Arrainak uretan baino txukunago moldatzen da Aitor Goikoetxea piragua gainean. Zinezko kirolaria Patagonian izan da aurten muturreko kayak espedizio batean. Estilo libreko munduko txapeldun izatearekin egiten du amets.
Oso gazterik hasi zen Aitor Goikoetxea (Donostia, 1990) piraguan ibiltzen anai-arreba zaharragoen pausoei jarraituz, Kontxako badian. Hemeretzi urte bete zituen arte kayak eslalomean aritzen zen binakako kategorian, baina ez zen prest egon horrek eskatzen zuen diziplina jarraitzeko. Estilo librean hastea erabaki zuen orduan, eta ez zuen aukera txarra egin antza; izan ere lehen urtean Espainiako taldean parte hartzeko hautatu zuten eta munduko txapelketan hirugarren postua lortu zuen. Ez zuen inoiz pentsatu maila gorenera iristea, baina lehiatzen hasi, maila ona zuela ikusi eta bere buruari geroz eta gehiago eskatuz joan zen; geroz eta gogorrago entrenatzen zen. Bakoitzak bere helburuak finkatu behar dituela dio, nahiz eta horrek esan nahi duen zenbait gauza alde batera utzi beharra.
Orain, muturreko kayakean aritzen da batez ere, «kayakaren hainbat adar probatu ditut, eta gehien bete nauenarekin geratu naiz». Lagun batzuek animatuta hasi zen muturreko kayakean, eta oso gustura dabil; munduko bazter ezkutu asko ezagutu ahal izan ditu kirol horri esker, «oso aberasgarria da inor egon ez den lekuetara iristea».
Piraguan dabilenean zoriontsu da Goikoetxea. Hiruzpalau egun uretan murgildu gabe igaroz gero, hutsik sentitzen da, lasaiegi dago, adrenalina ziztada falta zaio.
Susto handirik inoiz izan ez badu ere, badu istripuren bat edo beste jasan duen lagunik; segurtasunez bidaiatzen dute, eta materiala prest izaten dute beti, kideren batek beharrez gero laguntza emateko. Bada muturreko kayaka praktikatzen hiltzen den jendea. Horregatik, beldurrik ez, baina aitortzen du errespetu handia diola bere pasio duen kirolari. «Beldurrak blokeatu egiten ditu gure gaitasunak, eta oso momentu txarrak pasaraz diezazkiguke. Zerbait egiteko beldurra sentitu dudanetan, ez dut egin. Bakoitzak badaki zein den bere maila». Kayak gainean joan, eta egiteko konplikaturen bat duenean, ez omen du gehiegi gozatzen. Shock egoera moduko batean sartzen da, eta bere gorputzak egiten du buruaren ordezko lana. Behin ataka pasatuta, ordea, egin duenari begiratu eta senak bultzatuta izan dituen erreakzioak aztertzean, poztasun izugarria sentitzen du.
Etxean dagoenean, Bidasora, Leitzaranera edota Pirinio aldera egiten du ihes kirol grina asetzeko. «Hemen inguruan ere, txoko zoragarriak ditugu. Jende gehienak ez ditu ezagutzen; txundigarria da haietan barneratzea», hamaika tokitan izan bada ere, Euskal Herriko paisaiak behin eta berriz goraipatzen ditu. Ez luke jakingo esaten zein izan den gehien gustatu zaion norakoa, baina modu berezian gogoratzen du Ugandara egindako bidaia. Hemeretzi urte besterik ez zituen,eta, ordura arte, eslalomarekin, Europan zehar ibilitakoa zen. Afrikan ezagutu zituen parajeek eta haietan bizitakoek, ordea, munduko leku gehiago bisitatzera animatu zuten. Gerora, besteak beste, Ekuadorren edota Patagonian izan da, eta, aurten, Patagonian izandako esperientzia «bizi izandako gogorrena, baina aldi berean bereziena» izan dela dio.
