Udalbiltza Elkartasunaren adierazpena

2010eko uztailaren 12a
14:27
Entzun
Egun gutxi barru Egunkaria auziaren oso antzeko bati emango zaio hasiera. Antzekoa, akusazioaren hasierako izaeran; antzekoa, frogatzerako orduan akusazioak azaldutako gabezian.

Udalbiltza auziaz hitz egiten ari gara. Auzipetuak 22 dira denera, udaleko kargu publikoak, horretarako demokratikoki aukeratuak, lau alkate eta hamabost zinegotzi, baita ere beste hiru lagun, erakundearen egitura funtzionalari loturikoak.

Kasu honetan ere, testuinguru politiko jakinetik, bereizgarri ezagunak dituenetik, herentzian jaso dugun auzia dugu. Alegia, 2003. urtean ginen, PP gobernuan, Aznar buru, eta bultzada politikoa nabarmena zen euskal gatazkari begira oro har garatutako jardun judizial zabalean, bereziki Auzitegi Nazionaletik.Herentzia horren anakronismoa are nabarmenago gelditzen da aipatzen ari garen espediente judizial honetan.

Proiektuari berari buruz edo 2001ean gertatu zen zatiketaz egon daitezkeen iritzi ezberdinak gorabehera, nekez esan liteke Udalbiltza ez zela izan gure herrian eta mugaz gaineko Europan erro sakonak dituen mugimendu munizipalistatik abiatuta bakearen testuingurua sortu eta garatzeko ekimen politikoa, indar politikoek bitarteko soilik demokratikoekin jarduteko testuinguruaren aldeko ekimena, alegia. Proiektu horri bultzada ematen aritu ziren konbentzimendu osoz orain auzipean direnak, harik eta 2003ko apirilean atxilotu zituzten arte. Jarrera hori guztiz kontraesanean dago leporatzen dieten akusazioarekin.

Adierazpen honen xedea ez da Udalbiltzaren proiekturako atxikimenduak biltzea. Udalbiltzaren proiektuari buruz idatzi hau sinatzen dugunon artean iritzi desberdinak daude. Horien gainetik, konbentzimendu sendo honek elkartzen gaitu: Orria bestaldera itzuli, zuzenketa egin eta burugabekeria hau amaitu beharra dago. Eskari honek atxikimendu zabal eta askotarikoa sortzen du euskal eremuko politiko eta sozialean. Kontuan hartu beharra dago, beraz, gordintasun osoan.

Egunkaria auzian bezala, bultzada politikorik gabe proba oinarririk ez dago. Eta akusazioa funtsatzen duen frogarik gabe, eskari bakar hauxe baino ezin da egin: absoluzioa Udalbiltzako auzipetuentzat.

Donostian, 2010eko uztailaren 12an,

Udalbiltza Elkartasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.