Aspalditik dator txetxeniarren eta errusiarren arteko gatazka. Izan ere, Errusiako inperioaren ametsetako bat zen hegoaldeko Txetxenia mendean hartzea, eta hamarkada askotako borroken ondoren, 1858an lortu zuen bereganatzea, Imam Shamilen erresistentzia garaitu ostean.
Baina txetxeniarren gogoan txertatuta zegoen berriro ere independentzia erdiestea, eta 1917ko Urriko Iraultzak sorturiko nahasmena baliatu zuten burujabetza berreskuratzeko. Ez zen luzerako izan ordea, 1922an, SESB Sobiet Errepublika Sozialisten Batasunak mendean hartu baitzuen.
Stalinen deportazioak
Bigarren Mundu Gerraren eta Nazien inbasioaren ingurumarian izan zuten txetxeniarrek berriro ere independentziarekin amesteko parada. BainaSESBko buru Joseph Stalin indartuta atera zen gerra hartatik, eta naziekin kolaboratu izana leporatu zien txetxeniarrei. Hala, Txetxeniako milaka bizilagun deportatu zituen Siberiara zein Asia erdialdeko errepubliketara. Handik urte batzutara, Khuxtxev agintera heldu zenean, izan zuten itzultzeko aukera.
1991an, Sobiet Batasuna erori zenean, Dzhokhar Dudaievek,Armada sobietarreko buruzagi ohi batek, lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi eta independentzia aldarrikatu zuen. Halaber, 1992an Konstituzio berria onartu zuen Txetxeniak zeinaren arabera estatu independente eta laikoa zen eta presidente batek eta legebiltzar batek gidatua.
Sobiet Batasunaren erortzea
Boris Jeltsin zen garai hartan Errusiako presidentea, eta ez zuen onartzen Txetxeniaren independentzia. Hala, 1994an, Errusiako Armada bidali zuen Jeltsinek independentistei aurre egitera. Hasiera batean, txetxeniarrak berehala hartuko zituztela mendean agindu zien Jeltsinek errusiarrei, baina txetxeniarren erresistentzia oso handia zen. Denbora askoan luzatu zen gerra, eta milaka lagun hil ziren, tartean, soldadu errusiar ugari. Hori dela eta, Errusiako iritzi publikoan gerra horren aurkako jarrera zabaldu zen, eta, azkenean, 1996an, bake hitzarmena adostu zuten Moskuk eta txetxeniarrek.
Hitzarmen horren arabera, autonomia zabala izango zuen Txetxeniak, baina independentziarik ez. Erresistentzietako buruetako bat, Aslan Maskhadov, aukeratu zuten txetxeniarrek presidente.
Nolanahi ere, gerrak erabat triskatuta utzi zuen Txetxenia. Gainera, Errusiak ez zuen egoera bere onera ekartzeko inbertsiorik egon, eta ingurumari nahasi horretan, nahasmena zabaldu zen: gerrako jaunak eta krimen organizatua indartu ziren, eta txetxeniarren eguneroko bizi baldintzak gero eta eskasagoak ziren.
Islamismoaren gorakada
Neurri baten testuinguru horrek lagunduta, mugimendu islamikoak sendotu egin ziren Txetxenian. Horrela, mugimendu horien presioen eraginez, hiru urteren buruan Sharia lege islamikoa indarrean jarriko zuela agindu zuen Maskhadov presidenteak 1999ko urtarrilean. Baina horrekin konforme ez, eta buruzagi islamistek dimititzeko eskatu zioten Maskhadovi eta beren gain hartu zuten estatu islamista bat sortzeko ardura. Hain justu, mugimendu horretako gerrillariak Dagestanen sartu ziren 1999ko udan bi errepubliken artean estatu islamista bat sortzeko asmoz, eta Errusiaren kontrako gerra santurako deia egin zuten.
Garai hartan Vladimir Putin Errusiako lehen ministroa zen, eta berehala mugitu zituen Errusiako tropak, eta bi asteren buruan Dagestango altxamendua mendean hartu zuen. Irail-abuztuan, ordea, Errusian atentatu andana izan zen —ehundik gora lagun hil ziren—, eta Putinen Gobernuak gerrillari txetxeniarrei leporatu zizkien.
Irailaren 11ren ondorioak
Errusiako Armada Txetxeniara bidali zuen berriro Putinek, eta beren mendeko gobernuak jartzeko eta sendotzeko hainbat saio egin dituzte. Dena den, borrokek —ez Txetxenia barruko enfrentamenduek, ez Errusiako atentatuek— ez dute etenik. Nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeek behin baino gehiagotan salatu dituzte errusiarrek Txetxenian egiten dituzten gehiegikeriak, baina Irailaren 11ko New Yorkeko atentatuen ondotik, asko apaldu da salaketa horien oihartzuna. Gainera, Moskuk "nazioarteko terrorismoarekin" eta Al Kaedarekin lotu du Txetxeniako erresistentzia, eta, ondorioz,mendebaldearen nolabaiteko babesa jaso du haiek zapaltzeko.
Joan den martxoan erreferenduma egin zen Moskuk antolatuta, eta herri galdeketa horren arabera, konstituzio berria onartu zuten txetxeniarrek. Konstituzio horrek autonomia ematen dio Txetxeniari, baina independentziarik ez. Oposizioa erreferendum horren antolaketa eta kanpainatik kanpo utzi zuen Errusiak.
Atentatua Errusian
Txetxenia eta Errusia, urte askotako gatazka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu