UDAKO SERIEA. Politikari ohiak (I) Ana Madariaga (Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari ohia, EAJ)

«Egindako lanagatik neurtua izatea nahiko nuke»

Lehenengo lerroa utzi duten zenbait agintari politiko ohiri egindako elkarrizketak argitaratuko ditu BERRIAk igandea bitartean. Hogeita lau urtez instituzioetan aritutako Ana Madariaga da aurrenekoa.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Portugalete
2015eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaritzaren lekukoa Ana Otaduiri emanda, askoz bizimodu lasaiagoa du Ana Madariagak (Barakaldo, Bizkaia, 1963). Dioenez, lagun eta ezagunak harritu egiten zaizkio Portugaleten paseoan edo erosketak egiten ikusten dutenean. Izan ere, Batzar Nagusietako lehendakaritzan eman dituen hamabi urteetan zaila zen Madariaga herrian ikustea. Eta berari ere «arraro» egiten zaio beste gauza batzuk egiteko astia edukitzea. Oraindik ez daki zertan arituko den udazkenetik aurrera; oraingoz, udan atseden hartzea du asmo bakarra.

Orain, zorionez, gauzak aldatu dira, baina garai batean ez zen batere ohikoa izango Portugaletekoa eta euskalduna izatea, ezta?

Ez. Bitxia da, baina garai batean, Portugaleten geunden euskaldun apurrok euskarazko mezan egiten genuen topo elkarrekin, zapatu arratsaldeetan. Gogoratzen dut auzokideok, gutaz berbetan egitean, «los aldeanos» esaten zutela.

Joan den ekainaren 16an Bizkaiko Batzar Nagusi berrietako mahaia aukeratu zen. Huraxe izan zen zure azken saioa foru erakundean.

Bai. Egia esateko, nire agurra martxoan izan zen, aurreko agintaldiko azken batzarrean. Baina zuk aipatzen duzun saio hori berezia izan zen: badakizu bazoazela, agurra ere egin duzu, baina han egon behar duzu hurrengoari lekukoa pasatu behar diozulako. Orduko hartan hitzaldi labur bat baino ez nuen egin, agurra eginda zegoelako, baina mundu guztia txaloka hasi zenean hunkitu egin nintzen. Han esan nuen bezala, ni etxetik negar eginda joan nintzen batzarrera, han beste itxura bat eman nahi nuelako, baina sentimenduek gainezka egin zidaten.

1991n, EAJk Portugaleteko zinegotzi izatea proposatu zizunean, pentsatu zenuen zure ibilbide politikoa hain luzea izango zela?

Niretzat ezustekoa izan zen alderdiak proposamen hori egitea, ni ikasketak amaitu berri eta lanean hasitako gazte bat nintzelako. Konpromisoa banuen, 14 urte bete nituenetik izan naizelako alderdikide, eta politikan sartzea inoiz pentsatu ez banuen ere, baiezkoa eman nuen. Eta gero, gauzak etorri egin dira.

Zelakoa izan zen aldundirako jauzia?

Bi agintaldi egin nuen zinegotzi, eta hirugarrenean, neu izan nintzen Portugaleteko EAJren zerrendaburua. Baina handik gutxira Josu Bergarak deitu zidan, proposamena egin zidan eta onartu egin nuen. Batzuetan gauzak horrela etortzen dira, pentsatu barik.

Udaletik aldundira aldaketa handia dago?

Bai, itzela. Gainera, Portugaleten ongizate, droga menpekotasun, hezkuntza eta horrelako gaietan aritu nintzen. Hortik Kultura sailburu izatera salto handia da. Baina ni gaztea nintzen, eta esperientziak balio izan zidan asko ikasteko.

Lau urte egin zenituen Kultura sailburu, eta 2003an Batzar Nagusietako lehendakari izendatu zintuzten. Ez zitzaizun garai gozoa egokitu: ETAren jarduera, legez kanporatzeak...

