Txupinazoa eta entzierroa. Horixe da askok buruan dutena Nafarroako hiriburuari buruz hitz egiteko orduan. Bisitariak pilatu egiten dira San Domingotik zezen plazarako bidean. Baina, uztaileko bederatzi egun horietatik landa, hiria ez da lozorroan egoten. Iruñeak baditu normalean kanpokoei erakusten ez zaizkien hamaika txoko eta bitxikeria. Toki horiek ezagutzeko modurik onena tokikoengana jotzea da. Bat egin ohi dute: Iruñeak badu xarma, eta batik bat, bizia.
Ione Arbilla gida turistikoa da Iruñean, baina kanpotik etortzen diren lagunei bestelako Iruñea erakustea gustatzen zaio. Uxua Domblas arkitektoa da, eta hiriaren arkitektura aski ongi ezagutzen du. Eraikinei so ibiltzen da hiriburuan barrena. Oihana Lorea gizarte langilea da, eta Iruñeko mugimendu komunitarioen maitalea. Inma Errea itzultzailea da, eta Iruñeko auzoen aldeko aldarria egin du. «Turismoaren alde positiboa jakin-mina asetzea eta besteen ezagutza da. Hirietan jakin-mina pizten didana da jendearen bizimodua», esan du.
Zentroa izaten da edozein hiri bisitatzen ezagutzen den lehenbiziko tokia. Iruñean, hor aurki daitezke entzierroaren ibilbidea, udaletxea, katedrala, Gazteluko plaza... Lau iruindarrek Alde Zaharra maite dute. «Iruñeko Alde Zaharrak xarma berezia du: kaleak... Erdi Aroko auzo gisa, ederra da», dio Erreak. Kale estuetan barrena ibilaldia egitea merezi du. Arbilla kale horietan ibiltzen da turistekin, eta sekretu bat aitortu du: «Bakarrik noanean, askotan bide luzeagoak hartzen ditut, kale batzuk gustatzen zaizkidalako: Sarasate, San Nicolas, Comedias, Kale Nagusia, Eslava...». Azken horretan, bitxikeria bat aurki liteke: goroldioz egindako bi oreinen irudiak. «Baina oso gaizki daude, eta zerbait egin beharko litzateke», kexu da Arbilla.
Erreak nahiago izaten ditu toki lasaiak, eta hiru plaza aipatu ditu: Errekoletena, O-ko Andra Mariarena eta Kontseiluarena: «Errekoleten plazatik jende asko pasatzen da, baina, hala ere, lasaia da. Kontseiluko plazak ere badu puntu hori. Ez da erabateko lasaitasuna, baina giroa beste kaleetan baino bareagoa da». Domblasek, berriz, Zaldi Zuria eta harresiaren ertzeko bidea. Bizia da Iruñeko erdialdea, eta denda txiki anitz baditu oraindik ere. Batzuk ezohikoak ere. Objeteria de los Dias Felices aipatu du Loreak, gauzen denda. «Kataluniako neska batek darama, eta berak erabakitzen du zer saldu. Denetarik dago». Domblasek ere maite du toki hori, baina, batik bat, eraikinak izan ditu hizpide. Adibidez, Kale Berrian dago Iruñeko eraikinik estuena. 15. zenbakia da: «Alfonso Alzuagarai da arkitektoa, eta sari asko irabazi ditu bi metro zabal ere ez den etxebizitza horrekin. Japonian dauden etxe estuen antza dauka».
Gora begiratzen jarraituta, eraikin gehiago proposatu ditu Domblasek. Eraikin singularra, adibidez, Iruñeko altuena da: 70 metro garai da. Descalzos kalean Alde Zaharreko bizilagunak birkokatzeko etxebizitza bat dago, «Pereda Perez arkitektoaren eraikinik famatuenetariko bat», sari asko lortu dituena.
Alde Zaharrean bertan, Kondestable jauregiaren patioa bisitatzeko aholkatu du Domblasek, eta handik gertu dagoen Ezpeleta jauregia Arbillak. «Burdinazko balkoietako batean badago Ezkabako gotorlekutik botatako kanoikada baten marka». Gotorlekura oinez joatea ez da zaila, mendi ibilaldi lasaia da. «Ezkaba mendia interesgarria da historia ezagutzeko eta Iruñea osoa ikusten delako». Alde Zaharrera bueltatuta, bada beste bitxikeria bat: Udaletxe plazako eraikin batean gezurretako balkoi bat dago. Paretan margoturik dago.
Aukera zabaldu liteke
Baina Alde Zaharretik aldenduta ere, hainbat txoko ditu Iruñeak bisitatzeko. Domblasek lehenbiziko zabalgunean dauden eraikin modernistak aipatu ditu, Joaquin Maia musika eskolarena, adibidez. Erreak Padre Moret kalearen ingurukoak aipatu ditu. Bigarren Zabalgunean, berriz, garai bateko Iruñeko Aurrezki Kutxaren kristalezko eraikina eta autobus geltoki zaharra ikusteko gomendatu du Domblasek. «Bitxia da ikustea nola eraikin baten patioa estali eta autobus geltoki gisa antolatu zuten». Geltokiko erlojuak ere merezi du. «Han bizi direnen egongelan sartu behar da erlojua konpontzeko». Gertu dago, halaber,40ko urteetan Alkazar zinema izandakoa. «Izugarrizko eraikina da, adreiluzkoa, oso indartsua, baina oharkabean pasatzen da inguruan dituelako Corte Ingles, Baluarte, zuhaitzak...». Frontoi bat ere izan zen.
