UDAKO SERIEA. Kixoteri bisitan (II). Euskarazko Kixoteak.

Orrizko herri hau

Mundu osoko hamaika agintarik sinatutako 'On Kixote'-ren milaka kopia gordetzen ditu Tobosoko museoak. Hamaika hizkuntzatara itzulitako edizioak ikusi daitezke han, euskarazkoak barne. Izan ere, munduan gehien itzuli den liburua da Cervantesena, Bibliaren ostean.

MAITE MUTUBERRIA.
Inigo Astiz
Toboso
2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Adolf Hitler, Muammar Gaddafi eta Mario Vargas Llosa. Despistatuentzat, badaezpada, errepikatuta doa berriz ere hiru izeneko zerrenda: Hitler, Gaddafi, Vargas Llosa. Hortxe. Bitxia da zer hiru izen elkartu dituen Tobosoko museo cervantestarreko salbuespenen zerrendak. 1920an hasi zen herriko alkatea munduko txoko guztietako agintari eta sortzaileei euren eskuz sinatutako On Kixote-ren kopiak eskatzen, eta ikusgarria bilakatu da bilduma urteekin. Margaret Thatcher, Nelson Mandela, Ronald Reagan, Benito Musolini, Ignacio Lula da Silva, Francisco Franco, Hosni Mubarak... Kixote gazteleraz, Kixote ingelesez, Kixote arabieraz, xhoseraz, sardinieraz, japonieraz, katalanez, italieraz, alemanez, portugesez, esperantoz, eta, tartean, baita euskaraz ere; kasu honetan, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren eskaintzarekin. Atarian eman du azalpena museoko arduradunak: «Bibliaren ostean, Cervantesena da gehien itzuli den liburua». Kontatzen duenez, bilduma osoaren erdia baino ez da publikoak ikus dezakeena, eta hamaika hizkuntzatan idatzitako ehunka Kixotez beteak dituzte biltegiak. Hiru salbuespen baino ez. Hiru pertsonak bakarrik egin diote uko Kixote bat bidaltzeari. Nibelungoen kanta Erdi Aroko kanta alemaniarren bilduma bidali zuen sinatuta Hitlerrek; bere ideologiaren oinarriak biltzen dituen Liburu berdea bidali zuen sinatuta Gaddafik, eta bere liburu bat utzi zuen sinatuta Vargas Llosak. Hitler, Gaddafi eta Vargas Llosa. Hau da Toboso.

Bentaja handia du Tobosok Kixoterekin uztartutako Mantxako beste herri askoren aldean. To-bo-so. Cervantesek argi aipatzen du herriaren izena bere eleberrian, eta bertan kokatzen du kontakizunaren zati bat. Herria ez dago aukera alferrik pasatzen uzteko, eta hasieratik uzten dute argi. Herriko lehen etxearen atarian irakur daiteke eleberriaren bigarren liburuko 9. ataleko testu puska txikia. «Eta Tobosora heldu ziren». Horman txertatutako burdinazko hizki beltzez kontatzen da Santxo eta Kixote Tobosora heldu zireneko unea. Eta etxez etxe jarraitzen du kontakizunak gero. Liburu bat bezala zabaltzen zaio herria bisitariari urrats bakoitzarekin. «Gaua ilun arina zen», dio plazara gerturatu ahala dagoen beste hizki sorta batek, eta pertsonaiek eliza ikusten duten unea biltzen du elizaren alboan dagoen etxeak: «Dorre handi bat ikusi zuen...». Zalantzarik ez: pertsonaiek herrian ikusi zutena ikusten du hemen dagoenak. Hemen gurutzatzen dira fikzioa eta errealitatea. Baina ez beti interferentziarik gabe. Adibidez: «Tokian tokiko .. :. .tura». Denboraren poderioz desagertu egin dira hormetako zenbait hizki, eta letra horiek eusten zituzten iltzeak baino ez dira gelditzen orain bistara. «Ohitura» zena, «.. :. .tura» da orain. Literaturaren iraupenaz beste ikas daiteke hemen hitzen heriotzaz.

