UDAKO SERIEA. Euskal Herriko ingurubirak (IV).

Zuberoako kulturguneak

Muskildi eta Urdiñarbe herriak lotzen dituen ibilbideari jarraika, Arbailako eskualdeko ondare oparoa ezagutuko du ibiltariak. Paisaian ez ezik, herriotako ondasun arkitektonikoan eta artean ere murgiltzeko abagune ederra profitatuko du.

Zuberoako kulturguneak.
Josean Gil-Garcia.
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Muskildi eta Urdiñarbe herriak Zuberoako mendebaldeko zokondo batean daude. Biak Arbailetako eskualdean egokiro ezarriak, abiapuntu ezin hobeak dira, besteak beste, San Antoni eta San Gregori baseliza eta muino amiragarriak ezagutzeko. Behe ibarretan altxarazita egon ordez, tenpluok mendi bizkarra hobetsi dutela ematen du, eta, itsasargien antzera-edo, eskualdeko iparraldeko muga irizpide onez zehazten dute. Lili baratzeek jantzitako mendi tiniak ibiltarien aiduru agertuko dira, tankera hieratikoaren antzo. Alabaina, muinook ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula; istorio zirraragarriz mukuru daude. Jakina, horretarako ezinbestekoa da haizearen mintzoa ezagutzea, Leire Bilbaok dioenez: «Haizeak leun jotzen du aurpegian xuxurla-xuxurla ipuinak eta pasadizoak kontatzen. Zenbat istorio ez ote ditu batetik bestera garraiatzen!».

San Antoniko kapera 1385. urtean eraiki zuten, Agaramont eta Lüküzeko jaunek sinatutako bake hitzarmeneko berme gisa. San Gregori baselizatik hurren, ordea,Gaztelüzarre izeneko muinoa topatuko du ibiltariak lerro batzuk beherago deskribatzen den zidorrean. Gaur egun, eraikuntza historikoen artean katalogatuta dago, eta lurrez gotortutako eremu zirkular bitxia ikusiko du hurreratzen denak. Nafarroa Behereko muga-mugan izanda, bista harrigarriaz gozatzeko aukera eskaintzen dute gailur biek: Arbailako mendigune karstikoa, Basabürüko mendia eta Zuberoako ibarretan barreiaturik diren etxaldeak eta larre zabalak, beste leku askoren artean.

Muskildi eta Urdiñarbe ibilbide bakar batera ekartzeko asmoa ez da ustekabea izan. Pier Paul Berzaitz kantari eta autore ezaguna Muskildi herrian sortua da, eta betidanikizan du lotura hertsia San Antoniko kaperarekin. Urdiñarbeko herri pintoreskoan, berriz, Jean Mixel Bedaxagar dantzari, txirula jotzaile eta kantaria sortua da. Artista biak dira pastoralen idazle, eta bi-biak kantuan emanak. Izan ere, euren ahotsa ederki baliatu dute doinu sarkorrez blaitzeko Euskal Herriko plazak. Berzaitzek dioenari segika,«kantagintza gauza indartsua da, gizarte baten egoera berezia salatzen duena. Oroz gainetik, lekukotasuna da». Badira kantuak, beraz, bihotzeraino iristen direnak, hots, lehen konpasak aditu bezain laster kemena eta adorea ematen dutenak. Nor ez da emozionatu amets sekretuz beteriko baratze bat imajinatzean?

San Gregori baseliza

Jar ditzala bidaztiak belarri biak dantzan, kantuaren xarmak ederki ferekatuko baitu, San Gregori, Gazteluzarre, Urdiñarbe eta Muskildiko bazterretan barna pinpilin-panpilin doalarik. Xantza on, bidazti!

San Gregoriko talaiara doan bidea Muskildi (Zuberoa) herrian hasten da. Gainaldea zapaltzeko ez da abiapuntu bakarra, baina Muskilditik abiarazten dena hartuta, ibiltariak mendilerro bereko makina bat tontor eta gune historiko bisitatzeko profitatuko du. Eliza ondoan hasiko da ibilian, udaletxea, frontoia eta beste eraikin batzuk altxatzen diren lekuan. Errepidean gora egingo ditu lehen pausoak, Oskaxeko mendate aldera. Bostehun metro inguru egin ostean, ur biltegi ttipi bat ikusiko da errepide ondoan. Erreferentzia ona izan ohi da eraikin xumea; izan ere, pittin bat aurrerago, asfaltoa utzi eta eskuinetik doan basabidea hautatuko du. Astigar xumeak, lizarrak eta haritzak bidaide, osteratxo polita osatuko du baso ttipian barrena. Bidea bitan banatzen denean, ezkerreko bidea hartu eta goratasuna hartzeari eutsiko zaio han. Belardi eremuetan sartu gabe, ordea, errepide estu batera iritsiko da.

