Xabier Lete: "Denen artean hoberena izan da"

2008ko abenduaren 1a
16:11
Entzun
Mikel Laboaren heriotzaren hunkituta agertu da gaur goizean Xabier Lete idazle eta kantaria Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Laboak xarma eta "misterio" berezia zituela nabarmendu du Letek: "Mikel oso gizon berezia zen, enkantu handia zeukan; oso bitxia zen, ez zen ohiko parametroetan sartzen, gauzei buelta asko ematen zien", agertu du.

"Hala ere, gizon zuhurra zen", erantsi du. "Kultura handa zeukan, asko irakurri zuen eta pentsamenduko pertsona zen".

Kantagintzaren eta musikaren arloan ohikotik apartekoa zela uste du: "Kantari gisa enkantu handia zeukan. Beti aurkitu izan dio Mikeli xarma bat esplikatzen ez dakiguna, beste guztiok izan ez duguna. Mikelek ahoa irekitzen zuenean edozer gauza kantatzeko, eta zer esanik ez bere metahizkuntzak egiten zituenean, bazuen xarma bat, xarma izugarri bat. Nik azkenk urteetan ere ikusi dut Mikel Laboa kantatzen, eta misterio baten aurrean bezala aurkitzen nintzen. Uste dut kantari eta artista gisa ñabardura eta berezitasun horiengatik denen artean hoberena izan dela". Etorkizunera begira altxor handi bat utzi duela azpimarratu du.

Aspaldi hasi zen Laboren eta Leteren arteko harremana, eta, besteak beste, Ez Dok Amairu taldean elkarrekin ibili ziren. Azken aldiz, ostera, orain gutxi izan zuten elkarrekin egoteko aukera eta une hunkigarria izan zela agertu du Letek. Izan ere, familiarteko 9 bat urteko hiru mutil koskorrekin zegoen Lete Urnietako (Gipuzkoa) jatetxe batean Laboarekin azken aldiz topo egin zuenean, eta gogora ekarri du mutikoei hura Mikel Laboa zela agertu zienean miresmenez hartu zutela haurrek eta Baga, biga kantatu ziotela. Keinu horrekin Laboa asko hunkitu zela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.