UDAKO SERIEA Zubiak (II). Holtzarteko zaldaina

Zubi zora(bia)garri bat dilindan

Euskal Herriko zubirik ikusgarrienetako bat da Holtzartekoa. Duela mende bat eraiki zuten, Olhadübiko zintzurra zeharkatzen du alderik alde, eta, gaur egun, altzairuz egina da, seguruagoa izateko.

3. Zaldaina, xehatua. Xynthia ekaitzak egurrezko ohol gehienak eraman zituen, 2010ean. M. B. / BESTEAK.
Iker Tubia.
Larraine
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Zoragarria bezain zorabiagarria da Holtzarteko zaldaina edo zubia. Duela 80 milioi urte ibaien higadurak Olhado eta Olhadübi arroilak sortu zituen, eta bi horiek batzen dituen lekuari Holtzarte deitzen diote zuberotarrek. Hain zuzen ere, puntu horretan, Olhadübiko zintzurra alderik alde zeharkatzen du 67 metroko zaldain batek. Urrutitik begiratuta, Amazoniako oihanean dinbili-danbala dabilen zubia dirudi, inguru basa ederrean eraiki baitzuten. Ez da Hego Amerika, aitzitik; Larraine da (Zuberoa). XX. mendean basoko langileentzat eraiki bazuten ere, XXI. mendean milaka turistak zeharkatzen dute.

Euskal Herriko zubirik ikusgarrienetako bat da Holtzartekoa, 45 minutuko mendi ibilaldi erraz baina piku baten ondotik bertatik bertara ezagut daitekeena. Gaur egun zubia altzairuz egina da, baina duela hiru urte arte, egurrezko zaldain batek lotzen zituen arroilaren bi aldeak. Garai batean asko mugitzen omen zen; gaur egun orekari hobe eusten badio ere, gainetik pasatzean antzeman liteke mugimendu leuna. Zorabiatzen denak ausart jokatu beharko du, behera 152 metroko eroria baitago.

Alde bakoitzean hormigoi armatuz egindako oinarri batzutitzen da, gaztelu baten harresiko bi ate balira bezala. Haietako batek gainean zizelkaturik du 1920. urtea, erromatar zenbakiz: MCMXX. Inskripzioak azaltzen die bisitariei noiz eraiki zuten zaldaina. Oinarriek eusten diote zubiari burdinazko hari lodien bidez. Helduleku horiei esker, altzairu galvanizatuz egindako zaldainak zeharkatzen du Olhadübiko zintzurra. Alboetako hesiek segurtasun handiagoa eskaintzen die gainetik pasatzen direnei.

Erreka bazterretik igotzen den mendi ibilaldi labur baten ondotik ageri da, urrunean, zubi bat zintzilik. Ibilbidea erraza dela jasota dago leku guzietan, baina pikoa da, izerdia gogotik botatzeko modukoa. Arroka anitz daude, eta hezea da ingurua; beraz, kasu eman behar da ez labaintzeko. Ibilbidearen zati batzuetan sokak paratu dituzte, haiei helduta ipurdikoa saihesteko aukerak handitzen baitira.

Ibilaldia Logibar aterpetxean hasten da; han autoa uzteko lekua ere badago. Aterpetxearen atzeko aldetik, ibaiaren beste bazterretik aurrera eginda, berehala egurrezko zubi txiki bat pasatu behar da, eta, ondotik, igotzen hasi. Eskuinean Olhadoko erreka lagun izanen da bide osoan, eta pagadiak, gerizpe. Hiru ordu laurdenen buruan, gutxi gorabehera, urrutitik antzeman litezke arroilaren alde biak, eta zubia, bakar-bakarrik, ezerezaren gainean zintzilik.

Italiarrek eraikia

XX. mende hasierakoa da Holtzarteko zaldaina. Garai hartan Lombardi-Morello zerrategia martxan zen Atharratzen (Zuberoa), eta Orhi mendiko basoetako egurraz baliatzen zen. Allande Sokarrosen datuen arabera, Lombardi-Morellok 1962. urtean itxi zuen. Zerrategi hura italiarra zen, eta haien herrialdetik langile anitz eraman zituzten Zuberoara. Horren arrastoa bizirik da gaur egun zenbait basabürütarren abizenetan, baita kantoreetan ere: Pum-ba-pa kantua Dominika Etxartek jaso zuen. 16 edo 17 urterekin aditu zien oihaneko langile italiarrei, ostatu batean. Hark oroitzen zuen moduan abesten zuten, ez italiera zuzenez.

