Aitziber Laskibar - BILBO
«Hemen torturatzea libre da. Gu torturatu gintuztenak kalean lasai dabiltza eta gu kartzelara goaz berriz; kartzelaren tortura berriz bizitzera». Horrela mintzatu zen atzo Francisco Zabala ETAren Bizkaia komando-ko kide izatea leporatuta 1992. urtean atxilotu, handik bi urtera espetxeratu eta zigorraren erdia beteta kalera irten ziren sei bizkaitarren izenean. Izan ere, seiak berriro ere espetxeratzeko agindua berretsi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Eta hori, zigorra ezartzeko erabili zituzten frogak torturapean lortutako deklarazioak direla onartu arren. Epaiak jasotzen duenez, «badira delitua egon zela erakusten duten zantzu berriak». Hala, zigorra ezarri zitzaienean froga bakartzat atxilotuen deklarazioak zeuden arren, eta Bizkaiko epaitegiak zein Auzitegi Gorenak adierazpen horiek torturapean egin zituztela frogatutzat eman arren, Auzitegi Nazionalak ezarritako zazpi urteko espetxe zigorra osorik bete beharko dute sei zigortuek.
Horietako bi espetxean dira jadanik; Enkarni Blanco eta Josu Eguskitze Martutenen espetxeratu zituzten astelehenean. Gainontzeko laurak, Jose Ramon Larrinaga, Jabier Arriaga, Francisco Zabala eta Francisco Palacios, «egunotako batean» espetxeratuko dituzte, haien abokatu Jone Goirizelaiak aurreratu zuenez. Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorraren erdia betea zuten jadanik. Hala, orain, beste hiru urte terdi bete beharko dituzte espetxean. Auzi hau dela-eta, Bizkaiko Auzitegiak hainbat guardia zibil zigortu zituen atxilotuak torturatu egin zituztela frogatutzat emanda. Guardia zibil horiek, baina, indultua jaso zuten gero.Horregatik, «Espainiako zein nazioarteko legedia berriz urratzen ari dira», adierazi zuen Goirizelaia abokatuak. Izan ere, indarrean dagoen legediak baliogabetu egiten ditu torturapean jasotako deklarazioak; ez hori bakarrik, «inguruko prozesu guztia ere kutsatu egiten du», abokatuak azaldu zuenez. Horiek horrela, aurrekaria sortuko duen «aberrazio juridikoa» delakoan da abokatua.
Kasu honen nondik norakoak ikusirik, beraz, Goirizelaiak argi du Espainian ez dagoela «ez demokraziarik ez eta Zuzenbide Estaturik ere».
Errekurtsoa Estrasburgon
Jone Goirizelaiak Estrasburgoko Auzitegira eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordera eramango du kasua, Espainiako bide guztiak agortu baititu. Nolanahi ere, halako kasuak aztertzeko hiruzpalau urte behar izaten direla eta epaia kaleratzen dutenerako espetxeratuek zigor osoa betea izango dutelakoan da abokatua.
Haien tortura kasuen berri emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordera jo zuten atxilotuek, baina «kalean utzi gintuzten; ez gintuzten hartu ere egin», azaldu zuen Francisco Zabalak. Bizkaiko Batzar Nagusietan torturen gaia aztertzekoa zen plenora ere joan ziren, eta egoera azaltzeko aukera ukatzeaz gain, salaketa jarri zien epaitegian. «Tortura Batzar Nagusietan salatu nahi izateagatik salaketa jarri ziguten eta, ondorioz, beste epaiketa bat daukagu». Horregatik guztiagatik, euskal erakunde horien jarrera arbuiatu zuen Zabalak.
Presoak
«Torturatu gintuztenak absolbitu, eta gu berriro goaz espetxera»
1992an atxiloturiko sei bizkaitarren deklarazioak torturapean jaso zituztela frogatuta dagoen arren, Konstituzionalak espetxeratzeko agindua eman eta bi lagun kartzelan sartu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu