UDAKO SERIEA. Euskal Herriko ingurubirak (V).

Toloñoko eguerdiko haitza

Toloño mendia lirain altxatzen da Arabako hegoaldean, Ebro ibaia eta Mendialdeko pagadi eta hariztiak gurutzatzen diren toki magikoan. Hara jota, ibiltaria historiaz, artez, kondairaz eta naturaz blaituko da.

Toloñoko eguerdiko haitza.
Josean Gil-Garcia.
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun

Toloño mendilerroa kilometro asko hartzen dituen harresi karstiko bat da. Mendialdea eta Arabako Errioxa banatzen dituen eremu malkartsua. Mendizaleek izugarri estimatzen dute mazelak korritzen dituzten xendetatik ibiltzea, hegazti saldoak bere habiara bueltatzea gustuko duen bezalaxe. Beti dago-eta aitzakia egoki bat Toloño mendi gailurretara igotzeko. Izen bera daraman mendi nagusia mendebaldean gailentzen da, Buradon Gatzaga, Peciña, Bergantzu, Ozio eta Bastida herriek ixten duten paraje zirraragarrian. XX. mendearen erdialdetik aurrera, postontzi bat agertu zen Tabornigako atakaren gainean gailendutako hormatzarraren erpinean. Toloño izena hartu zuen bazter horrek ere. Eta hainbat urtez nahasmena ekarri zuen mendizaleen artean. Gaur egun, haatik, mendebaldeko ertza eguzki erloju batekin lotua da.

Peñaslasdoce esaten dioten talaia bitxia deskubrituko du ibiltariak urratsak mendebaldeko mendi urdinxkarantz eginez gero. Ortadako belardiaren eta Tabornigako etxe gainean gailentzen diren Pikatxoen artean agertuko da talaia hura. Esaten dute izena eguerdian proiektatzen duen itzaletik datorrela. Nonbait, garai batean eguzki-erloju lanak egiten zituen oinarrian finkatzen diren herrientzat. Ezohiko parajea da, benetan. Izan ere, harritzarra txapel handi baten moldean banantzen da goialdeko ezproitik. Ikaragarria! Egunaren xarma solasaldirako aproposa izan daiteke haren babesean. Hegaztiak ere pausatu nahirik ikusiko dira horma ospelean, hara-hona, haize garbiaren abaroan.

Aspaldi Toloñoko gainaldeak ermita xume bat ezagutu zuen moduan, gaztelu bat ere gailendu zen han goian. Nafarroako erresumaren defentsa gotorlekuetako bat izan zen. XV. mendearen erdialdean-edo liskarrak baretu zirenean, ordea, behin bizi baldintzak aldatu zirelarik, gaztelua gain behera joan zen. Erabat desagertu arte. Mende batzuk geroago, baina, protagonismo osoa bereganatu zuen gaztelutik gertu eraikitako santutegiak. Calahorrako apezpikuak jeronimoen ordenako fraideei utzi zien XIV. mendean. Han bizi izan ziren komunitate moduan; akaso, munduko arazoez ahantzirik. Argiaren azkenak, ordea, 1422an ikusi zituzten fraide umilek. Antza denez, bizi baldintza latzek erlijiosoen erretiratzea ekarri, eta erreinu sotila betiko laga zuten. Inguruko hiribilduek Dibisa eratu ostean, adore handiz aritu ziren herritarrak, jo eta su, Toloñoko santutegiak erdietsitako ospea berreskuratzeko nahian. Karlistaldiak iritsi ziren arte. Orduan, urre kolorez tindatu ziren Bastidako zeru-lurrak. Anda (Kuartango, Araba) herritik ekarritako marmol beltzak eta Urizaharreko harlandu zuriak araztasunari eutsi ezinik, suteak hunkitura eta samina ekarri zituen. Akabo, orduan, erromesak eta erritualak. Kito elurtegietako urre zuria. Eta fini ilargiaren dirdira tenpluaren horma garbietan.

Bastidatik Aireko atakara

Bastidako (Araba) San Gines parkean emango zaio hasiera Tolo-ñoko tontorreraino lagunduko duen ibilbide zirkularrari. Ibiltaria aparkalekuaren muturrean jarriko da abian. Bertan dauden bi nekazari bideetatik, alboan utziko du Toloñoko monasteriora doana —ohiko igoera da Toloñoko gailurrera joateko—. Bisitariak bestea hartuko du, magaletik barrena suabe-suabe doana, hots, Tresenraya izenburua hartu duen ibilbidea. Beraz, Peñalacruz eskuinaldean altxaturik duela, aurrez aurre San Cristobal mendiko muraila dela, ibilian-ibilian hasiko da sosegu handiz.

