UDAKO SERIEA. Euskal Herriko ingurubirak (II).

Apotzaga eta Untzilla elizateak bat eginez

Apotzaga eta Untzilla elizateen arteko harbidean barrena ibiliko da mendizalea. Murugain mendiarekin topo egin ostean, baserriz baserri eta errekastoz errekasto, Apotzagarako bideari helduko dio berriz ere.

Apotzaga eta Untzilla elizateak bat eginez.
Josean Gil-Garcia.
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Eskoriatzako Apotzaga auzora (Gipuzkoa) doan bisitaria liluratuta geratuko da paisaiarekin. Ez da urrutira joan beharrik natura oparoaz gozatzeko. Apotzagako balkoitik so eginda, esaterako, ez da nekerik: Mundua ametsa da, Li Bai poeta txinatarrak idatzita utzi zuenez. Oriol, Iruatxeta, Tellamendi, Asentsiomendi eta Murugain muinoek ibarra ondo mugatzen dutela ikusiko da handik. Alabaina, Anboto eta Udalatx erraldoiek atentzio osoa erakarriko dute, malkar larderiatsuaren antzera-edo.

Baina, akaso, beste zerbaitek xarmatuko du Apotzagara lehen aldiz hurreratzen dena: auzoko kanposantu biribilak. Anastasio Otadui abadearen ekimenez eraiki zuten, 60ko hamarkadan, Done Mikel parrokiatik urrats gutxira. Nonbait, Otaduik kanposantuei buruzko liburu mardul batean iltzatu zuen begirada. Formak eta sinboloak zehatz aztertuta, hilerri berria altxarazteko asmoa etorri zitzaion, Joxe Ramon Okarantza Otaduik Ahotsak.eus atarian eginiko adierazpenen arabera. Hilerria gauzatzeko toki jakin bat aukeratu behar zuela, auzoko ekialdeko muinoaren azpiko ur-lasterrak gogoan hartu zituen abadeak. Parrokiaren azpian gertatzen den bezala, Anastasiokbazekien misterio aura bat zegoela. Uren emarian bihotza eta arima arazten direlakoan, lanean jo eta su ibili zen han, ur-lasterren bidegurutzean. «Ondasun handiak arima txikientzat», Juan Kruz Igerabide idazlearen hitzetan.

Jada 30 urte igaro dira Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu zuenetik. Tantaka bada ere, makina bat bisitari joaten da monumentu bitxi hori miresteko. Kanpoko egiturari jarraituz, zirkuluan dago antolatuta barrualdeko guztia. Txukun-txukun eta maina handiz. Interes historiko-artistikoari dagokionez, besteak beste, disko formako hilarri modernoak, Galartza auzoko bataiarri erromanikoa eta Maringo muga-gurutzea ikusi daitezke 20 metroko diametroa hartzen duen zirkuluaren barruan.

Ibilian hasita, txangolariak Apotzagako harbideari jarraitu eta Untzilla (Aramaio, Araba) herrian hartuko du merezitako atsedena. Ondoren, Muruatik behera egingo du, pagadi xumean barrena, eta Gellao auzoan Barrengarroerrekarako bideari oratuko zaio, Apotzagara iritsi aurretik.

Apotzagako harbidea

Apotzaga herrira iritsita (Eskoriatza, Gipuzkoa), Done Mikel elizaren atzealdeko aparkalekuan utziko du autoa, hilerri biribila altxatzen den tokiaren aurrean. Ibilian hasiko da PR baten bide seinaleei jarraituz. Tenpluaren eskuinaldetik doan kalean aurrera egingo du. Zarrao baserri handiak atentzioa emango dio lehen urratsak egiteaz batera. Bai ederra alboko palmondoa! Okarantza baserri armarridunera iristean, ezkerrera hartu eta, ondoko bidebanatzean, eskuinera egingo du, goratasuna hartzeko asmoz. Iturrira heldu baino metro batzuk lehenago, PR zidorra laga eta eskuinetik doan porlan bidetik jarraituko du. Hasieran, zehar-zehar; gero, aldats gora. Aldapa pikoa amaituta, egurra pilatzeko baliatzen den zabalgune batera iritsiko da. Bertako ur biltegiaren ezkerraldetik jarraituko du; betiere, porlanez jantzitako bide nagusitik atera gabe.

Altuera gehiena hartuta, Urigaraiko parajetik datorren PR zidorraren markak ezkerreko bidetik batuko zaizkio. Eskuineko basabidea hautatu, eta, noranzkoari men eginda, pinudiaren babesean jarraituko du. Latako lepora bizkor iritsiko da. Gaur egun pinudia bota baitute, basabide sarda bat agertuko da han. Haritz baten enborrari helduta, Mendiko Ama estanpa xumea ikusiko du. Porlan bidea uzteko garaia izango da, baita eskuineko bidetik ekitekoa ere. Gaztainondo eta haritz sendoek hartuko dute lekukoa orduan. Pagalderreka zeharkatu ondoren, hariztian barrena jarraituko du, eta basabide batera irtengo da. Aurrera jarraituko du orduan, astigarrak, haritzak eta gaztainondoak aldamenean dituela. Bidebanatze batean, Ajostako txabola agertuko da. Bidebanatze horretan, Leintz Gatzagara doan GR 121 utzi, eta Untzillara doan zidorrari ekingo dio. Untzillatik gertu, herria parez pare duela, eskuinera hartu eta elizarantz egingo ditu urratsak.

Baserriz baserri

Untzillako elizaren eskuinetik doan errepidetxoa jarraituko du gero. Mendibitzu baserriaren parean, Mendikurtz santutxoa ikusiko du. Haren eskuinetik jarraituko du, astiro-astiro. Murugaingo tontorrera igotzeko aukera alde batera utzita, zehar-zehar jarraituko du ibiltariak. Murua auzoko hiru baserrien aurretik igaro ostean, galtzadari berriz oratu eta paseo ederraz gozatuko du. Iturri baten ondotik igaro eta bi minutura-edo, erne ibiliko da. Izan ere, pinu sendo baten ondoan, PR zidorraren arrastoak ikusiko ditu. Lubaki moduko paraje batean sartu, eta maldan behera abiatuko da. Pagadi-hariztian barrena ibilita, bidexka nagusiak basabide batera aterako du ibiltaria. Orduan, eskuinetik jo eta Arangoitigaraiko baserrira helduko da.

Asfaltoa lagun hartuta, aurrera egingo du paraje ederraz bapo-bapo gozatuta. Intxaurdi baserrirako desbideratzea atzean geratu eta berehala, errepidea utzi eta ezkerretik abiatuko da. Etxola baten ondoan, eskuinera egin eta jaisten jarraituko du, harik eta Gellaoko errepidera irten arte. Elexondoko plazari bizkarra emanda, eskuinetik jarraituko du, asfaltoa eta PR seinaleak gogaide. Halaxe ibiliko da txangolari prestua, bost minutu inguru. Etxabeazpiko, Santakoa, Iturbe, Etxebarrialdebekoa eta Etxabarrialdegoikoa baserrietara doan errepidea ikustean, errepide nagusia utzi eta ezkerrera egin baserri horiek bisitatzera abiatuko da zoli eta zalu.

Etxabe baserri ondoan igarota, bideak Iturbe errekak hondeatzen duen ibarrerantz zuzenduko du. Hala, Iturberreka gurutzatu eta gora egingo du. Etxaberrialdebekoa eta Etxaberrialdegoikoa baserri biak atzean utzita, Barrengarroerreka gurutzatu eta ezkerretik jarraituko du, goratasuna hartzeko asmoz. Bide nagusiari men eginda, Apotzagara iritsiko da.

Bihar: Berrotzako naturaren erlikiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.