Baliteke itsas maila igotzeak orain arte uste baino ondorio larriagoak izatea Euskal Herrian. Uholde arriskuari buruzko aurreikuspenak berritu ditu Ameriketako Estatu Batuetako Climate Central ikerketa zentroak; azterketa geografikoak egiteko aplikazio bat landu du, orain arte baino aldagai gehiago kontuan hartzen dituena, eta eragin larriagoak aurreikusi ditu. Euskal Herrian, uholdeak jasateko arriskua izango dute, adibidez, Aturri ibaiaren arro luzean, Bilboko itsasadarrean eta Urdaibai inguruan. Milaka pertsona bizi dira leku horietan. Areago, mundu osoko datuak aintzat hartuta, hara zifra: 2050ean, 300 milioi lagun egongo dira itsas mailaren igoerak eragiteko arriskupean.
Climate Central zentroaren azken ikerketa Nature Comunications aldizkarian argitaratu dute. Finean, azkenaldian kaleratutako ikerketa ugariren ildoa berretsi du: itsasoaren maila igotzen ari da tenperaturek gora egitearen ondorioz. Izan ere, izotza urtzen ari da poloetan, eta, horregatik, uraren maila gora ari da. Gogoan izatekoa da joan den hilean IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak kaleratutako ikerketa: haren arabera, baliteke itsas maila metro bat baino gehiago igotzea 2100erako, egungo tenperatura igoera ez bada eteten. Ohartarazi du milioika herritarrek bizilekua aldatu beharko dutela itsasoaren gorakada dela eta.
Climate Centralen azterketak berretsi egin du ildo hori. Moldatu egin dute kalkuluak egiteko eredua, eta aldagai gehiago aintzat hartu; jakiteko eremu bakoitza zenbateraino den kaltebera, kontuan izan dituzte zuhaiztiak eta etxebizitzak, esate baterako.
Ondorio geraezinak
Eredu bat baino gehiago prestatu dute, urtea eta gas isuriak aintzat hartuta; horren arabera, itsasoaren maila gehiago edo gutxiago igoko da. 2050erako, batez besteko aurreikuspenaren arabera, 300 milioi lagun bizi diren lekuek izango dute urtero uholdeak jasateko arriskua. Zenbat eta aurrerago joan, are handiagoa da arriskua. 2100ean, gas isuriak nabarmen murriztuta ere, 340 milioi herritarrek izango lukete arrisku hori, eta, murrizketarik ez badago, 480 milioik. Izan ere, gas isuriak asko gutxituta ere, itsasoak maila igotzen jarraituko du, orain arteko berotzearen eraginez. Hori diote ikertzaileek. «Klima aldaketaren ondorio asko geraezinak dira jada», ohartarazi du, adibidez, azken ikerketaren egileetako batek, Benjamin Straussek. «Baina inoiz ez da berandu aldaketaren eragina murrizteko, horretarako kutsadura gutxituta». Haren esanetan, berotegi efektuko gasen isuriak nabarmen murrizteak ez du etengo itsas mailaren igoera. Adibide bat jarri du: izozkailu bat deskonektatzean, izotza ez da segidan urtzen. «Izotz geruzak oraindik ez dira iritsi sortu dugun beroketa osora, baina kutsatzen jarraitzen badugu, are eta okerragoa izango da egoera». Funtsezkotzat jo du Parisko ituna betetzea: 2100ean lurrazaleko tenperatura ez igotzea 2 gradu, eta gorakada hori 1,5 baino txikiagoa izatea, ahal dela. Akordioa ez dago betetzeko bidean oraingoz: azken kalkuluen arabera, 2040an gaindituko da 1,5 graduko muga.
Itsasoa igotzearen kaltea Asian nozituko dute batik bat, sei herrialdetan: Txinan, Bangladeshen, Indian, Vietnamen, Indonesian eta Thailandian. Herrialde horietan, 237 milioi herritar egongo dira urtero uholdeak izateko arriskupean, non eta ez dituzten aparteko hesiak jartzen itsasoan. Kontuan izatekoa da itsas mailaren parean daudela herrialde horietako eremu asko, eta biztanle dentsitate handia dutela. Horregatik dira leku kalteberagoak.
Itsas mailaren pareko lur eremuak izateak badu eragina Euskal Herrian ere. Argigarria da Urdaibai inguruko mapa: uholde arriskua ia Gernika-Lumoraino iritsiko litzateke. Ez da bakarra: Aturriren arroa (Lapurdi) eta Bilboko itsasadarra ere arrisku eremuak izango dira. Kontuan izatekoa da gaur egun ere itsasoaren eragina izaten dutela eremu horietan: marea biziek euriteekin bat egiten dutenean, adibidez, urpean geratzen dira eremu horietako asko. Itsas maila igotzearekin, arrisku handiagoa izango da.
2050eko batez besteko aurreikuspenen arabera, ohiko uholde arriskua nabarmen hedatuko da. Gipuzkoan, adibidez, Zarautzen eta Orion herri barru-barruraino sar daiteke ura; Irunen eta Hondarribian ere urpean gera daitezke itsasbazterreko lur eremu zabalak; eta Donostian arazoak izan daitezke Urumea ertzean, batik bat Atotxa inguruan. Bizkaian, Urdaibaiko eta Bilboko itsasadarreko egoeraz gain, Muskiz inguruko kasua da tentuz hartzekoa, Petronorren findegiraino irits baitaitezke itsasoaren erauntsiak.
2100erako iragarpenak are larriagoak dira. Batez besteko mapetan, are barrurago ageri da eragina: Donostiatik Astigarragaraino helduko litzateke Urumea, Bilboko itsasadarra Barakaldoko lur eremu oso zabaletara helduko litzateke, eta Aturriren gorakadek nabarmen joko lukete Bokaletik Akamarre bitarteko bidean. «Parisko akordioa betetzea aski izan daiteke iragarpen okerragoak saihesteko, baina ezin dugu esan erabateko ziurtasunarekin».
Itsasoaren erauntsipean
Itsasoaren maila igotzeko arrisku handia
Climate Central zentroak mapa bitartez aztertu du itsasoaren maila igotzeak zer eragin izango duen. Uholdeak izateko arrisku handiagoa izango dute Euskal Herriko eremu ugaritan; besteak beste, Aturri aldean eta Bilboko itsasadarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu