UDAKO SERIEA. Euskal Herriko ingurubirak (III).

Berrotzako naturaren erlikiak

Sorladako basilika barrokoa, Mendazako artea eta Costalera-Gallet gune malkartsua dira, besteak beste, Berrotzako ibarreko altxorrak. Nazar herritik abiatzen den bideari jarraika, natura oparoa eta makina bat jakingarri ezagutzeko aukera baliatuko du ibiltariak.

Berrotzako naturaren erlikiak.
Josean Gil-Garcia.
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Beti izan da arrazoiren bat Araba herrialdearekin muga egiten duen Berrotza (Nafarroa) ibarrean zehar ibiltzeko. Lizarrako merindadearen erdialdean dago hura, eta lehorreko laborantzak erabat inguratua. Ordokian barreiaturik, hainbat herri eta hiribildu daude: Acedo, Mirafuentes, Sorlada, Piedramillera eta Mendaza, beste batzuen artean. Gallet eta Costalera mendi malkartsuek iparraldeko muga zehazten dute, kareharri kretazeoak nagusi direla. Zinez, harri urdinkara horiek tentagarriak dira malkarrean barna joan-etorrian ibiltzeko. Mendiotako tontorrek edertasuna baizik ez dute lehia.

San Gregorio Ostiense basilika barrokoa Sorlada herriaren gainean altxatzen da. Urtero-urtero bisitari ugari joaten da Piñalbako talaiara Los Arcos eta Sorladako alkateen aginte makilen trukea ikusteko asmoz. Beste batzuek, ordea, ez dute santuaren zilarrezko erlikia ontzia ikusteko aukera galdu nahi. Izan ere, eskualdean ez ezik, geografiaren luze-zabalean ere, oso tradizio handikoak izan dira San Gregorio monje beneditarraren bertute miragarriak. Ostiako (Erroma) apezpikua izaki, izurriteen santua goitizena hartu zen, XI. mendean otien izurritetik libratu baitzuen Nafarroa. Santu babeslea zendu zenean, baina, gorpua asto batean jarri eta animalia gelditzen zen lekuan, hantxe bertan lurperatuko zuten. Halakoxea izan omen zen gizonaren azken nahia. Hortaz, trakatan-trakatan, nora gabe, Piñalbako talaia ederrean bat-batean gelditu zen animalia. Denborak aurrera eginda, Iberiar penintsula osotik lortutako dohaintzekin egungo basilika ikusgarria eraiki zuten.

Ospe handiko altxorrak

Santuaren erlikiak ospe handia hartu zuen berehala. Zilarrezko busto bat sortu zuten 1728an, haren barrualdetik ur miragarria pasarazi eta labore soroetan barreiatzearen kariaz. Erlikia ontziaren ospea hain zen handia, non herri askok —beharrak hala aginduta seguruenik— zilarrezko altxorra hurbil-hurbil izatea eskatzen baitzuten. San Gregorioren buruak, orduan, penintsulan barreneko bidaia miresgarria hasi zuen. Protokolo zehatz bati jarraika, Ostiakoaren buruak herriz herri jarraitzen du gaur egun, ibilbide amaigabeari eutsita.

Berrotza ibarrak beste sekretu bat badauka ezkutu-ezkutuan: hiru hanka sendo dituen arte kurioso bat (Quercus ilex). Mendaza herriaren gaineko parajean dago. Itxuraz, ageriko bakardade batean. Baina ez da norbere baitan biltzeko kontua: herritarrek zuhaitzaren ondora igotzeko ohitura dute, baita hiru hanken artetik zeharkaldi magikoa egitekoa ere. Igualtsu egiten omen zuen aspaldi ganaduak, bizkarraren kilimak baretzeko enbor zimurtsua bezalakorik ez zen eta.

Nazartik Costalerara

Nazar herrian (Nafarroa) hasiko du ibilbidea. Herrira iristean, eskuinera hartuko du lehen bidebanatzean, eta, eliza aldera jo gabe, kale bazterrean lagako du autoa. PR-NA 189 zidorraren arrastoak ikusiko ditu Loreto auzoko kale banatzean. Izen bereko ermita ezkerrean utzirik, eskuinera hartu eta Nazar mendatera doan bideari oratuko zaio. Nekazari bideak banantzen diren lekuan, eskuinetik segitu eta barrera bat igaro ondoren, ezkerrera okertuko du. Ibilian-ibilian bide zabalak ezkerrera egingo du laster, eta ipar-mendebaldera begira jarriko da ibiltari so egilea. Arte xumeak, erkametz trinkoak, ezpelak, gorostiak eta txarak, besteak beste, bide ondora etorriko zaizkio harrera botanikoaren antzera.

