"Gaur hemen bildu garenok, sumario ezberdinetako auziperatuak gara edo izan gara. Epaituak izan gara edo izango gara. Espetxera eraman gaituzte eta eraman gaitzakete.
Gure delitua, euskal naziogintzan aritzea izan da. Lan soziala, lan politikoa, lan komunikatiboa, lan instituzionala, lan kultura, hizkuntzaren aldekoa... Eremu hauetan guztietan aritu gara azken urteotan eta horregatik epaitu, zigortu eta espetxeratu nahi gaituzte.
300 pertsona inguru gara jada, etenik ez duen erasoaldi politiko, judizial, polizial eta mediatiko honetan nahastu gaituztenak. Asko espetxe zigor luzeekin kondenatu dituzte, ugariak dira giltzapetu dituztenak, tortura kasu larriak ere izan dira tartean...
Zentzu honetan kezkaz begiratzen diogu etorkizunari. Herri honetan milaka lagun antolatuakgaude gaur egun zigortu, kriminalizatu eta “terroristatzat” jo dituzten mugimendu hauetan guztietan.Milaka gara espainiar konstituzioa ezbaian jartzen dugunak. Milaka pertsona gara han edo hemen zerbait ematen dugunok euskal nazioa eraikitzearen alde. Iritzia ematea, elkartzea, manifestatzea, errepresaliatuei elkartasuna adieraztea, hauteskundeetan instituzioetarako hautatua izatea, tortura salatzea, gazte problematika lantzea... guzti hau bilakatu dute delitu epaiketa handi hauekin. Guzti hau gogotik zigortzen ari dira epaiketa hauetatik ateratako sententzien bidez.
Kezkaz begiratzen diogu etorkizunari, espainiar gobernuak, indar polizial eta epaileekin eskuz esku bide honetan aurrera egiteko apostu itsuan jarraitzen duelako. Azken hilabeteetako gertaerek, erasoaldiaren bizkortze izugarria erakutsi digute. Operazio polizial eta judizial masiboak, legez kanporatze berriak, gazteen kontrako sorgin ehiza eta espetxe zigor izugarriekin errepresiorik basatienaren aldeko hautu argia egin du espainiar gobernuak.
Ondorioz Euskal Herrian terrorismoa presoen defentsan aritzea da, gaztetxeak eraikitzea, proiektu politiko independentista defendatzea, euskararen berreskurapenaren alde lan egitea, gure instituzio propioak eraikitzea... Erasoaldi honen atzean, sektore oso bat lan politiko, instituzional eta sozialerako inolako aukera eta eskubiderik gabe uzteko erabaki politikoa aurkitzen da. Eta erabaki hau ez da epaileena, gobernuan dagoen alderdiarena baizik.
Giza eskubideen legezko urraketa maila gorenera iritsi da Euskal Herrian. Euskal politikari batzuek, giza eskubideen urraketa legeak dionaren arabera baloratzen dute. Legeak giza eskubideak urratzen baditu, ez da salagarria. Gainera prest agertzen dira legearen izenean, askatasun eta eskubide demokratiko oinarrizkoenak urratzeko. Jarrera honek, bidea zabaldu dio azken hamarkadan Euskal Herrian salbuespenegoera berri bati. Demokrazia batean inolaz ulertu ezin diren eskubideen ukazioargiak, gero eta argiagoak, ireki diote bidea etengabe jazarpen egoera honi. Eta oinarrizko eskubide demokratiko hauen onarpen ezak gatazkaren luzapena baino ez dakarkio herri honi.
Demokrazia eta bere baitan biltzen dituen eskubideak aho batez aldarrikatuko dituen herri gisa agertzeko deia egiten dugu;iritzi eskubidea, bozka eskubidea, elkartzeko eskubidea,manifestaziorako eskubidea etaantolatzeko eskubidea besteak beste. Eskubide hauek modu iraunkor eta sistematikoan urratzeko Euskal Herriari begira mantentzen dituzten Auzitegi Nazionala eta lege bereziak desagertzea eskatzen dugu; alderdi politikoen legea, edota mugimendu sozial nahiz politikoak zigortzen dituzten epaiak besteren artean.
Errepresioaren aurrean protesta egitea zilegia bezain beharrezkoa dela deritzogu une honetan. Honela bada, dei bat luzatzen diegu euskal herritarrei datorren urriaren 4an Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko".
Sumario desberdinetako auzipetuen agiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu