Soslaia. Ben Ali: kalean uso, etxean otso

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko urtarrilaren 15a
13:08
Entzun
Zine El Abidine Ben Ali militar eta ingeniariak (Susa, 1936) Gobernuan aldaketa "sakona eta erabatekoa" egingo duela esanez utzi du Tunisia, eskuzabal itxura eman nahian azkenera arte, batez ere nazioartera begira, baina Ben Alik ohikoa izan du jarrera irekia erakustea kontrakoa egin duen bitartean, azkenera arte. 1987an estatu kolpea eman zuenean ere, Habib Burguiba Tunisiako errepublikaren aldarrikatzailea estatu kolpez kendu zuenean, boterea hartu zuela esan zuen "zahartasunagatik eta osasun egoera larriagatik ezinbestekoa" zelako hura ordezkatzea. Hamahiru urte gehiago bizi izan zen Burguiba.

Dena dela, ongi hartu zuten Ben Aliren etorrera herritarrek, sistema politikoaren liberalizazioa ekarriko zuela pentsatuta, eta halaxe agindu zuen. Konstituzioa aldatu zuen sufragio unibertsal bidez presidentea aukeratu ahal izateko, eta bost urtean soilik gobernatzeko. 1989an botoen %99 jaso zituen oposizio oro kanpoan utziz, eta harrez gero 23 urte egin ditu boterean, presidenteen txandakatzearen defendatzaileak.

Urteotan disidentzia isilarazteko bide gogorrenak erabili ditu, internet eta komunikabide guztiak zentsuratu, bere nortasunaren inguruan sortuz Tunisiaren inguruko albiste oro. Kanpora begira, ordea, presidente fidagarriaren itxura eman du. Mendebaldeko potentzia gehienekin harreman ekonomiko garrantzitsuak izan dituela-eta haien oniritzia izan du, eta jakin du itxurak egiten.

Barrura begira, berriz, urteetan dirutza bere ingurura batuz joan da, bere emazte Leila Trabelsiren familiarengana, eta herria usteldua utzita atera dizkion etekinen aberastasunekin alde egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.