Urduña

Bizkaiko lehen eta "azken" hiria

Urduña Bizkaia da, baina Arabako lurrak ditu inguruan; are, Burgosekin ere —Espainia— muga egiten du zati batean. Bizkaitar izateaz harro daude, «pixka bat ahaztuta» daudela sentitu arren.

Urduñako Foruen plaza, udaletxeko balkoi batetik ikusita: Gorobel mendilerroa eta 'aduana' deitzen dioten  eraikina—gaur egun bainuetxea—ikus daitezke, besteak beste. ARITZ LOIOLA, FOKU
Maialen Unanue Irureta.
2019ko abuztuaren 30a
12:11
Entzun

 

GPS makal samarra edukiz gero, erabateko odisea izan daiteke Urduñara (Bizkaia) heltzea, Saratxotik joan beharrean, A-3618 errepidetik joanez gero. A-8 autobidea utzi, Arrigorriagatik jarraitu, Arakaldo pasatu (Bizkaia), eta kartel handiak egiten dio ongietorria gidariari: Araban sartu da. Aurrera jarraituz, Murga eta Izoria pasatu, eta beste kartel bat: Bizkaian, atzera. Odisea, edo Urduña gehixeago ezagutzeko aukera, gero baitatoz horren parte diren Belandia, Mendeika, Lendoñobeiti eta Lendoñogoiti, Gorobel mendilerroa parez pare. Eta, azkenik, Urduña: Bizkaian hiri titulua duen lurralde bakarra. Lehenengo hiria, eta «azkena»; bertakoek halaxe sentitzen dute.

Urduñako mendi maratoia
Urduñako mendi maratoia. BERRIA

Historia luzeko hiria da Urduña, eta azulejuz egindako panel handi bat dute erdigunean, Foruen plazan, horren erakusgarri; plazaren handitasunak ere atentzioa ematen du. Izkina batean dago udaletxea, hor bertan, ia oharkabean. Ez, ordea, gaur egun hotel eta bainuetxe bihurtua den eraikin handia: plazaren alde oso bat hartzen du, eta guztiek aduana deitzen diote. Izan ere, XIX. mendera arte, merkataritzarako eremu garrantzitsua izan zen Urduña, eta agerikoa da hori plaza eta aduana gisa funtzionatzen zuen eraikin hori ikusita: Europa Gaztelarekin (Espainia) lotzen zuen, eta hortxe jarri zuten aduana. Gerora, militarren egoitza ere izan zen, eta, azkenik, bainuetxe bihurtu zen —tarte batez hutsik ere egon zen, berriz bainuetxe moduan zabaldu zuten arte—.

«Hiri lasaia da, oso kohesionatua dagoena, eta, horrez gain, oso aktiboa da: ondoko herriekin konparatuta, sekulako bizia du: kultur talde asko dago, hainbat ekintza antolatzen dituztenak, eta jendea beti dago laguntzeko prest», azaldu du Itziar Biguri Urduñako alkateak. «Jendeari kalean egotea gustatzen zaio, eta nabaritzen da: Amurrioko jendea ere etortzen da igandeetan poteak hartzera; askotan luzatu egiten dena», gehitu du.

 

"Talde asko daude: guk gauza asko egiten ditugu, eta Gualdetxu UMMkoek ere giro dezente jartzen dute"

Ainhoa Gutierrez. Erauntsi dantza taldeko idazkaria

 

Ainhoa Gutierrez eta Begoña Okerantza, berriz, Erauntsi dantza taldeko kideak dira, eta ados daude Bigurirekin: Urduña hiri bizia da. «Talde asko daude hemen bertan: guk gauza asko egiten ditugu, eta Gualdetxu UMMkoek ere giro dezente jartzen dute», azaldu du Gutierrezek. UMM Urduñako Mendi Maratoia taldeko kide Ibai Aspizua ere bat dator Bigurirekin: «Toki lasaia da, naturaz betea: kirola praktikatzeko oso egokia da. Irailetik azarora, ia asteburuero dago kirol probaren bat, eta kanpoko jende asko etortzen da».

Arabako bizkaitarrak

Urduñarrak ohituta daude honezkero, baina badira Bizkaiko izan eta Araban kokatuta egotearen zantzuak euren egunerokoan, atentzioa ematen dietenak Urduñakoak ez direnei. «Telefonoko lehenengo hiru zifrak Arabakoak dira», azaldu du Gutierrezek. Beste adibide bat, elizarena da, Juanjo Sanz zinegotziaren esanetan: «Hemen ditugun eliza eta ermita guztiak arabarrak dira. Gasteizko apezpikuaren menpe gaude: erlijioari dagokionez, arabarrak gara, baina administratiboki, bizkaitarrak, eta eliza oso gutxitan okertzen da».

Itziar Biguri, Urduñako alkatea
Itziar Biguri, Urduñako alkatea. Marisol Ramirez, Foku

 

"Urduña hiri lasaia da, eta, horrez gain, oso aktiboa da: ondoko herriekin konparatuta, sekulako bizia du"

Itziar Biguri. Urduñako alkatea

 

Errepideetan ere nabaria da, urduñarren esanetan, non hasten den Bizkaia eta non Araba. «Arabak konponketak egiten dituenean, Bizkaiko karteleraino egiten ditu, baita Bizkaikoak ere: beti dago alde bat berria, eta, bestea, zaharra», gehitu du Aspizuak. Osasun kontuak, berriz, Arabaren eta Bizkaiaren artean banatuak dituzte, Bigurik azaldu duenez: «Osakidetzan, adibidez, Arabarekin lotuta gaude. Gure pediatrak Amurrion daude, eta, adibidez, plaka bat atera behar baduzu edo espezialista batengana joan behar baduzu, Laudiora zoaz. Eta horrekin ez dago inolako arazorik. Familiako medikua, Urduñan daukagu, baina ospitalera joan behar izanez gero, Galdakaora joan behar dugu».

