Uztailaren 3ko protokoloan jaso zutena

2009ko uztailaren 20a
15:41
Entzun
Miguel Sanzek eta Patxi Lopezek hiru gai nagusi jaso zituzten uztailaren 3ko protokoloan, baina egoki ikusten badute beste gai batzuk lantzeko aukera ere ez dute baztertu.

1. Azpiegiturak. Bi gobernuek “funtsezkotzat” jotzen dute abiadura handiko trena (AHT) garatzea. “[Bi gobernuek] elkarlana erakutsi nahi diote Estatuaren Administrazio Nagusiari Iruñearen eta Euskal Ydelakoaren arteko ibilbidea zehazteko, beti ere administrazioen arteko koordinazio, lankidetza eta ingurumenarekiko errespetuaren hatsarreei jarraituz”.

2. ETB Nafarroan. ETB1 eta ETB2ren emanaldiak Nafarroara hedatzeko konpromisoa hartu dute bi gobernuburuek. Hori, LTDren multiplex berri baten bidez egingo da, eta Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du “multiplex hori hedatzeko zerbitzua Nafarroako Foru Komunitate osoan emateko merkatuko baldintzetan”. ETBren esku geldituko dira garraio eta mantentzearen kostuak. Akordioaren arabera, “ETBn errespetatuko dira Nafarroako errealitate politiko, sozial eta instituzionala, haren ikurrak eta nortasuna”. Honela zehazten du: “Nafarroako Foru Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegotik eta haren lurralde historikoetatik aparteko errealitate desberdin bat bezala aurkeztu eta irudikatuko da ETBko profesionalek idatzitako informazioetan, haien aurkezpenetan eta irudi grafikoetan”. Nafarroan dauden “sentiberatasun politiko eta ideologiko desberdinak” ere errespetatu beharko ditu ETBk.

3. Hizkuntza politika. Gai horretan elkarlana “bi erkidegoen errealitate soziolinguistikoan eta alor honi buruzko bakoitzaren arauetan bakoitzak dituen eskumenen errespetuan” oinarrituko da. “Euskara babestea” adostu dute biek, “bakoitzak bere eskumenetik”. Euskara bi erkidegoetako “kultura ondarea aberasten duen hizkuntzatzat” hartzen dutela diote. Hala, “Akitaniako administrazioarekiko akordioa lortuz, euskara sustatzeko ekintzetarako eta norbanakoek nahiz elkarteek euskarazko kultura ekintzetarako laguntza planak burutzea hitzartuko” dutela jaso dute protokoloan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.