Mikel Sarasola eta Xabi Olano kirolari eta lagunekin abiatu zen Goikoetxea martxoaren amaieran Patagoniara. 600 kilometroko ibilbidea hiru astean egin nahi zuten, baita haien hasierako asmoak bete ere. Argentinako glaziarretatik abiatu, eta leku ezezagunetan barrena, lakuak gurutzatuz eta erreka berriak zabalduz, Ozeano Barera heltzea lortu zuten. «Urteko eguraldi egokiena hautatu nahi izan genuen. Uda bukaera zen, beroa egiten zuen, eta ibaiek ez zeramaten ur gehiegi». Hala ere, lehen astetik aurrera, haize bortitza, elurra eta euria izan zituzten bidelagun. Prest zeuden, ordea, hori eta gehiago jasateko. Izan ere, kirolzale amorratua da Goikoetxea; naturarekin harremanetan egoteko aukera eskaintzen dioten jarduerak ditu gogokoen, eta, uretan ez bada, korrika edo eskalatzen ibiltzen da. Patagoniakoa bezalako espedizioak egiteko, baina, gorputza bakarrik ez, gogoa ere gertu izan behar da. Abiatu aurretik, ibilbidea ezagutzeko eta gerta zitezkeenak jasateko prestatu ziren. Behin bukatuta, uste baino errazagoa egin zitzaiela kontatu du: «Gure helburua helmugara iristea zen, eta, ordu hartan, ez genuen beste ezertan pentsatzen. Lasai joan ginen, eta izugarri gozatu genuen».
Espedizio luzeak egitean, piragua barruan eraman behar dute janari, arropa eta materiala; behar-beharrezkoa baino ez: kanpadenda, lo zakua, kanpin gasa, janaria prestatzeko ontzi bat, aldatzeko arropa, esne hautsa eta janari deshidratatua. «Ura tokiko ibaietatik hartzen genuen. Oso garbia zegoen, luxua zen».
Hiru xede nagusi dituzte Patagoniakoa bezalako espedizioek. Lehenik eta behin, norberaren helburuak eta ametsak betetzea. Bigarrenik, ahal den neurrian doazen herrialdeetako jendeari laguntza apur bat eskaintzea. Eta azkenik, kayakaren antzeko kirol minorizatuak sustatzea. Goikoetxeak dioenez, Euskal Herrian, maila handia dago piraguismoko edozein diziplinatan, baina arazoa instituzioen erantzuna da. Patagoniara joan aurretik, haiek ere saiatu ziren diru laguntzak eskuratzen; jende gehienak ordea, ez du haien berririk ere, eta, hala, oso zaila da babesa lortzea. Dirua ez, baina inguruko denda batzuek materialez hornitu zituzten: piraguak kostu prezioan saldu zizkieten, kanpadendak eta arropa oparitu ...
Lehiatzea atsegin badu ere, duela urte batzuk lehiakorragoa zela aitortu du, «gustuko dut nire gaitasuna munduko jende onenarekin alderatzea, baina espedizioak egiten hasi nintzenean konturatu nintzen horrek ez zuela parekorik. Bizirik iraun behar izateak xarma berezia du».
Muturreko kayaka bidaia luzeak egiteko baliatuko du hemendik aurrera; estilo librearekin, ordea, bestelako helburuak finkatuko ditu. Egitasmo pare bat begiz jota ditu dagoeneko: batetik, Asia aldera bidaiatu nahi du lagun batzuekin muturreko kayaka egitera. Bestalde, estilo libreko munduko txapeldun izan nahi du, bizitzan behin gutxienez. Datorren urtean, Kanadan jokatzen da txapelketa gorena, eta, horretarako gogor entrenatu beharko duela badakien arren, ez du helburu hori urrun ikusten. Beharrezko dirua lortzea eta bi ametsak bete ahal izatea espero du.
Kanpoan dagoenean, ahalik eta azkarren itzultzeko eskatzen diote etxekoek; lagunek berriz, erotzat daukate. Goikoetxeak umorez hartzen ditu halakoetan: «Burutik jota gaudela pentsatzen dute, baina hori da egiten duguna ezagutzen ez dutelako. Jendeak uste du piragua gainean igo eta ur-jauzietan behera joaten garela, baina kontua ez da hain sinplea. Ezer egin baino lehen, oso ondo pentsatzen dugu: lekua ikusi, arriskurik badagoen ziurtatu... Gezurra badirudi ere, guk ere bizitza estimatzen dugu». Haien pasioaren zoko guztiak erakusteko, Patagoniako bidaiaren inguruko dokumental bat prestatzen ari dira orain. Irailean kaleratzeko asmoa dute, eta kultur etxeetan aurkeztu nahi dute.Muturreko kirolariek espedizioetan izaten duten eguneroko bizimodua erakustea du helburu dokumentalak, jendeak ikus dezan egiten dutenak zer zentzu ematen dien haien bizitzei, beste ezerk ezin ordezkatzeraino.
UDAKO SERIEA. Muturreko kirolak (eta V). Aitor Goikoetxea
Ur-lasterren norantzari segika

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu