MARTXELO OTAMENDIren deklarazioa

2009ko abenduaren 15a
18:57
Entzun
Hirugarrena izan da deklaratzen Martxelo Otamendi. 17:18an hasi da eta 18:23an amaitu du. Beste bi auzipetuek bezala, ez die akusazioen galderei erantzun; akusazioek orduan, aurreko bi kasuetan bezala, prestatutako galderak irakurri dituzte.

Fiskalak, aurreko kasuen gisara, ez dio galderarik egin Otamendiri.

Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzuten hasi da Otamendi eta egun BERRIAko zuzendari dela azaldu du. Egunkaria-ko zuzendari izan zela aurrez, 1993tik 2003ra. Lehenago, ETBn lan egin zuela kontatu du eta aurretik euskara irakaslea izana dela. Hainbat hedabidetan ere kolaborazioak egin izan dituela adierazi du, eta Euskadi Irratian eta Egin-en aritua zela 1983 eta 1986 urte bitartean. Adierazi du hori ez duela sekula ezkutatu nahi izan.

Torturak

2003ko otsailaren 20an atxilotu zutenean eta bost egun inkomunikatuta izan zutenean, torturak jasan zituela azaldu du. Hiru egunez zutik eduki zutela etengabe, paretaren kontra, eseri edo lo egiteko aukerarik gabe. Ia kordea galdu arte flexioak egitera behartu zutela guardia zibilek. Biluzik izan zutela, eta zerbaitekin ukituak egin zizkiotela ipurdi aldean. Begiak kaputxaz estalita izan zituela kontatu du. Buruan burdinezko gauza bat jarri ziotela, eta 'klik' entzun zuela, tiro hotsa irudikatuz. Jarraian, eskumako eskuan pistola jarri ziotela kontatu du. Irain eta eraso homofoboak egin zizkiotela ere bai. Auzi medikuari torturak kontatu zizkiola esan du, eta egunak joan, egunak etorri kasurik egiten ez ziotenez, bere burua zauritu zuela ia.

Bere lagunak atxilotu eta galdekatuko zituztela ere sinestarazi ziotela azaldu du Otamendik, deklarazioa egitean ahotsa eteten zitzaiola.

=b'Egunkaria’ garaia=b

Egunkaria-n askatasun osoz aritu zela azaldu du. Ez ETAk, ez KASek, ez beste inork ez ziola inoiz agindurik eman. "Sekula ez da halakorik izan, eta ez nuke sekula onartuko, gainera", adierazi du epailearen aurrean. ETAk aginduak ematen zizkiola esateak "ez du inolako zentzurik". ETArekin, kazetari lanean egindako elkarrizketez aparte ez duela inolako harremanik izan nabarmendu du.

Kazetara ETAren agiriak iritsi ziren guztietan argitaratu zituztela azaldu du Otamendik eta ez zutela irizpidea sekula aldatu. Hori, agiriak jaso dituzten hedabide guztiek egiten dutela azaldu du. izan ere, interes informatibo handikoak direla eta, beraz, normala dela.

Areago, agiriak iristen direnean, gainontzeko hedabideek horien edukien eske deitzen dutela azaldu du Otamendik. Nazioarteko hedabide batek agiria itzulita igortzeagatik ordaindu zuela ere bai. "Ez dut ezagutzen hedabiderik ETAren agiriak jasotzeko interesik ez daukanik".

Lanean askatasun osoz aritu zelako oso gustura aritu zela eta horixe dela gehien eskertu izan duena. "Ez dakit lanerako horrenbeste askatasunik duen hedabiderik baden", esan du Otamendik Egunkaria-ri buruz.

Ildo editoriala

Egunkaria-ren lerro editorialari buruz galdetu dionean defentsak, "plurala, irekia, euskaltzalea, independentea eta profesionala" zela esan du. "Egunkari ona egin behar genuen. Euskarazko egunkari bakarra izango zen, lehena, eta ezin genuen edozer gauza egin. Ona izan behar zuen". Horretan saiatu zirela nabarmendu du eta "euskaraz irakurtzeko ahalegina egiten zuen oro eroso" egotea zen Egunkaria-ren helburua.

“Euskarazko egunkaria egiten genuen; hori bakarrik, edo hori guztia, ez baita erraza hizkuntza gutxitu batean eguneroko ona egitea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.