Azken hamabi hilabeteotan lehen aldiz behera egin du Pasaiako portuko trafikoak. Jaitsiera handia izan da, aurtengo martxoan %22,1 txikitu baita salgaien trafikoa iazko martxoarekin alderatuz gero. Pasaiako Portuko Agintaritzak badu azalpen bat: Zumarragako ArcelorMittalen jarduera moteltzeak txatarra inportazioak nabarmen murriztu ditu. Iazko martxoan 89.831 tona txatarra mugitu zituen Pasaiako portuak, eta 20.188 tona baizik ez aurten.
Agintaritzak azaldu duenez, auto trafikoaren igoera ez da nahikoa izan txatarraren eragina konpentsatzeko.
Pasaiako portuko beste merkantzia nagusiak, produktu siderurgikoenak, ez du aldaketa handirik izan. ArcelorMittalen beste lantegi nagusiko —Olaberriako— produktuak dira horietariko gehienak. Zumarragak, berriz, gehienbat eraikuntzarako altzairuak ekoizten ditu, Hego Euskal Herriko edo Espainiako merkatatuetarako.