Terraza batean gaindi ibiliko da, Gallet malkartsuari begia kendu gabe. Mazela urratzen jarraituko du leun-leun, lerro berean gailentzen diren hormatzarrak eta ertz zorrotzak parez pare dituela. Aurrerago, futbol zelaitik igotzen den zidorra batuko da basabidera. Mugarritxo batek adieraziko du bidegurutzea. Noranzkoa aldatu gabe jarraituko du, Nazar mendatera jotzen duen bideari ederki oratuta. Poliki-poliki, artadia nagusituz joango da, erkametza atzean uzteaz batera.

Desbideratu gabe, beraz, Nazar mendatera iritsiko da. Santikurutze Kanpezu (Araba) barrutiarekin bat egingo da han goian. Ibernalo baselizan eta Arabako Mendialdeko eskualdean sartu-irtenik egin ordez, eskuinera hartu eta, La Plana, San Kristobal eta Joar aldera doan zidorrari bizkarra emanda, maldan gora egingo du, harkaitzean gaindi. Soka luze bat ikusiko du igoeran; akaso igokariari lagungarri gerta dakiokeelakoan —hobe lurrean bakean utzi—. Hari segika, gandorrera igoko da. Arabako Mendialdeko eskualdea bete-betean harrapatuko da talaia paregabe horretatik.

Pago eta ezpel alorretan

Gandorra korritzen hasiko da gero, mendebalderantz. Malkarra izurtzen ibilita, une batez pago txiki baten aurrean kokatuko da. Zuhaitz apetatsua ez da oharkabean pasatzen diren horietakoa; izan ere, bide erdian altxatzen da, eta bidea oztopatuko du hein batean. Pagoa atzean utzi eta amildegira hurbilduz gero, La Dormida edo Uxerriko artadi trinkoaz gozatzeko aukera paregabea izango du txangolariak. Bidexkara berriz bueltatuta, gandorretik segituko du, harik eta xendak bitan banatzen diren arte. Orduan, Costalera tontor malkartsua inguratzeko, ezkerreko xenda hautatuko du, eta tontorrera zuzen-zuzen doan xenda arriskutsua alboan utziko.

Costalera mendiko iparraldeko isurialdera igaro bezain pronto, goratasuna galtzen hasiko da, pago eta ezpelen artean. Jaitsiera sigi-sagatsua egin ostean, talaia natural batean jarriko da. Uxerriaz, artadi trinkoaz eta Lokiz mendiguneaz gozatzeko abagune ederra izango du balkoi natural horretatik. Paraje zirraragarria, zinez. Zidorrari ondo-ondo oratuta jarraituko du. Hala, mazelan irekitako terrazak lagunduta, alderik alde zeharkatuko du Costalerako basoa. Harrizko igarobide baten erara irekitako hustubidea da.

Mazelari gortea egiten jarraituta, belardi batera iritsiko da. Leku interesgarria izaten da hura iparraldeko isurialdean barrena eginiko zeharkaldia bertatik bertara ikusteko. Pagadian sartuta, bidaiaria gora eta behera eramango du zidorrak. Azkenik, ezpelak sorrarazitako galeriatik irten berritan, Fuentes Altas iturburura iritsiko da. Hara iritsi baino hamar bat metro lehenago, ezkerretik jarraitzen duen zidorra hartuko du. Laster batean, behin txondor apal batera iritsita, bidexkak eskuinera egin eta gora joko du pago eta ezpelen artean.

Basoa soilduz joan ahala, aurrez aurre gailenduko da Gallet eta Costalera lotzen dituen malkarra, baita harritzak eta pagadi-hariztiak ere. Une batez, mazelako zeharkaldia amaituta-edo, bidexkak eskuinera egin eta lepora iristen lagunduko du. Gandorreko alanbrea gurutzatuko du orduan, eta, ezkerrera eginda, hariaren parean 70 metro inguru egingo ditu. Lepoko hesia berriz gurutzatuta, maldan behera hasiko da, betiere harritzan maskaratutako zidorrari men eginez. Gallet mendiko hormatzarra inguratuta, bidexkak metro dezente galdu ostean, basabidearekin bat egingo du. Igotako bidetik egingo du azken paseoa, edota futbol eremutik doan zidorra aukeratuta.

Bihar: Muskildi eta Urdiñarbe, Zuberoako kulturguneak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.