Basotik zura atera ahal izateko eraiki zuten Holtzarteko zubia Lombardi-Morelloko langile italiarrek. «Zurgintzan aritzen ziren langileak handik pasatzeko sortu zuten; bidea laburragoa egiteko. Zura kableekin jaisten zuten behera, eta tren txipi bat bazen Holtzarten», azaldu du Jean-Dominique Iriart Larraineko auzapezak. Basabürüko egürkako trenaz ari da, 11 urtez baizik erabili ez zena Allande Sokarrosek jasota utzi zuenez: 1920tik 1931ra arte. Burdinbide hori Larraineko eta Santa Graziko basoetan bildutako zura garraiatzeko baliatu zuten. Hain zuzen ere, egur biltegi bat zegoen gaur egun Logibar aterpetxea dagoen lekuan, eta kable bat ailegatzen zen haraino.

Egurretik altzairura

Egurrezko pasabidea eraiki zuten, baina egurraren arrastorik ez da gaur egun. Bi konponketa lan nagusi egin dituzte zubi horretan. Lehenbizikoa, 2010ean izan zen. Urte hartako otsailaren 27an Xynthia ekaitzak egurrezko zaldaina xehatu zuen. Ordura arte ez zen aldaketa handirik izan zaldainean, eta egur oholen bat faltan zuen, baina Xynthia-k ia biluzik utzi zuen zubia. Alboetako xaflak baino ez ziren salbatu. Sokarrosek BERRIAn argitaratu zuen kronikaren arabera, «hamar bat metro baino ez mutur bakoitzean». Zubia itxi eta zaharberritu behar izan zuten orduan.

Bigarren eraberritzea duela gutxiago izan zen, 2020. urteko abuztuan. Iriartek azaldu du zergatik; garai hartan, orain bezala, bera baitzen auzapeza: «Zubia gaizki zelakoz eskatu nuen erreparazioa, eta ez zelakoz ongi kontrolatua botere publikoek. Erantzukizuna segurtamenari buruz alkatea da, beraz, zarratu nuen». Lanak eginik, 2021eko maiatzaren 19an ireki zuten berriz. Orduz geroztik altzaria dago egurraren lekuan. Iriartek kontatu du gutxiago mugitzen dela, «hobeki loturik delako». Dena den, erabaki horrek polemika sortu zuela onartu du. «Ez da herritarren gogokoa neurriak hartzea zerbait gertatu aitzin, hori badakit. Baina zer behar da, hamar lagun hil?».

Basoan lanean aritzen ziren italiarrek arras aldatua ikusiko lukete Holtzarteko zubia mende bat beranduago. Bidean galdu ditu egurrak, eta galdu du garai batean azpian izan zuen segurtasunezko sarea ere. Ez da soilik zaldainaren itxura aldatu; batetik bestera igarotzen direnak ere aldatu dira. Pasatu dira handik artzainak, baita kontrabandistak ere. Gaur egun, batik bat, turistak pasatzen dira alderik alde.

Urtean 60.000 lagun inguruk zeharkatzen dute zubia, auzapezak esan duenez. Are, iragan udan, soilik uztailean eta agorrilean, 22.000 lagun joan ziren Holtzartera. Larraine herriko harribitxia da kanpokoentzat; beste harribitxi bat gehiago bertakoentzat. «Guretzat, leku guziak politak dira; hemen bizi garenentzat, ez da leku berezia, berezia bilakatu da turistifikatu baita, baina guk erabiltzen genuen artzainak eta zurgintzako langileak pasatzeko. Orain turismoak du dena aldatzen», esan du Iriartek.

Horrek bultzatu ditu ere, hein handi batean, segurtasun neurriak hartu behar izatera: «Zubi horretan pasatzen zenuen astean hamar-hamabost artzain edo zurgintzako langile, eta orain, bi hilabetez, 22.000 jende». Auzapeza kezkaturik dago turistifikazioarekin: «Leku polit guzietan hainbat jende etortzen da, eta momentu bat iritsiko da horien egiturak ez direla izanen aski ongi». Haren aburuz, turistifikazioa arazo bat da: «Turistifikazioak mundu guzian ekartzen ditu ondorio onak, eta txarrak sobera baldin bada».

Bihar: Garesko zubierromanikoa (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.