UDAKO SERIEA. Hutsunea betetzeko lanean (I). Estellerria.

Gurpil zoroa eten eta irauli nahian

Azken 30 urteetan Lizarran eta sei herri handienetan biztanleria %7 handitu da, baina herri txikietan gainbehera izan da. Arrazoi asko daude atzean; tartean, zerbitzu eta azpiegitura gabeziak eta etxebizitza falta.

joxerra senar
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroan, despopulatzeko arriskua dute lau herritik batek. Estellerrian, adibidez, Lizarratik edo Ebro ibarretik zenbat eta urrutiago edo komunikazioa zenbat eta zailago, arazoa are eta ageriagoa da. Egoera argi ikusten da Arabarekin muga egiten duen Aguilar ibarrean, Lokizko mendiaren hegoaldeko Lana haranean, Urbasa eta Andiaren magaleko herrietan eta Berrotzan. Dena den, gainerako lekuetan ere antzematen da gainbeheraren itzala.

Elkar elikatzen duten faktore batzuek hauspotzen dute gurpil zoroa. Iñigo Nagore Teder landa garapenerako agentziako arduradunak halaxe laburbildu du: «Gehienak herri txikiak dira, zerbitzuen eta azpiegituren defizit handia dute. Zerbitzu falta horrek eramaten ditu gazteak herria uztera. Seme-alabak ikastera urrutira eraman behar baditut, azkenean herriak hustuz doaz, eta zaharrak bakarrik geratzen dira, eta zaintza behar dutenean ere Lizarrara edo Iruñera datoz». Egunez egun eta urtetik urtera, oharkabean doan prozesu isil horri izena jarri zaio. Hori da lehen urratsa: «Duela urte batzuk ez zegoen kezkarik, baina uste dut orain kontzientzia badagoela».

Batzuetan, baina, zerbitzu falta ez da arazoa. Los Arcosen modura, Allok autobidea nahiko gertu du, osasun etxea eta ikastetxea ditu, eta, hala ere, biztanleria galtzen ari da. Batzuetan, kopuruek kontzientziaren iratzargailua pizten dute: «Apurka-apurka doan prozesua da. Guretzat, esanguratsua izan zen mila biztanletik behera jaitsi ginenean, eta udal bozetan bederatzi zinegotzitik zazpira pasatu ginenean. Biztanleria zahartzen ari da, 65 urtetik eta 80 urtetik gorako pertsona asko ditugu herrian», adierazi du Susana Castaneda PSNko alkateak. 1989tik herritarren %20 galdu ditu Allok, eta 15 urtetik beherako haur bakoitzeko 65 urtetik gorako 2,2 adineko daude.

Allo joera orokor baten isla baino ez da. Estellerrikozazpi herririk handienetan Lizarran, Aiegin eta Ebro ibarreko herri handietan bizi dira eskualdeko herritarren %59, eta azken hiru hamarkadatan %7 handitzea lortu dute. Alderantziz, beste herri batzuetan biztanleak galduz eta zahartuz doaz. Ibarraren arabera, joera gordina edo arina da. Mapan urdin ilunez ageri diren udaletan, 30 urtean biztanleriaren %25etik gora galdu dute, eta horietako askok erdiak baino gehiago. Joeraren muturrean, bi adibide: Azuelok herritarren %65 galdu ditu, eta Bargotak haur bakoitzeko 65 urtetik gorako hamar adineko ditu.

Etxebizitza, arazo

Andiako mankomunitateak Deierrin, Abartzuzan, Gesalatzen, Jaitzen, Lezaunen eta inguruko herrietan egindako inkestan agertzen denez, gazteen eta 40 urte bitarteko helduen %91k eskualdean bizi nahi dute, baina bi kezka nagusi dituzte: enplegua eta etxebizitza. «Paradoxaz, etxebizitza arazo larria da. Aurkitu dugu herrira etorri nahi duen jendea, baina ez dute etxerik erosteko edo alokairuan hartzeko. Etxebizitza politika guztia Iruñera begira egiten da, eta ez dago neurririk herri txikientzat», azaldu du Nagorek.

Nastat estatistika erakundeak uztailean kaleratuko txosten batean ageri denez, mila biztanletik beherako herrietan batez beste etxeen %35 hutsik daude—Azuelon, berriz, %76—.

Susana Castanedaren arabera, etxebizitza «arazo larria» da, eta espero du aurki hirigintza plan berria onartuko dela. Beste neurri batzuk eta ideia batzuk ere aplikatzen ari dira herrian. Irailean, balioaniztasun zentro bat inauguratuko adineko jendeari begira: «Zaintzaren eredu zaharkitua gainditu nahi dugu, eta zahartze aktiboa bultzatu jendeak ahalik eta denbora gehiena eman dezanetxean». Proiektu hori beste herrietara eraman nahi dute. Horrekin batera, landa eremuan ekintzaileak sustatzeko Rural Hub proiektuan parte hartu du, eta legedia landa eremura egokitzeko G-100 sarean parte hartzen ari da. Herri txikiagoetan, baliabiderik ez dagoenez, elkarlana izan daiteke gakoetako bat. «Alkateak jabetzen gara batuta gehiago garela, eta eskuz esku lan egiten dugu, baten onura bestearena ere badelako».

Udalez gaindi, legealdi honetan Nafarroako Gobernuak despopulatzeari aurre egiteko zuzendaritza bat sortu du. Iñigo Nagoreren arabera, «gauza asko egiten ari dira, baina, beharbada, ikuspegi osoagoa izatea falta da. Departamentu bakoitzak bere ikuspegia du, eta laguntza lerroak diseinatzen ditu, baina ez dago koordinazio egokirik».

Turismoa eta industria

Dena den, funtsezkoa da gainbehera jasaten duten tokietan jarduera ekonomikoak sustatzea. «Turismoa palanka ona da, eta potentzial handia du», Nagoreren arabera. Donejakue bideaz eta Urbasa-Andiaz gain, «ezezagunagoak diren beste natur eta kultura baliabideak ditu Estellerriak: Jaizko gatzaga, Lokizko mendilerroa, Berrotza ibarreko ondasun erromanikoa eta natur baliabideak, Lizarratik Gasteizera zihoan trenaren bide berdea...».

Dena den, Nagorek nabarmendu du Lizarran industria bultzatu behar dela. «Apurka, gain behera doa. Arte grafikoen industriak garrantzia izan du, eta sektore hori gehiago garatu behar da». Arte grafikoen Lanbide Heziketako zentro bat sortzeko aukera dago. «Proiektu indartsua izango litzateke, eta, industria garatuz, jendea erakartzeko modu bat izan daiteke».

Despopulatzea lehen sektorearen gainbeherari ere estu lotuta dago, eta hura bultzatzea ere giltzarri izan daiteke. Helburua egungo gurpil zoroa etetea eta iraultzea baita.

Bihar: Arabako Mendialdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.