Eskuinera egingo du errepidean, eta maldan gora jarraituko. Itsasargi baten erara egokitua, San Antoni baseliza ikusiko du lerro berean airoski altxatua. Jarraitzen ari den errepideak lepoan lagako du oinezkoa. Ezkerraldean, Larregi izeneko muinoa altxatzen da. Errepidea laga, eta eskuinera joko du orduan. Nekazari bideaz baliatuko da orain hegiz hegi jarraitzeko. Kakoeta muinoa parez pare ikusiko du, landaretza trinkoak hertsiki harrapatuta. Izan ere, otaka alorrak eta lahar bihurriek ez dute errazten gora doan bidea. Beraz, muinoaren mendebaldea janzten duen belazearen azpitik jarraituko du, gailurrerako bideari muzin eginda. Kakoeta muinoa inguratu ostean, lerroari atxikita jarraituko du, betiere noranzkoari eutsirik. Gazteluzarre tontor aldera bideratuko ditu gero pauso geldoak. Tontorrera igotzeko, bi aukera izango ditu: eskuinetik edo ezkerretik. Behin gainaldean, sakonunea inguratu eta San Gregori tontor azpian zabaltzen den lepora jaitsiko da bizkor-bizkor. Edanleku batzuk ikusiko ditu lepoan.

Urdiñarbe jomuga

Behin lepoan, maldan gora egingo du, zuzen-zuzen. Aldats pikoari aurre eginda, baseliza inguratzen duen parkera iritsiko da. Baselizaraino iristen den errepidea hartuko du han, eta jaitsiera egingo. Horretarako, parkeko hesia igaro, eta, bide asfaltatua lagun, goratasuna galtzen hasiko da. Aintzirako bideari ekinez, bidebanatze batera helduko da. Lanbarako bidea alde batean utzi, eta eskuinetik jarraituko du, Larregiko bidetik.

Bihurgune itxira heltzean, asfaltoa utzi, eta eskuinetik doan basabidea hautatuko du, betiere Urdiñarberako bideari oratzeko. Beraz, aldatsari aurre eginda, eskuinetik batuko zaio San Gregoriko lepotik jaisten den zidorra. Ezkerrera okertu eta zehar-zehar jarraituko du han, behera egin gabe, gaztainondoak, hurritzak eta lizarrak gidari. Aurrera egin ahala, ordea, goratasuna galtzen hasiko da. Ürrütiagerrea etxaldera helduko da, paisaiaz bapo gozatu ondoren. Etxaldearen erditik igaro, eta aurrera jarraituko du. Larzabaleko bidexka beherago batuko zaio. Noranzkoa aldatu gabe, aurrera joko du, asfalto gainetik. Urdiñarbe eta Muskildi herriak lotzen dituen errepidera iritsita, ezker-eskuin egin eta Urdiñarbeko eliza aurreko parkera iritsiko da.

Pilotalekuaren atzeko zubia igaroko du GR-78a bidelagun. Bidebanatzean, eskuinera hartu, eta Jauregibehereko bidexkatik jarraituko du. Errepidera iritsita, ezkerretik jarraitu, eta, ehunka metro egin ostean, hots, Iratzabaleko bidea ezkerrean utzita, Ahünzbordako bidexka daraman nekazari bideari oratuko zaio. Metro batzuk baino ez ditu egingo; izan ere, berehala ezkerrera hartu beharko du, Arjelako bidean aurrera egiteko. Arto sailak eta belardiak inguruan dituela, hartxintxar bidean gora egingo du. Harik eta Organbideko lepora iritsi arte. Izen bereko baserria ikusiko du han. Eskuinera egingo du lepoan, eta Ehüzako leporantz abiatuko da. Aurrerago, Miranda Kaparreko bide asfaltatuarekin bat eginda, leporako bidea utzi eta behera doan bideari jarraituko dio, Muskildi aldera. Abarakia errekastoaren gainetik igaro ostean, Muskildin itxiko du San Gregoriko itzulia.

Bihar: Toloñoko eguerdiko haitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.