UDAKO SERIEA. Belaunaldiz belaunaldi (IV). Zeberiotarrak

Pirinioetako polifonien klana

Ez da zorizkoa sei anai-arrebatik lau musikari profesional ateratzea. Gurasoek musikarekiko eta oro har kulturarekiko grina transmititu zieten haurrei. Gauza bera egiten dabiltza haiek orain euren umeekin.

Migel Zeberio, Juantxo Zeberio, Miren Zeberio eta Xabier Zeberio, Benasque aldean. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
Tolosa
2015eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Mendietako gailur elurtuak, haur mordo bat eta musika. The sound of music (Sonrisas y lágrimas, La Mélodie du bonheur) film musikalaren deskripzioa ematen du, baina ez. Zeberiotarren oporrak dira. Urtean behin, Benasquen (Huesca, Espainia) elkartzen da Tolosako (Gipuzkoa) familia musikala, lauzpabost egunez, txikitako tradizioari eusteko.

«Sei anai-arrebatik lau musikari profesionalak gara; beste biak, normalak», dio Xabier Zeberiok (Tolosa, Gipuzkoa, 1978) umorez. Biolina jotzen du Xabierrek. Oskorri taldean sartu zen, 18 urte eskas zituela. Musikari askorekin egin du lan, tartean Benito Lertxundi, Joxean Goikoetxea, Kepa Junkera eta Pello Ramirezekin. Oinkari dantza taldearekin, Itsasoaren emazteak ikuskizunean jo du zuzenean. Migel anaiaren Et Incarnatus ganbera orkestratik, Alos Quartet harizko laukotea sortu zuen 1999. urtean. Xabierrek azaldu duenez, beste anai-arrebek ere badituzte musika ikasketak, baina abokatu eta sendagile izatea aukeratu zuten.

Seitik lau, musikari profesionalak, beraz. Estatistikoki, ez da oharkabean pasatzeko datua. Nola azaldu, ordea? Gurasoak ez ziren musikariak —aita ingeniaria zen, eta ama, sendagilea—, baina bai, ordea, musikazaleak. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan antolatzaile ibiltzen ziren aita eta osaba, eta Miren Zeberiok (Tolosa, 1983) gogoratu du etxean «oso gauza garrantzitsu gisa» bizi zutela. Xabier nebak bezala, Suzuki metodoarekin ikasi zuen biolina jotzen Mirenek ere. Euskal Herriko Gazte Orkestran, Espainiakoan eta Gustav Mahler Jugendorchesterrean aritu da, besteak beste. Al Legno Duo osatzen du Ivan Garcia Artaraz biolinistarekin. Mirenek ere musikari askorekin egin du lan, eta azken emaitza Euskal Barrokensemble taldearen Euskel Antiqva diskoan entzun daiteke.

Zeberiotarren etxetik, musikari, konpositore eta kritikagile ugari pasatzen ziren urtez urte. «Horri gehitu behar diogu etxean sekula ez zela telebistarik egon», dio Migel Zeberiok, anai-arrebetan zaharrenak (Tolosa, 1966). «Aldiz, irratia beti piztuta zegoen, disko andana genituen, eta gurasoek mota guztietako kontzertuetara eramaten gintuzten. Hortxe duzu koktela».

 Aitaren lekukoa hartu zuen Migelek Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako antolatzaile gisa. Et Incarnatus orkestra zuzentzen du. 1996. urtean sortu zuen, Felipe Gorriti (1839-1896) organista eta konpositorearen omenez. Denera, 30 disko baino gehiagotan hartu dute parte, eta jazza, popa, folka eta zinemarako musika landu dituzte, besteak beste, Mikel Erentxun, Benito Lertxundi, Iñaki Salvador, Angel Unzu, Javier Muguruza eta Phil Woods musikariekin. Azken boladan, François Rosse konpositoreak idatzitako Txorieri pieza lantzen dabil, tartean, Mixel Etxekoparrekin. Sonatua da orkestrak urtero udako solstizioa ospatzeko Tolosa inguruko natur gune batean ematen duen kontzertua.

