zuzendaria aukeratzeko, eskuartean hamasei proposamen izan zituztela kontatu du. Aukeraketa ez zela bat-batekoa izan gaineratu du eta, hasiera batean, zuzendari Joxerra Garzia izango zela pentsatu zutela. Beraz, “zentzugabekoa da esatea guk esan genuela Garzia ez zela egokia", esan du; “guk proposatu genuen!".

Erantzuna ematea asko kostatu zitzaion Garziari, Torrealdaik gaur esan duenez, eta azkenean ez zuela onartu. Horregatik, Pello Zubiria hautatu zuten zuzendari, beste proposamen batzuen ezezkoaren ondoren, Torrealdairen esanetan, eta aukeraketa horretan ere ETAk ez zuela zerikusirik izan berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.