Arte dotore bat ikusiko du berehala, aurri egoeran dagoen eraikin baten parera iristen denean. Enebros bidea ezkerretik batu, eta, noranzkoa aldatu gabe, aurrerapausoak egingo ditu, goratasun handirik hartu gabe oraingoz. Alepo pinuak eta arte trinkoak hazten diren lekuan, Silorako bidea eskuinaldean utzi eta beherago doana lehenetsiko du. Hurrengo bidebanatzean, Tresenraya deituriko harria agertuko da bide ondoan. Kontatzen denez, bertan aritzen ziren parajeok bisitatzen zituzten artzainak soseguaz, baretasunaz eta jostetaz gozatzen.

San Julian bidean aurrera egingo du gero, betiere alde batera utzirik ibarrera doan bidea. Hala, zehar-zehar jarraituko du, alepo pinuak (Pinus halepensis) eta arteak bidelagun dituela. Berehala hasiko da goratasuna hartzen. Basabide nagusiak ezkerrera egiten duenean, konpainian eraman duen bidea utzi eta haren eskuinetik irteten den basabidean gora egingo du. Gain-gainean Toloño mendilerroko mendebaldeko punta nabarmenduko da, desafiozko keinu baten erara. Hormatzarraren goiko erpina helburua izanda ere, proposatutako bideak inguruka eramango du txangolaria, betiere Aireko atakatik goiko ordokiak eta malkarrak aise gailentzearen kariaz. Majadas putzua bide ondoan lagata, konglomeratuzko blokeen artetik igaro eta Pikatxook atzean lagata, Aireko atakara iritsiko da.

Eguzki erlojua

Langa gurutzatu, eta eskuinera joko du. Toloñoren ipar isurialdera igaro da, eta horren eragina ziztuan nabarituko du. Tarteka-marteka, pagoak eta haritzak ikusiko dira, hezetasunaren eta goratasunaren eraginaren seinale. Basabideak goratasun guztia hartutakoan, adi ibiliko da desbideratzea hartzeko. Beraz, une horretan, pistatik irten eta eskuinetik doan zidorrari jarraituko dio. Tinda berdeko arrastoek eta bidarritxoek bapo-bapo lagunduta, aurrez aurre hazten den pagadira joko du, zuzen-zuzen. Sigi-saga ibiliko da hasieran, ezpela eta ipuruak izurtzen. Zelai batera iritsita, belazea alderik alde zeharkatu eta, azkenik, bat egingo du pagadiaren errainuarekin. Basotik irtenda, Toloño mendilerro karstikoa bete-betean harrapatuko du. Mendebaldeko muturrean, gainera, Eguerdiko haitza izena duen harkaitz berezia agertuko da. Begirada estanpa horretan jarrita, bidezidorrak belardi zabal batera iristen lagunduko du. Belardian gora egin, eta lepora iritsiko da.

Soa lepotik behera luzatuta, Pikatxoen erpin konglomeratikoak nabarmenduko dira artadiak osaturiko itsaso berdean. Lepoan, ezkerrera egin eta hesiaren ondoan ibiltzen hasiko da. Noranzkoari men eginez, lepora iritsiko da. Eskuinaldean, bi gain karstiko bezain pintoresko izango ditu. Ederrak, benetan! Ezkerraldean, berriz, txapela erakusten duen hormatzarra ikusiko du, Eguerdiko haitza izena hartu duen gandorra.

Txapelaren azpian jarrita, naturak harkaitzean sorrarazitako forma apetatsuaz gozatzea besterik ez da. Gero, inguruan sona handia duen harkaitz hori eskuinaldean laga, eta, bidexkari segika, haren gain-gainean jarriko da. Hor Toloño izena duen postontzia ikusiko du. Panorama itzela irekiko zaio handiko goitik. Errioxaldeko ordokia bete-betean harrapatuko du gainaldeko talaiatik. Atze-atzean, gainera, San Lorenzo eta Demanda mendiguneko hainbat zoko eta bazter.

Toloñoko santutegia

Postontziari bizkarra eman, eta Gaztelu aldera egingo du, hots, lerro berean harrizko dorre baten erara altxatutako monolito erraldoiaren aldera. Galdorretik ibili gabe, bidexkak goi ordoki aldera joko du, eta, astiro-astiro, Toloñoko monasteriora iritsiko da. Tenplua eskuinaldean utzita, Bastidara xendari ekingo dio. Bidexkak behera egiten lagunduko du. Santutxora iritsita, eskuinera hartu eta goratasuna galtzen segituko du. Bide nagusitik irten gabe, eta ibilian hainbat minutu eman ostean, Artzainen harria izena duen harri puska baten ondoan izango da. Haren atzetik jarraituko du, sigi-saga doan xendari men eginez. Basabide batekin topo egingo du beherago. Orduan, eskuin-ezker eginda, xendari oratu eta San Gines parkean amaituko du ibilbidea.

Bihar: Undurragako urtegiko bira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.