Hala da. Legez kanporatzeei dagokienez, tirabira handiak egon ziren. Ez ganberan bertan, baina bai batzarren aurretik, edo Gernikako Batzar Etxera sartzen ziren sartzerik ez zutenak... Gogorra zen, alde batetik ni ez nengoelako legez kanporatzearekin ados, ez ni ezta nire alderdia ere, baina beste aldetik legea zegoen, eta legearen arabera batzarkide ez zirenak ezin ziren han egon. ETAren indarkeriari dagokionez, zer esanik ez: zenbat aldiz bildu behar izan genuen foru aldundiaren eskaileretan! Uda bat egon zen gogor-gogorra. Eta horrek harreman pertsonalei ere kalte egin zien. Gauza bat da politika kontuetan desadostasunak edukitzea, baina horrelakoak ez gaitzestea ere... Egoera motza zen.

Momentu onak ere egongo ziren.

Bai, asko. Lehenengo aldiz presidente izendatu nindutenean, adibidez. Gainera, garai hartan koalizioa genuen Eusko Alkartasunarekin, eta gehiengo osoa eduki- tzeak asko errazten zituen gauzak. Batzar Nagusiak berreskuratu zireneko 25. urteurrena ere gogoangarria izan zen. Eta oso une berezia izan zen arbola aldatu behar izan genuenean.

Zelan izan zen hori?

Gaurtik ikusita ematen du ez zela hainbesterako izan. Baina horrek duen sinbologiarekin, bere momentuan ez pentsa erabaki erraza izan zenik. Gogoan dut garai hartan Bizkai Buru Batzarrean Iñigo Urkullu zela presidentea, eta harengana joan nintzela esatera arbola aldatu behar genuela. «Bada, aldatu behar bada, zer egingo diogu», esan zidan. Gero, bigarren aldiz aldatu behar izan genuenean, desberdina izan zen. Baina lehenengoan, errespetu handia sortzen zidan erabaki hori hartu behar izateak.

Zelakoa da Batzar Nagusietako lehendakariaren eginkizuna?

Ahaldun nagusiaren lanarekin alderatuta, oso desberdina. Ahaldun nagusia exekutiboa da, bere gobernua du eta gauzak egin egiten ditu. Batzar Nagusietako lehendakaria instituzionalagoa da. Alderdikoa zara eta zure taldea hor dago, baina zuretzat kideak denak dira. Ez da erraza, baina nik hori kontuan hartu dut beti. Batzuetan, zure taldekoek leporatzen dizute besteen alde egiten duzula, eta besteek, berriz, alderdikideen alde ari zarela edo horiei gauza gehiago onartzen dizkiezula. Baina, hala ere, ni gustura nago egindako lanarekin. Talde guztiekin izan ditut harremanak, guztiekin moldatu naiz ondo, denak errespetuz tratatu ditut eta eurek ere errespetuz hartu naute beti.

Behin baino gehiagotan egokituko zitzaizun batzarkideren bati gaztigua eman behar izatea.

Lehenengo agintaldian, esaterako, nire taldeko bozeramailearekin izan nuen tirabira. Birritan hartu nion kargu, eta badakizu hirugarrenez kargu hartu behar izanez gero aretotik bota behar dudala. Zorionez, ez ginen horretara iritsi. Eta batzarkideren bat aretotik kanporatu behar izan dut behin baino gehiagotan.

Nor, adibidez?

PPko bozeramaile [Esther] Martinez andrearekin tirabirak izan ditut azken agintaldian. [Irune] Soto andrearekin ere bai [EH Bildu]. Eta, hala ere, beti erakutsi diote errespetua bai lehendakariaren karguari bai eta instituzioari ere, eta uste dut hori onuragarria izan dela politika girorako.

Azken urteotan asko indartu da politikarienganako mesfidantza eta herritarren atxikimendu falta. Zelan ikusten duzu hori?

Politikan gaudenentzat apur bat etsigarria da, asko direlako euren lana ondo egiten duten politikariak. Ez da bidezkoa. Egia da batzuek sekulako dirutzak lapurtu dituztela, eta horrek jendea sutu egiten du, are gehiago askok jateko ere ez daukanean. Nik beti esan dut nire soldata ona izan dela, ezaguna da behin baino gehiagotan agertu delako komunikabideetan, baina ni ez naiz lotsatzen esateaz hori irabazi dudala, lana ere egin dudalako, eta nahiko nuke egindako lanagatik neurtua izatea. Politikariek ondo kobratu behar dute, gainerako profesionalek ondo kobratzen duten moduan, baina exijitu ere egin behar zaie.

Uste duzu politikariek lezioa ikasi dutela?