«Gure familian beti egon da inkontzientzia puntu bat, eta egoten segitzen du», esan du Juantxo Zeberiok (Tolosa, 1968). Etxean ez diotela inoiz garrantzia eman diru kontuei, alegia, baizik eta «egiten duzuna egiten duzula, horretan dena emateari». Zoritxarrez, eurek hartu duten bidea «ezertarako balio ez» duen musikarena izan da, gaineratu du, besteek barre egiten duten bitartean.

Beraz, txikitan ez zuten telebistarik etxean. Baina gurasoen erabaki kontzientea izan zen, haurrak sortzaile atera zitezen? Kontatzen dutenez, erreferendum bat antolatu zuten gurasoek ETB hasi zenean, hura ikusteko gailua erosiko ote zuten erabakitzeko. Haurrek ezetz esan zuten. Amonaren etxean ikusten zuten apur bat egunero. Afalostean, disko bat jartzen zuen aitak, operaren bat edo. Ez zuten dinamika hori hautsi nahi.

Sei anai-arreba izateak ziurtatzen zuen etxean entretenimendua. Denetako musika zuen aitak. Klasikoa, noski, baina baita jazzaren historiaren bilduma handi bat ere. «Hamaika aldiz entzun nituen nik disko haiek guztiak», esan du Xabierrek.

Ekintzen bidez hezi

Gurasoek kontzertuetara eraman izanari garrantzi berezia ematen dio Juantxo Zeberiok. «Gurasoek ez dute hezten diskurtsoekin, baizik eta ekintzen bidez». Pianoa jotzen ikasi zuen Juantxok txikitan. Gorputz Heziketan trebatu zen gero, baina, azkenean, musikaren altzora itzuli zen. Jazza eta musika korala nahasten aritu da geroztik, besteak beste Umama egitasmoan. Horren azken diskoan, hirugarrenean, Eguberritako kantuak freskatu ditu, jazz laukote batekin eta abesbatza batekin. Idazleekin ere lanean aritu da, literatura eta musika uztartzen, besteak beste Harkaitz Canorekin eta Karlos Linazasororekin. «Nire lehenengo kontzertua Donostiako belodromoan B. B. King izan zen. Aitarekin joan nintzen».

Miren da gazteena, eta ondo gogoratzen du nebek eramaten zutela leku guztietara: kontzertuetara, Donostiako jazzaldira zein mendira. Haien eragina erabakigarria izan da berak ere musikaren bidea jarraitzeko.

Euskal musikarekiko harreman estua izan zuten txikitatik, «Fundadorren disko txiki haiek», aipatu ditu Juantxok, «Lete, Laboa...». Aurreko egunean, semearekin autoan, Berri Txarrak jarri zutela esan du, Grigori Sokolov pianista errusiarrak Viktoria Eugenian emaniko kontzertu «mistikotik» bueltan. Zeberiotarren ordezkaritza zabala egon zen entzuleen artean.

Zeberiotarren filosofia

Orkestra eta abesbatzak, klasikoa, jazza, folka, garaikidea... Zeberiotar bakoitzak badu norabaiteko joera bat, baina zerk egiten ditu, ordea, musikari hauek guztiak zeberiotar? Ba al dago bateratzen dituen ezaugarririk?

«Zeberiotarron filosofia bat badago», esan du Xabierrek: egitasmoak gauzatzeko «modu bat». Filosofia hori puntuz puntu zehaztu du jarraian Migelek: «Musika estilo ezberdinak duintasunez lantzea, etiketarik jarri gabe; eklektizismo baten barruan, garai honetan bizi ditugun musikak errespetuz tratatzea eta bakoitzari bere garrantzia ematea, dela pasodoble bat, jazzeko standard bat edo Vivaldiren obra bat». Musikari askok konplexua dutela gaineratu du, euren buruak hizkuntza bakar batean finkatzekoa eta gainerakoak mespretxuz begiratzekoa. Halakorik ez zeberiotarrenean. Mirenek ere musika klasikoaren munduan «zurruntasun bat» badagoela esan du, oso arau zorrotzak. Askatasuna eskatzen du musikariak, norberak gustuko duena egiteko.

