UDAKO SERIEA. Etxebizitza (IV). Etxegabetzeak

Kaleratzeak nola eragotzi

Legeek herritarrei etxe eskubidea aitortzen dieten arren, oraindik ere egiten dira etxegabetzeak. Adituek eta arituek uste dute erakundeek gehiago esku hartu behar luketela halakoak eragozteko.

Hernani. Etxegabetze bat, ekainean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren arabera, herritar guztiek dute bizitoki egoki bat izateko eskubidea. Etxe eskubidea, ordea, Euskal Herrian ez da askotan bermatzen. Horren adibiderik lazgarrienak etxegabetzeak dira. CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan 119 etxegabetze egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Alokairuko erregimenean bizi zirenak kaleratu zituzten gehienbat: 115. Nafarroan, berriz, 230 etxegabetze egin zituzten iaz; horietatik 175 alokairuan bizi ziren familiak ziren.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, 2019an 302 prozedura izan ziren Baionako Auzitegian alokairua eten ondotik bizitegia utzi ez zuten maizterren kontra: merkatu librean alokairurik aurkitu ezinik, uko egin zioten etxetik alde egiteari, eta azkenean epaileek agindu zituen etxegabetzeak. Alda mugimenduak uste du kaleratzeak gehiago direla, halako kasu guztiak ez baitira epaitegietara iristen. Kaleratzea etxea saltzeko egiten denean, bizitegia bigarren etxebizitza edo turismorako alokairu bilakatzen da maiz, Aldaren arabera; baina iruzurrezko etxegabetzeak badirela ere salatu izan du. Egoeraren errealitatea ezagutzeko, etxegabetzeen datuak biltzeko eskatu die Euskal Elkargoari eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturari.

Hego Euskal Herrian, denetariko gizarte mugimenduak eta herritarrak ari dira etxegabetzeen aurka borrokatzen eta irtenbideak proposatzen. Horietako bat da Yolanda de Pablo abokatua: etxetik kaleratuak izateko arriskuan daudenei aholkularitza juridikoa ematen urte askoko eskarmentua dauka. Haren arabera, etxegabetzeak ugaritzen laguntzen dute alokairuaren prezioaren eta euriborraren igoerak. Horregatik, proposatu du Espainiako etxebizitza legea Hego Euskal Herrian baliatzea, tentsio handiko eremuak izendatzea alokairuen prezio igoera mugatzeko.

Kaleratzeak Stop mugimenduak ere tentsio handiko eremuak izendatzearen alde egin du. «Merkatuak ez du inolako kontrolik, etxeak falta dira, eta espekulazioa nabarmena da. Horregatik, herritar gehienek ez dute sarbiderik merkatu horretan», adierazi du Rosa Garcia kideak.

Hain justu, etxegabetzeak eragozteko hainbat proposamen egin ditu Garciak. Hau da bat: «Alokairu sozialeko parke publikoa nabarmen handitzea da modu bakarra kaleratuak izateko arriskuan dauden herritarrei bizileku alternatibo bat emateko. Ausardia eta borondate politikoa baino ez dira behar horretarako».

Neurri zehatzak

Hori gauzatzeko, bi neurri jarri ditu mahai gainean. Lehenik, merkatu librean etxe bat erosten duenak zergetan jasotzen duen hobaria ezabatzea, diru hori parke publikoa finantzatzeko erabiltzeko. «Etxeak erosteagatik ematen diren hobarietara 300 milioi euro bideratzen ditu Eusko Jaurlaritzak; diru hori alokairu sozialeko etxeak finantzatzeko erabiliko bagenu, hirukoiztu egingo genuke gaur egungo aurrekontua». Bigarrenik, aurrekontu publikoetan etxebizitza tasatuak finantzatzera bideratutako dirua alokairu soziala bultzatzeko erabili beharko liratekeela uste du Garciak.

2015ean Eusko Legebiltzarrak onartu zuen etxebizitza legearen 65. artikulua erabiltzearen alde egin du De Pablok. «Horren arabera, erakunde publikoek gaitasuna dute etxegabetze arriskuan diren etxeetako maileguen kargu egiteko. Baldintza batekin: etxebizitza parke publikoaren parte bihurtuko lirateke etxe horiek». Azaldu duenez, hipoteka ordaindu ezin izateagatik etxetik kanporatzeko arriskuan direnen hipotekaren jabe egingo balitz administrazioa, etxe horietan bizitzen jarraitu ahalko lukete bizilagunek, alokairu sozialeko erregimenean. «Neurri horrekin eraginkortasuna eta iraunkortasuna uztartuko lirateke. Ez legoke etxe gehiago eraikitzeko hainbesteko beharrik».

Jabeek etxeak alokairuan eskaintzen jarraitzea bultzatzea ere «garrantzitsua» da, abokatuaren ustez. «Zer nahi du etxea alokairuan jartzen duen jabeak? Hilabetero ordain diezaiotela, eta etxeak ez dezala kalterik izan». Bi baldintza horiek betetzeko instituzio publikoek «gehiago» egin dezaketela esan du: «Erakundeek pagatu beharko lituzkete ez ordaintzearen eta kalteen aseguruen gastuak. Lehiaketa publiko bidez kontratatu lezakete aseguru etxe bat, eta baldintza oneko poliza bat negoziatu ahalko lukete». Azken batean, ildo beretik doaz Garciaren eta De Pabloren proposamenak: erakunde publikoen esku hartze handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.