«Zer eman diezaioke Kixotek euskal idazle bati?». Bitoriano Gandiaga poeta frantziskotarrak Uda batez Madrilen liburuan kontatzen duenez, galdera hori egin zion kazetari batek bere liburuetan zaldun zoroa behin baino gehiagotan aipatzen zuelako. Eta Cervantesi idatzitako gutun baten bidez kontatzen du Gandiagak liburuan Kixote irakurtzean sentitu zuen zirrara. «Arantzazuko gau isiletan eskandalu handiak sortu nituen zure liburu hori irakurri-ahala. Lo-ordutan irri ta barre izaten nuela gelan eta fraide on batek behin baino gehiagotan egin zidan akar eta nagusiengana salatuko ninduela zemaia egin ere bai, baita gelara etorri eta gela guztia miatu ere inoiz, ea han nortzu ote ginen ikusteko. Nik han nuen liburua, baina fraideak ez zuen ikusi». Baina ez da Gandiaga bakarrik; asko dira Tobosora heldu diren euskal idazle, irakurle eta itzultzaileak.

Harizko Toboso

Bidaiei buruzko oharra: Zer deskribatu behar du lehenengo heltzen ez denak? Zapaldutako elur gainean dabil oinez Toboson dabilena. Cervantes, Avellaneda, Kafka, Unamuno, Gandiaga, Borges, Greene... Literatur erreferentziek eraikitzen dute paisaia hau hormigoiak eta zuhaitzek bezainbeste. Italo Calvino idazleak, adibidez, biztanleen arteko lotura hutsez eraikitako fantasiazko hiri bat deskribatzen du Le cittá invisivili liburuan: Ersilia. «Hiria gidatzen duten harremanak zehazteko, hiritarrek hariak jartzen dituzte etxe ertzen artean; hari zuri, beltz, gris edo zurixkak, irudikatu nahi duten senidetza, hartu-eman, autoritate edo ordezkaritza harremanaren arabera. Hari kopurua hazi, eta kalean haien artetik pasatzeko tarterik ere uzten ez dutenean, biztanleak joan egiten dira: desmuntatzen dituzte etxeak, eta, atzean, hariak eta haiek eusten dituzten euskarriak bakarrik gelditzen dira. Mendi magal batean kanpatuta, Ersiliako iheslariek lautadan zutik geratu diren hari eta makilei begiratzen diete. Ersilia hiria da hori oraindik ere, eta haiek ez dira ezer». Antzera hemen ere. Kendu Tobosori Toboso, eta literatur erreferentzia sare trinko bat geratuko da lautadan zutik.

Esanguratsua da datua: munduan gehien itzuli den bigarren liburua da Cervantesena. Hau da: Jesu Kristo lehenengo eta Kixote bigarren. Baina liga berean. Nekez topa liteke horregatik inork aurrez ibili gabeko biderik hemen. Eta ederra da Cervantesek Kixoteren ahotan jarritako itzulpengintzari buruzko gogoeta ere. «Hizkuntza batetik beste batera itzultzea [...] tapiz flamenkoak atzealdetik begiratzearen moduko zerbait da». Ikusi, ikusten dira figurak, baina igartzen dira hari solteak ere, eta sekula ez dira irudiak aurrealdetik ikusten diren bezain argi ikusiko.

Begiratu, adibidez, Kixoteren euskarazko itzulpenen historiari, eta euskal literaturaren historiaren korapiloekin egingo du topo irakurleak. Txatalka, etenka eta historiari kontra eginez heldu da Kixote euskararaino. Nekez. Oso nekez. Baina badira Tobosotik Euskal Herriraino heltzen diren hariak.

Heriotzak ez daki euskaraz

Kixote osoa itzultzea zen, adibidez, Jose Palacio Saenz Biteriren asmoa XIX. mendean, baina ezin izan zuen lana amaitu. Liburua erdibidean zuela hil zen, eta 1936ko gerra eraso batean desagertu ziren eskuizkribuak gerora. Kapitulu sorta bat baino ez zuen itzuli Jean Pierre Duvoisinek. Berdin Paulo Zamarripak, Ebaristo Bustintzak eta Mateo Muxikak. Iruñeko Udalaren literatur lehiaketa baten bultzadaz, OnKixote-ren lehen liburuko 9. kapitulua itzuli zuten 1926an Orixek, Buenaventura Oieregik, Lizardik, Aingeru Irigaraik eta beste hainbatek. Eta lehen zortzi kapituluak baino ez zituen euskaratu Gabriel Arestik 1969an. Bitxia da pentsatzea zenbatetan jaio den Kixote euskaraz, eta, aldiz, zenbat kosta den haren heriotza kontatzen duen azken kapituluraino iristea. Eta poetikoa da ondorioa: Cervantesek 1605ean sortu, eta 1976an hil zen euskaraz Kixote. Pedro Berrondo itzultzailearen eskutan, zehazki, bera izan baitzen zaldunaren kontakizun osoa euskaratu zuen lehen pertsona. 461 urte kosta zitzaion heriotzari euskaraz ikastea.

