Hagako nazioarteko epaitegiak berak ere ez du kikiltzen Omar al Bashir Sudango presidentea. Haren aginduari iseka eginez egon da oraintsu Egipton, Eritrean, Libian, Qatarren eta Saudi Arabian. Darfurko herritarren aurkako erasoak zuzentzen dituela-eta Hagak hartutako erabakia "oinarririk gabea" eta "atzerritarren konspirazioa" dela esan izan du. Sudango armadak eta janjauid Gobernuaren aldeko miliziak milaka herritarren bortxaketa eta hilketak eragin dituztela ukatzen du, eta gerra eta gizadiaren aurkako krimenen erantzulea dela ezeztatzeaz gainera, "gezurtiak" dira, haren ustez, NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak.
NBEren arabera, Sudango presidentea Darfurko 35.000 pertsonaren hilketaren erantzule da, baita gosez eta gaixotasunez hil diren beste 300.000rena ere. Sudango Gobernuak datu horiek ezeztatu egiten ditu, eta hildakoen kopurua 10.000koa dela dio.
Ez du beldurrik presidenteak. "Nire herrian erabat seguru sentitzen naiz, eta, gainera, mesede egiten ari zait Haga, nire kontrako agindua eman zuenetik herritarren nireganako sostengua asko hazi baita". Oso seguru dago boterean jarraitzen duen bitartean ez dutela atxilotuko.
Boterean daramatzan hogei urteetan izan dituen oztopoak gainditzen badakiela erakutsi du. Gerra zibil luzea, AEBen bonbardaketak, nazioarteko zigorrak eta Darfurko sarraskia ditu bere atzean. 68 urterekin, jardun gogorra du, bere nortasuna bezalakoxea. Umoretsua dela ere esaten dute gertukoek. Diskurtso biziak hasi aurretik dantza pausoak emateko ohitura dauka, eta jaietan ere herritarrekin nahasteko eta dantzatzeko joera izaten du, txantxak egiten dituen bitartean.
Al Bashir harroa eta burugogorra dela ere esaten dute. "Iraunkortasuna, zuhurtzia, baina batez ere Jainkoaren laguntza" izan ditu iritsi den lekuraino iristeko. "Nire herria gidatzeko betebeharra Jainkoak jarri dit". Betebehar horrek gidatuta eman zuen estatu kolpea, 1989an, eta ordutik dago boterean.
Ikasketak akademia militarrean egin zituen; txikitatik miretsi izan du armada, eta horrez gainera, aukera gutxi zituen bestela, familia txiro batean jaio baitzen. Aire indarretako pilotu titulua jaso zuen lehenik, eta, ondoren, ofizial egin zuten Khartumgo akademian, 1966an.
Yom Kippurren gerran parte hartu zuen, Egiptoko armadaren ondoan, eta Sudanera itzulita, hegoaldeko matxinoen kontra aritu zen. Jeneral egin zutenean eman zuen estatu kolpea, 1989an, eta Legebiltzarra desegin eta botere guztiak bere gain hartuta, herrialdearen islamizazioari ekin zion. Erreformen ondorioz, SPLA Sudan Askatzeko Herritarren Armadarekin enfrentamendu gogorrak hasi ziren, bi estatu kolpe izateraino, 1990ean eta 1991n, baina haietatik indarberrituta atera zen. 1996an, bere boterea legitimatzeko bozak antolatu zituen, eta oposizioaren erabateko boikotari esker, botoen %70 lortu zituen. 2000ko bozetan, %80eskuratu zituen.
Bi emazte dauzka, eta seme-alabarik ez.
Soslaia. Jainkoaren graziaz betea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu