UDAKO SERIEA. Ezkutuko ezinbestekoak (II). Xabier Lozano Briones

Argiarena ikustea kostatzen den lana da

(Tolosa, Gipuzkoa, 1961). Ia oharkabean sartu zen argiaren munduan, eta dagoeneko 25 urtetik gora darama horretan, «oraindik aspertu gabe». Euskal Herriko antzerki eta dantza konpainia nagusien obra ezagunen argiztapena diseinatu du; baita 'Goenkale' telesailarena ere 15 urtez.

Xabier Lozano, Tolosako Topic Nazioarteko TxotxongiloZentroan, Altzoko Haundia,txikien opera ikuskizunerakoargia lantzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Tolosa
2015eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Hasieran, kosta egiten da argia ikustea». Hori esan orduko, esaldiaren izaera paradoxikoarekin harrituta utzi du une batez bere burua Xabier Lozano argiztapen diseinatzaileak. «Baina gero harrapatu egiten zaitu», jarraitu du azalpena. Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroan jarri du elkarrizketarako hitzordua, Altzoko handia, txikien opera ikuskizunaren entsegu batean izan baita, argiztapenaren diseinua lantzeko. «Ikus-entzunezkoen munduan sartzen hasi nintzenean, ikuspegi orokorragoa nuen», ekarri du gogora. «Errealizazioa ikastea nuen buruan, filmak egitea eta horrelako kontuak. Baina gero argiaren munduan espezializatu nintzen, bestelako lanak haiek hobeto egiten dituztenen esku utzita. 25 urte inguru daramat argiaren munduan, eta oraindik ez naiz aspertu».

Aspertu gabe eman dituen urte horietan, Xabier Lozano Brionesek (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) Euskal Herriko antzerki eta dantza konpainia ezagun askoren emanaldietako argiztapena diseinatu du, eta baita Euskal Telebistako Goenkale telesailarena ere 15 urtez. «Oso lan aldakorra da argiztapen diseinatzailearena, eta argiaren mundua oso zabala da», Lozanoren iritziz. «Beti gauza bera egin beharrean, era askotako lanak egiteko aukera ematen dizu. Antzerki edo dantza obretako, filmetako eta telesailetako argiztapenak ez ezik, eraikinenak ere diseinatzen ditut, baita erakusketenak, galenak eta askotariko ekitaldienak... Arlo batetik bestera alde handiak daude, erabilitako materialen aldetik eta abar».

Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan (Gipuzkoa) ikus-entzunezkoen arloko ikasketak egin zituen 1980ko bigarren erdialdean, eskola sortu berria zela. Eskolako beste hainbat ikaslerekin batera, Miramonera joan zen, ETBren Donostiako egoitza nagusira, praktikak egitera. «Han oso mugimendu gutxi zegoen, eta inork ez zigun kasurik egiten. Praktikak ekoizpen arloan egitea egokitu zitzaidan niri, eta hura oso aspergarria iruditu zitzaidan. Gero, esan zidaten argiztapenean lekua zegoela, eta hara joan nintzen. Eta han deskubritu nuen benetan argiztapena, Andoainen oinarrizko kontzeptu batzuk baino ez baikenituen ikasi».

Praktiketan lan egin ondoren, laguntzaile moduan kontratatu zuten ETBn. «Hor hasi nintzen argiztatzaile eta argiztapen diseinatzaile bihurtzen». Baina hiru urtetik gorako kontraturik egiten ez zutenez, kaleratu egin zuten, eta harrezkero autonomo gisa egin du lan.

Telebistarako lan gutxi egin du aspaldian, eta batez ere arte eszenikoen arloan ari da lanean azken urteotan. Antzerki edo dantza obra baten argiztapena diseinatzeko egiten duen lehen urratsa gidoia irakurtzea da. Gero, zuzendariarekin eta eszenografoarekin mintzatu ostean, «idazten» hasten da, argiztapenaren gidoia zehazten: «fokuen disekzioaren planoa, argiaren garapena obrako gidoian zehar...». Aurrerago, entsegu bat edo batzuetara ere joaten da, «ikusteko nola egokitzen zaion diseinatutako argiztapena obrari».

Argiztapena diseinatzeko prozesuaren azken fasea «teknikariarekin batera» egiten du, eta, estreinaldiaren ondoren, teknikariaren esku geratuko da Lozanok diseinatutako argiztapenaren ardura, Lozanok ezarritako planoak «agertoki bakoitzera egokituz». Estreinaldiaren ondoren, beraz, normalean behintzat, argiztapenaz ez da argiztapen diseinatzailea arduratzen, teknikaria baizik. «Teknikariarena beste lanbide bat da, oso bestelakoa. Oso gogorra: furgonetan joan, muntaketa egin, gero desmuntatu... Bizimodu petrala!».

 Iluna, argiaren lagun

Argiztapenaren diseinua egitean, iluna izatea leporatzen diote Lozanori, eta halaxe aitortzen du berak ere, erreparorik gabe, ilunerako joera duela. «Uste dut iluntasunak kontrastea izaten laguntzen duela, dramatismoa ematen duela, eta ni kontrasteen eta argi-ilunen oso aldekoa naiz. Ederra da iluntasunaren erdian argitutako zerbait agertzearen magia. Itzalak ematen dio grazia argiari. Argitasun gehiegizkoarekin, misterioa amaitu egiten da. Argiaren funtzio oinarrizkoa ikusten laguntzea da, baina batzuetan komeni da gauza batzuk ezkutuan gordetzea. Oihu urragarri bat, adibidez, askoz ere zirraragarriagoa izango da iluntasun betean, agertoki oso argi batean baino».