Bi Kixote daude Cervantesen lanean, euskarari dagokionez, eta bietariko zeini erreparatzen dioten, euskararen etsaitzat edo euskararen aldekotzat irudikatu dute adituek idazlea. Zaldunak lehen liburuko zortzigarren atalean bizkaitar baten aurka duen borrokaldia aipatu izan dute Cervantesen euskararen aurkakotasuna defendatzen dutenek. Izan ere, irrigarri uzten du narratzaileak bizkaitarra: suminkor, baldar, ergel. «Gazteleraz txarto, erdara-mordoiloan eta erdi-euskaraz» hizketan.

Cervantes euskararen alde irudikatu dutenek ere badute argudiorik, ordea. Bigarren liburuko 16. atala da horren froga, bertan nork bere ama hizkuntzan idaztearen alde egiten baitu Kixotek bere hitzaldietariko batean: «Homero handiak ez zuen latinez izkiriatu, grekoa zelako; ez eta Virgiliok grezieraz ere, latindarra zelako. Azken finean antzinako poeta guztiek esnetan edoski zuten hizkuntzan izkiriatu zuten (...) arrazoizkoa litzateke ohitura hau nazio guztietan hedatuko balitz, eta aleman poeta ez gaitzestea bere hizkuntza izkiriatzen duelako, ez gaztelaua, ez eta berean izkiriatzen duen bizkaitarra ere».

La catedral de la Mancha. Mancha's cathedral. La cathedral de la Manche. Elizako dorrea da Cervantesek Tobosoz egiten duen deskribapenaren erdigunea, eta dorre hori da herriaren zentroa oraindik ere. «Mantxako katedrala», hala deitzen dute San Antonioko eliza, eta badu hainbesterako merezimendurik. Hamar pertsona oraintxe bertan haren bobeda gotikoei begira. Isilik denak. Ahotsak entzuten dituzte. Ahotsak gazteleraz. Ahotsak ingelesez. Ahotsak frantsesez. Nork bere hizkuntzan aditzen ditu telefono itxurako audiogidako azalpenak, eta On Kixote-ren pasartearekin hasten hor ere kontakizuna. Zorioneko esaldi eztabaidaezin horrekin: «Eta Tobosora heldu ziren».

Espainia izeneko Dultzinea

Zaldunaren figurarekin batera, halere, herrian pisu berezia hartzen du Dultzinearen figurak ere. Haren inspirazio iturri izan omen zen emakumearen etxea bisitatu daiteke 3 euroren truke, Dultzinearen izena darama On Kixote-n oinarritutako umore grafikoari eskainitako museoak, eta haren estatua bat baino gehiago topa daiteke kaleetan. Areago. Dultzinearen aipamena darama 1936an Francoren alde argi lerratu eta altxamenduaren hitza mundu osora eraman zuen Ferederico Garcia Sanchiz hizlariaren omenezko eskulturak ere: «Espainia izan zen bere Dultzinea».

Megafoniarekin ahots betez meloiak saltzen dabilen kamioi baten hotsa ere badakarte kaleek. «Heldu da meloi saltzailea, zuen meloi saltzailea. Angurriak ere baditugu, eta melokotoiak, melokotoi lodi eta ederrak. Meloiak eta angurriak, melokotoiak, Murtziakoak. Ea ba, ea ba, heldu dela, heldu dela meloi saltzailea zuen herrira. Melooooiaaaaaak, angurriaaaaak, melokotoooooiaaaaak». Fikzioa eta errealitatea. Iragana eta oraina. Aldonza Lorenzo nekazaria eta Tobosoko Dultzinea printzesa. Toboso da hau. Kale berean gurutzatzen dira herri literarioa eta herri erreala. Eta hori izan liteke ondorioa: harrizkoa bezainbeste da orrizkoa herri hau.

P.S.: Soil-soilik dibertitzearren oraingoan. Hor berriz ere zerrenda: Hitler, Gaddafi, Vargas Llosa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.