Anai-arrebak izateak asko lagundu die besteen gustuekin eta joerekin kutsatzen. Familia biltzen denean, musika izaten da gai nagusia. «Ama desesperatu egiten da», esan du Xabierrek.

Pirinioetako malkarretan gora, prozesioan bezala joaten dira zeberiotarrak, 30-40 bat lagun. Tourrean bezala, taldetxoak egiten dira, eta horien kideak aldatuz joaten dira. Ideia trukea egoten da hor: etorkizuneko egitasmoak azaltzen dizkiete elkarri. Musika ez da errenta, ordea. Musikari profesionalek esku jokoak egin behar izaten dituzte egitasmoak gauzatzeko. Horrek eragin du anaia abokatua ere zurrunbiloan sartzea: faktura kontuak eta burokrazia arazoak harekin kontsultatzen dituzte. Telefonoan anaiaren baten deia agertzen zaionean, hartu ez hartu ibiltzen da, esan dutenez, barrez.

Euskal Herrian kulturari ematen zaion garrantziaz hausnartzen hasi dira. Kontzertuetara doan jendearen batez besteko adin altua aipatu du batek, eta kulturari ezarritako %21eko zerga beste batek. Kultura bazterrean utz daiteke, eta «krisi garaietan hori da mozten duten lehenengo gauza», salatu du Mirenek. «Baina, hara non, aberaskume guztiek kontsumitzen dute kultura», adierazi du Juantxok. Kultura eliteentzat uzteko politika kontzientea dagoela, bat datoz horretan zeberiotarrak. Kultura beste salgai bat balitz bezala ez tratatzeko Frantziako exception culturelle politikari miresmenez begiratzen diote. «Politikariei ahoa betetzen zaie euren euskaltasunaz, eta herri eraikuntzaz», esan du Migelek. Baina apaingarria dela, gero ez delako horren inguruko politika eraginkorrik gauzatzen. «Badakizu zenbat gaixoaldi aurreztuko liratekeen jendeak lanean aukera balu astean behin kontzertu batera joateko?», esan du Juantxok. Ikerketak daudela horretaz. Dirua ez dutenei hori ukatzen dietela uste du.

Hiru belaunaldi

Familia handiak familia handia dakar. «Kopiak gara horretan», esan du Mirenek. Hiru ume ditu berak; Juantxok, lau, eta hiruna Xabierrek eta Migelek. «Musikara dedikatzea erokeria da, eta horra beste bat. Agian erotuta gaude», gaineratu du. Orkestra sinfonikoa osatzeko moduan egongo dira zeberiotarrak urte batzuk barru? «Ziurrenik, seme-alabak ez dira musikari aterako», esan du Xabierrek. «Baina jaso duguna transmititzen saiatzen gara: kulturarekiko sentsibilitatea, eta bizitzan zer den garrantzitsua, alegia». Kultura ez dela azaldu behar, baizik eta bizi. Etxetik atera denean, semea txeloa jotzen ari zen.

Hiru belaunaldi elkartu dira aurten Aneto, Posets eta Clarabide tontorren azpian. Haurtzaroko mundura itzultzeko modu bat da, mendiak berdin baitaude. Orduko arnasa berreskuratzeko, eta haur haien oraingo umeei erakusteko gauza batzuk transzendenteak direla, Juantxok esan duenez: «Mendiak eta musika, esaterako». Besteak isilik geratu dira, azken hitz horien oihartzunaren zain bezala. «Zirkulua ixten du horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.