UCIren jomuga zen positibo eman aurretik

2007ko urriaren 22a
16:14
Entzun
Iban Mayo harrapatzea zen UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoaren helburuetako bat. UCIko kideek susmoak zituzten. "Gertutik zaintzen ari ginen txirrindularietako bat zen Mayo", adierazi zuen uztailean UCIko presidente Pat McQuaidek. Mayori odol analisi bat egin zioten Frantziako Tourra hasi baino lehenago, eta horren emaitza ezohikoa izan zen, UCIren arabera. Horregatik, igorreztarra estu hartzea erabaki zuten.

EPOrekin positibo eman zuen Mayok Tourrean uztailaren 24an egin zioten kontrolean. "Jendeak ulertu behar du, txirrindulariek ulertu behar dute, UCIren jokabidea beste bat dela egun. Odol analisiei esker gertutik zaintzen ditugu txirrindulariak. Eta Iban Mayo zen zaintzen ari ginenetako bat", esan zuen McQuaidek.

Odol analisietan nahiko erraz atzematen den substantzia da EPOa. 1998ko Frantziako Tourra desitxuratu zuen Festina afera ere EPO substantziak eragin zuen. McQuaid bera ere harrituta zegoen uztailean: "Harritzekoa da txirrindulari batzuek oraindik ere horrelako substantziak erabiltzea, kontroletan erraz atzematen dela dakite eta". Egoera "oso tristea" dela gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.