Iruñeko talaia
Hain zuzen ere, Zabalgunekoa da Lorea, eta, hirira inor joatekotan, bisita merkatu berrian hasiko lukeela azaldu du. «Auzo identitatea landu behar da Zabalgunean, kohesio puntuak falta dira. Merkatuan jendea batzen da, eta berdindu egiten gaitu. Gainera, merkatuan erosteko kontsumo ereduagatik eta gure produktuak harro erakusteko ere ekarriko nuke hona». Erreak ere maite ditu merkatuak, ez soilik erdigunekoak. «Hedabideek eta kultura ofizialak ez diete hainbeste garrantzi ematen kultura herrikoiago hauei. Landabengo merkatua interesgarria da. Ez hainbeste erostea, baizik eta ikustea».
Merkatu berritik gertu, bada oso ezaguna ez den txoko bat: Media Luna parkea. «Txoko berezia da, kalea gurutzatu eta dena aldatzen da. Miradore bat dago, talaia moduko hori, eta beti eramaten dut jendea, paisaia ederra dagoelako hortik». Garai batean Malembe tabernako koadro batean Media Lunako miradorea ageri zen, baina barandaren beste aldean itsasoa zegoen margoturik. Loreak ere maite du txoko hori. Bizikleta hartuta joanen litzateke, eta, ondoren, Magdalenako baratzeetara jaitsi. «Barazkiek hamar minutuko bidea egiten dute handik merkatura». Arbillak Magdalenako zubia aukeratu du, eta, hori ikusita, Magdalenan eta Argako paseoan ibilaldia proposatu. «Jendeak ez du espero hiri batean horrelakorik, ezberdina da». Gainera, Arrotxapekoa izanda, oso hurbileko tokia du, haurtzarotik ezagutzen duena.
Kanpoaldea da Errearentzat interesgarriena: auzoak, alegia. «Nortasun handiko auzoa da Txantrea, miresten dut nola eratzen den». Han, aitatxiren plaza dago Gares plaza, komertzio txiki anitz dituena. «Horko giroa ez da horrenbeste aldatu, auzoko giroak jarraitzen du. Txantreako komertzioak erakutsiko nituzke», dio itzultzaileak.
Txantrea ez ezik, Arrosadia ere erakutsiko luke. «Auzo hau modu kaotikoan sortu zen, inork ez zuen lanik hartu lurra berdintzeko; Goroabe kalea,esaterako. Nahiz eta desastrea izan, interesgarria da». Kontatuko luke ere auzoak bidelapur baten izena zuela lehen: Mochuelo. Loreak ere auzoen alde egin du. «Arrosadia multikulturala da, eta hori erakusteko jarduera asko lantzen ari dira». Gainera, Artisten Auzoa egitasmoak arrastoa utzi zuen iaz, eta hori bisitatu liteke: muralak, eskultura biribilgune batean... Antzera gertatu zen Sanduzelai auzoan Iruñea Nola? egitasmoarekin. Autoak igarotzen diren zubiaren azpian margo handi bat egin zuten. «Komunitateak egindako horrek zerbait uzten dio gero komunitateari». Eta Arrotxapean, gaztetxea dago. «Lekuak bainoago, mugimendua dago Iruñean, momentu polita bizi du hiriak», dio Loreak.
Domblasek alde batera ezin utzi daitekeen beste gune bat aipatu du: Jazar. Jaso ikastola izandako eraikinean, Arostegi etorbidean, denetariko jardueretako gune bat dago. «Iruñea alternatiboa ezagutzeko aukera ematen du», dio arkitektoak. «Txalaparta, arkitektura, informatika, rokodromoa, musika entseatzeko tokia, baratzea... denetarik dago. Iruñeko errepublika independentea da». Horrekin batera, Nafarroako Antzerki eskola aipatu du. «Beti dago saltsaren bat. Antzezlan bat ikustea merezi du, areto xumea da, besarkatzen zaituena». Erreak egin du azkenengo gomendioa: Iruñea zeharkatzen duen billabesa hiriko autobusa hartu, eta leihotik so egin. Esaterako, 19, 16 eta 4a.
UDAKO SERIEA Euskal Herriko hiriburuak (II). Iruñea.
Bestetatik kanpo, xarma eta bizia
Iruñea kanpoan saldu eta ezagutarazteko sanferminak erabili dira, baina, uztailetik kanpo, bada hirian zer ikusi eta gozatu. Bertakoek Alde Zaharraren xarma aipatzen badute ere, auzoetara jaitsi eta tokian tokiko egitasmoak ezagutzea ere proposatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu