Soslaiak. Cameron, Clegg, Brown

2010eko maiatzaren 6a
09:52
Entzun
DAVID CAMERON (Alderdi Kontserbadorea). Kontserbadoreen ikuspegi berritua

Alderdi Kontserbadorea buruzagia hautatzekotan zela hitzaldi bikaina egin zuela aitortzen diote alderdiko arerioek, esperientziarik gabeko diputatu gazteegia dela dioten horiek berek. Izan ere, David Cameronek (Londres, 1966), zerbait badu, hitz-jarioa du. Alderdiari itxura gazteagoa ematen lagundu dio. Aukeratu zutenetik, laboristen gainbeherari probetxua ateratzen jakin du. Hala ere, Gordon Brownen ordezkoaren irudia arrakastarekin landu badu ere, Nick Cleggek itzali egin du kanpainan, ustekabean.

Eskola onenetan hezia da, eta filosofia, politika eta ekonomia ikasi zituen. Jatorriaren pribilegioak ezkutatu egiten ditu, klaserik apalenetakoen botoak eskuratzearren, baina, era berean, ezkutaezina egiten zaio moduetan. Notting Hillen auzo dotorean du etxea, eta emaztea Bond Streeteko denda baten jabe eta diseinatzailea da. Ekologista dela erakusteko, bizikletaz joaten da lanera, baina bizkartzainek autoz jarraitzen diote.

John Majorren kanpainan lagundu zuen 1992an, eta alderdia berritu izana du meriturik handiena, abortuaren eta homosexualitatearen kontrako jarrera hertsia aldatu izana. Horregatik, pozik utzi nahi izan ditu atzerakoi eta antieuropeistenak ere, Estrasburgon eskuin muturrarekin elkartuta. Europako Batasunaren inguruan defendatu duen jarrera ere oso kritikoa izan da, eta irabaziz gero erreferendumean Europako parte-hartzeaz galdetzeko aukera ere zabalik utzi izan du.

NICK CLEGG (Alderdi Liberal-Demokrata). Ezustean, areriorik handiena

Ingelesen estiloko Obama dela ere esan dute jarraitzaileek. Besterik ez bada, iristeko modua dute antzekoa. Bat-batean, eta sekulako indarrez, krisian den herri bat altxatzeko gaitasuna ikusi diote eszeptiko askok. Konbentzitzeko gaitasuna dauka, eta karisma.

Nick Cleggek (Chalfont St Giles, 1967) antropologia soziala ikasi zuen, Cambridgen. Gradu ondoko ikasketak politikari buruz egin zituen, AEBetan, eta harreman europarrei buruz Belgikan. The Guardian -ekin kolaborazioak egin zituen, eta Finantial Times-ekin hainbat lan Hungarian. Europako Batzordean bost urtean lan egin zuen. Bera da hiru hautagaien artean Europaren aldekoena, libera euroarekin aldatu nahi izateraino.

2007tik da bere alderdiko burua. 1999an hasi zuen ibilbide politikoa, Europako Legebiltzarrean; liberalen bozeramaile ere izan zen merkataritza eta industria gaietan. Tarte bat hartu zuen politikan unibertsitate irakasle izateko, Sheffielden eta Cambridgen, eta Komunen Ganberarako diputatu hautatu zuten ondoren, Sheffielden. Bere alderdiaren bozeramaile izan zen, Europarako gaietan lehenik, eta barnekoetan gero.

Aurreko liberalen buruzagi Menzies Campbellek babestutakoa da, alderdiko eskuinekoenen ordezkaria. Arlo ekonomikoan eta fiskalean, kontserbadoreengandik gertu dago. Gizarte gaietan, berriz, ikuspegi zabala du. Egunkaria auzia-ren inguruko informazioa zuzenean jasotzeko interesa agertu izana da horren erakusle; Westminsterren auziko ordezkari bati harrera egin zion 2005ean.

GORDON BROWN (Alderdi Laborista). Hondoratu arte, itxaropentsu

Txantxak egiten ez dakiela diote; ezatsegina eta aspergarria dela, eta horrek ez dio lagundu jendearengana gerturatzen; alde, berriz, inoiz amore ematen ez duten horietakoa izatea dauka. Eskozian jaioa da (Glasgow, 1951), eta aita artzain protestantea zuen. Saiatua izatea harengandik datorkiola esaten du. Mendebaldeko ekonomiaren gainbeherari aurre egiteko bideez konbentzitu zituen AEBak eta Alemania, baina horrek ez zuen arindu etxean bultzatu duen politika ekonomikoan eragindako kaltea. Herritarrek urte askoan ordaindu beharko dituzte ondorioak, estatuaren esku-hartze izugarria bultzatzearen ondorioz.

2007an hartu zuen Tony Blairren postua, Ekonomia ministro zela, eta hasiera oso ona izan zuen, sinesgarria, baina ez zekien krisi ekonomikoa zein larria izango zen gerora. Bere buruzagitza etengabe eztabaidatu dute, baita alderdi barruan ere.

David Cameron kontserbadorearengandik hogei puntura ere egon izan da, eta Europako hauteskundeetan inoiz izandako emaitza kaskarrenekin erabat hondoratu zela zirudien, baita ustelkeriagatik bost gobernukidek dimisioa eman zutenean ere, bainaaurrera jarraitu du, eta egoerari aurre egiteko egokiena bera dela sinetsarazi nahian dabil, esperientzia alde duelako. Baina gehiegi iraun duela ere esaten dute, eta laboristek 1983az geroztik izandako emaitzarik kaskarrenak biltzearen erantzule izango dela.

(Soslaien egilea: Amagoia Mujika)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.