Bizkaian hiri titulua duen lurralde bakarra da Urduña, eta harro daude horrekin, nahiz eta «ahaztu samar» daudela errepikatzen duten. Oso gutxi dira Arabako izan nahi luketen galdetuta baietz erantzuten dutenak. Horietako bat da Sanz: «Neure ustez, ez du logikarik Bizkaikoak izateak: izatez, epe labur batez Arabakoa izan zen Urduña, hamabi urtez edo, baina garai hartan ere, duela bi mende inguru, bizkaitar izatearen alde egin zuten, eta hala jarraitzen dugu». Biguri, alkatea, bizkaitar sentitzen da, baita urduñar gehienak ere, haren esanetan: «Bizkaitarrak gara, eta hala sentitzen gara: ez dago besterik. Bizkaiko hiri bakarra denez, sentimendu hori oso indartsua da, eta ezin da horren kontra joan. Baina zure inguruan dauden Arabako herriak ikustean, batzuetan pentsatzen duzu agian Araba izanda egoera hobean egongo ginatekeela, agian».

Erauntsi dantza taldea
Erauntsi dantza taldea, emanaldi batean. BERRIA

Arabar izatea desio ez badute ere, zenbaitek uste du bestelakoa litzatekeela Urduñaren egoera. Halaxe uste du Alberto Zufiaur urduñarrak ere: han jaioa da, eta hantxe lan egiten du, aseguru etxe batean. «Nik ez dut Arabako parte izateko grinarik, baina jende askok esaten du Arabakoak bagina Bizkaikoak izanda jasotzen duguna baino arreta handiagoa jasoko genukeela, azpiegiturei, enpresei eta abarri dagokienez». Amurrio jarri du horren adibide: «Lehen, Urduña baino txikiagoa zen, eta begira nolako garapena izan duen: Urduñaren bikoitza baino gehiago da gaur egun, biztanleei dagokienez».

Zerbitzuak partekatzea, zail

Bizkaiko «azkenak» direla sentitzen dute, eta Arabakoak balira  gauzak bestelakoak liratekeela uste dute: Gasteiz, Amurrio, Laudio eta Agurain soilik leudeke Urduñaren aurretik. «Hemen zeuden enpresa gutxiak ixten joan dira, eta, azkenean, lotarako hiri bihurtu da Urduña: ia mundu guztiak kanpoan egiten du lan. Zerbitzuei dagokienez, ahal bezala irauten dugu», nabarmendu du Zufiaurrek.

 

"Tarte labur batez, Urduña Arabakoa izan zen, baina garai hartan ere bizkaitar izatearen alde egin zuten"

Juanjo Sanz. Urduñako zinegotzia

 

Enpresa gutxi daude, eta, hala ere, langabezia tasa txikia du Urduñak, %7,5 inguru. «Fabrika gutxi dauzkagu: askotan esaten dugu enpresarik handiena udala bera dela», dio, barrez, Bigurik. Izan ere, udalak kudeatzen du zaharren egoitza, eta hor 50 langile daude. Bainuetxeak eta Josefino ikastetxeak ere langile «asko» dituzte, baina, orokorrean, enpresa txikiak baino ez daude, Biguriren esanetan.

Muga administratiboek albo kalteak sortzen dituzte, egunerokoan aparteko trabarik sortzen ez badiete ere. «Baliabideak ez dira ondo erabiltzen». Errepide inguruko larreen zainketa jarri du horren adibide. «Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa bat du horretarako kontratatua: Arrankudiagatik etorri behar du, eta Araba osoa gurutzatu, hemengo belarra mozteko; Araba barruan balego, Amurriotik pasatzen den enpresa bera pasa zitekeen». Zaborrekin ere antzera gertatzen zaie. Duela gutxira arte, Aiarako kuadrillarekin egiten zuten, baina, orain, Bizkaiko Aldundiarekin egiten dute, merkeago ateratzen zaielako. «Ez ginenez Aiarako mankomunitatearen parte, garestiago ateratzen zitzaigun. Pentsa, Arrankudiagatik etortzen dira Urduñara zaborrak hartzera, eta, gure kasuan, Alonsotegira eraman behar dituzte: hori ere gastu ederra da».

 

"Askok dio Arabakoak bagina Bizkaikoak izanda jasotzen duguna baino arreta handiagoa jasoko genukeela"

Alberto Zufiaur. Urduñarra

 

Inguruko herriekin zerbitzuak  banatzea ondo legoke, Biguriren ustez. «Guretzat esfortzu handia da berdintasun teknikari bat izatea, aurrekontua nahiko estua baita, baina horren aldeko apustua egin genuen. Baina, adibidez, Artziniegak agian ez dauka baliabiderik bat edukitzeko, eta elkarrekin banatu genezake. Baina nola egingo dugu? Lurralde berekoak ez garenez, hor hasten dira arazoak». Logikarekin funtzionatu behar dela gehitu du: «Azken finean, gure nortasuna galdu barik, administrazioek, udalak zein foru aldundiek, formula bat bilatu behar dute herrien eta herritarren egoera hobetzeko, muga administrazioen gainetik; eta horri logikarekin funtzionatzea deitzen zaio, logika aplikatzea».

Bihar: Euskal Herriko enklabeak eta esklabeak (eta V): Villaverde Turtzioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.