Liburuaren eta filmaren artean izaten den aldea ekarri du hizpidera, liburua iluntasunarekin parekatuz, eta filma argitasun gehiegizkoarekin. «Askotan liburu batek filmarekiko duen aldea ere hori da: liburuak aukera ematen dizu pertsonaiak eta paisaiak zeure erara irudikatzeko; filmak, aldiz, murriztu egiten dizu aukera hori».

25 urteko ibilbidean egindako lan ugari eta askotarikoen artean bat aukeratzea eskatuz gero, «konplikatua» irizten dio zeregin horri Lozanok; batetik, egin dituen lan gehienak maite dituelako; bestetik, «baten aldeko aukera egiteak besteak jeloskor jar ditzakeelako». Hala ere, animatu da gainerako guztien gainetik bat aipatzera: Tanttaka Teatroa konpainiaren Novecento. El pianista del océano (2000). «Askotan gogoratzen naiz lan horrekin. Sari bat eman zioten gainera: Valentziako Generalitatearen Arte Eszenikoen saria argiztapenaren arloan. «Aurretik ere lan egina nintzen antzerkian, baina hori izan zen antzerkiaren arloko nire lehen lan handia, eta oso gustura geratu nintzen». Txera handiz oroitzen du Kukai dantza konpainiaren Hnuy illa nyha majah Yahoo ere, ikuskizun errebelazioaren Max saria jaso zuen lana.

Ez du lan faltarik oraingoz, baina argi du egoera ez dela batere ona gaur egun, eta okerrera baino ez du egin lanean hasi zen garaitik hona. «Ni ETBn lanean hasi nintzenean, bazen han diru asko irabazten zuen eta ospe handia zuen jendea. Orduan oso jende gutxi baitzen ikus-entzunezkoen arloan lan egiten zuena. Lan batzuetarako behar ziren teknikariak eta errealizatzaileak; hemen halakorik ezin aurkitu, eta Madrildik ekartzen zituzten, dirutza bat ordainduta. Baina gero eta jende gehiago hasi ginen horretan lanean, eta, gaur egun, egoera erabat iraulita dago, eta, horrela jarraituz gero, laster izango da lan egiteagatik ordaintzeko prest dagoen jendea ere. Gainera, teknikak gaur egun ematen dituen erraztasunekin, teknikaren alorreko langile gutxiago behar dira».

Baldintzak kaskartzen

Horren guztiaren eta krisi ekonomikoaren ondorioz, lan baldintzak gero eta kaxkarragoak dira, eta ordainak, baxuagoak, baina Lozanok dio ez dagoela kexatzeko moduan. «Euskadin soilik argiztapen diseinatzaile lana eginez bizi diren bakanetakoa naiz. Beste batzuek bestelako lanak egin behar izaten dituzte, argiztapen teknikariarena adibidez... Nik, zorionez, ez. Pribilegiatu bat naiz».

Dena den, nahiz eta «garai hobeak» ere izan direla aitortu, Lozanok uste du Euskal Herriko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen arloetan krisi ekonomikoak ez duela beste leku batzuetan izan duen adinako inpaktu kaltegarririk izan. «Hemen, egiten dugun guztia nahiko gastu gutxirekin eta nahiko arin egin izan da beti. Horrenbestez, krisia ez da hainbeste igarri. Hemen, antzerkia bidaiaria izan da beti, halabeharrez. Adibidez, argiztapenerako, normalean 48 kanal baino gehiago ez genituen inoiz erabiltzen lehen, eta orain ere ez. Apaindura gutxikoak eta zorrotzak izan gara beti, eta egoera ez da hainbeste aldatu. Krisia batez ere galetan nabari izan dut. Askoz ere medio tekniko gutxiagorekin egiten dira gaur egun. Hor bai igartzen direla murrizketak».

Aktore, zuzendari eta abarrek berenganatzen duten ospearen hondarrik ere ez du bereganatzen argiztapen diseinatzaileak, baina horrek ez dio axola Lozanori, eta aktore eta zuzendari ezagunekin «oso harreman naturala» du. «Ni, izatez, nahiko pertsona introbertitua naiz. Ez naiz artista giroen oso zalea, eta kosta egiten zait aktoreekin harremanak izatea. Baina inguruko aktoreak eta artistak ezagutzen ditut, eta oso ondo moldatzen naiz haiekin. Pinpix [Jose Ramon Soroiz], Joseba Apaolaza... horiek eta beste asko aktore handiak dira, baina errazak harremanetarako, oso jatorrak».

Euskal Herritik kanpo lan egitean, ordea, egoera deserosoak egokitu zaizkio batzuetan. «Madrilen bai topatzen dituzu goitik behera begiratzen dizuten aktoreak eta artistak. Alde handia dago horretan. Madrilen, adibidez, arropa utzi beharrean airean bota egiten duten aktoreak ikusten dituzu, atzetik norbait joan eta jaso dezan. Horrelakoak. Gauza horiek molestatu egiten didate. Baina hemen, Euskadin, normalagoak gara alde horretatik. Dena den, aktoreekin-eta harreman handirik ez izatera jotzen dut, neure izaerarengatik».

Ikuskizun, film, gala edo eraikin baten argiztapena diseinatzean, Lozanok ez du eredu jakinik. «Neuk egiten dudana baino ez dut ikusten ia-ia», komentatu du irri artean. «Horrela ezin didate leporatu inori kopiatzea». Baina ez du elkarrizketa bukatu nahi izan esan gabe Javier Agirreren lana —Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak filmean egin du lan, besteak beste— bikaina iruditzen zaiola. «Zoriontzea merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.