Nik esango nuke baietz, eta ikusi besterik ez dago azken hauteskundeen ostean ardura hartu duten alkate, ahaldun nagusi eta gainerakoen mezuak. Beste umiltasun bat dago, denek nabarmentzen dute jendeari zerbitzatzearen ideia. Espero dezagun denok lezioa ondo ikastea.

Azken agintaldi honetako beste mugarri bat izan da arautegi berriaren onarpena. Beharrezkoa zen arautegia aldatzea?

Bai. Ni ailegatu nintzenean arautegia ezagutzen nuen, lehenago batzarkidea izan nintzelako, eta lehenengo agintaldian inork aldatzerik proposatzen ez bazuen ere, ikusten genuen gauza batzuk oso astiro joaten zirela, epeak luzatzen zirela eta abar. Bigarren agintaldian mahai gainean jarri nuen gaia, taldeek eskatuta, eta lantalde bat hasi zen horretan lanean, baina ez zuen lana amaitu. Hirugarrenean konpromisoa hartu nuen aldatzeko, beharrezkoa zelako.

Zeintzuk ziren arazoak, bada?

Arautegia 1980ko hamarkadakoa zen, eta bazituen bere alde onak, baina prozesuak luzeegiak ziren, eta orain dauden bitarteko berriekin, ezinezkoa da gai bat mahaian aurkeztu eta handik hilabetera oraindik eztabaidatu barik egotea. Gardentasunaren aldetik ere hobekuntzak egin behar ziren. Niretzat oso pozgarria izan zen aldaketa aho batez eta talde guztien adostasunarekin onartzea. Baina kosta egin zitzaigun.

Bizkaiko Batzar Nagusietako historian lehendakaritza hartu duen lehen emakumea izan zara. Orain nahiko gauza arrunta ematen du, baina bere garaian garrantzia izan zuen horrek?

Bai. Orduan egindako elkarrizketak irakurtzen badituzu, ikusiko duzu beti galdetzen zidatela horren inguruan, eta ahaldun nagusiari, aldiz, ez. Ez naiz emakume bakarra izan batzar nagusietan lehenengo lerroan egon dena, baina hainbeste ere ez ginen. Gero gauzak aldatuz joan dira, eta lau ganberetako presidente guztiak [Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak eta Eusko Legebiltzarrekoa] emakumeak izan gara. Orain beste ikuspegi bat dago, eta badirudi normalagoa dela, baina oraindik asko gelditzen da egiteko. Eta erresistentziak daude.

Erresistentziak?

Bai. Inork ez dizu ezer esango ez delako politikoki zuzena, baina oraindik gizon batzuk ez daude ohituta emakumeekin batera goi mailako lan bat egiten edo andreen agindupean egoten.

Zelan ikusi duzu PSE-EEren gainbehera Ezkerraldean?

Ezkerraldean sozialistak ia beti nagusi izan dira, hauteskunde emaitza oso onekin gainera. Baina hemen denok ezagutzen dugu elkar, eta uste dut jendeak ikusi duela goi mailako sozialista batzuek nolako jarrerak izan dituzten. Nahiago dut izenik ez eman, baina sozialista ezagun batzuek alde batera utzi dute eskualdea, eta, gainera, gauzak txarto joan direnean alde egin dute. Nik uste dut jendeak hori zigortu duela.

Zure herrian, Portugaleten, alkatetzari eutsi diote.

Bai, eta hori ere esanguratsua dela uste dut. Nik uste dut jendeak baloratu duela hemen aurkeztu duten hautagaia [Mikel Torres PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusia]. Hemen sozialistak ez daude zatituta, eta gauzak ondo doazenean jendeak ez du aldaketarik nahi. Baina beste herri batzuetan egoera oso desberdina izan da, eta jendeak ikusi egin du.

Etorkizunerako planik baduzu?

Oraindik ez. Alderdiak esan dit nirekin berba egin gura duela, eta berba egingo dugu, baina orain uda dator eta nahiago dut gauzak lasaitasunez hartu, presa barik. Ni, printzipioz, prest nago alderdiak agintzen didana betetzeko, baina ikusi egin behar. Oraingoz ez dakit uda ostean politika inguruan jarraituko dudan edo beste zereginen batean. Ikusiko dugu. Orain nire kontu pertsonalez arduratzen ari naiz, eta ez dakit luzerako izango den, baina noizean behin atseden apur bat hartzea ez dago txarto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.