
Begien aurrean dudan piztia gorputz mardulekoa da, baina hanka mehe luzeek kontraste bitxia egiten dute bizkar irmoak eta sabel guriak iradokitzen duten sendotasunarekin. Hanketan duen luzetasuna falta du isatsean —buztana ez da pare bat hazbete baino handiagoa izango— eta batez ere lepoan, nahiz kasu honetan moztasuna baino gehiago gabezia izan deigarria. Gorputz-enborretik zuzenean ateratzen den burua, berriz, piztiaren tamainari dagokion baino askoz handiagoa da, eta biribila, oso biribila, ahoaren inguruan bizar ugariz hornitua. Lehen begiratu batean adar txikiak diruditenak atzeraka dauden belarri zorrotzak besterik ez dira, kopeta zabalean ez baitago bestelakorik. Disko iletsu itxurako aurpegian bi begi handi eta biribil nabarmentzen dira, otzantasuna transmititzen dutenak inondik ere.
Otzantasun hori, ordea, oso nolabaitekoa da, aldarte mudakorrekoa baita animalia. Lasai eta patxadan dagoela dirudienean, gutxien uste denean baretasunetik ezinegonera egiten du. Batera eta bestera mugitzen hasten da orduan, eta azkenean zutitu egiten da; atzeko hanken gainean jarri, eta aurreko hankak astintzen hasten da. Holakoetan, marru ozen batek betetzen du animalia erakusgai dagoen kristalezko kubo guztia, horma handi gardenei halako dardara bat eraginez. Apatx luze zorrotzek airea urratzean ateratzen duten txistuak are lazgarriagoa egiten du piztiaren aztoraldia.
Jende asko etortzen da animalia bitxi hori ikustera, gero eta gehiago. Erakusketa publikoa zabaldu zen egunean andre batek egindako hitzalditxoan ez zen ikusle asko bildu, baina pixkanaka ugaltzen hasi dira bisitariak, animalia ikusi dutenen iruzkinek herritarren interesa piztu eta areagotu duten seinale. Gaurkoa da orain arteko egunik onena, eta aurpegi harritu asko ikus daitezke hiru horma gardenei itsatsita, kristalezko kubo handi honen atzeko aldea eraikinaren horma zurietako bati itsatsita baitago. Nik zortea izan dut: bisitari arruntek ez bezala, barrutik ikusten dut hainbeste erakartzen nauen piztia, eta denbora-mugarik gabe, gainera.
Lehen egunean bertan hasi ziren hainbat soinurekin probak egiten, hots bakoitzarekin animaliak nola erreakzionatzen duen erakusteko ikusleei. Soinu grabeak jartzen dituztenean animalia etzan egiten da, eta jendeari begiratzeko burua jiratu beste mugimendurik ez du egiten. Bolumena eta tonua igo ahala, ordea, piztiari tentsioa nabaritzen hasten zaio, hankak eta burua sarriago mugitzen hasten baita, hotsak zorrotzago eta animalia urduriago. Tonu jakin batera iritsitakoan, jaiki egiten da, eta batera eta bestera mugitzen hasten da lau hankan; soinuak ozentzen direnean, zutitu egiten da, eta marruka hasten da aurreko hankak airean dantzatuz.
Soinuen saio txiki hori aski erakargarria ez balitz bezala, atzo fokuekin jokatzen hasi ziren, piztiari zuzendutako argiak erabiltzen eta intentsitateekin eta koloreekin probak egiten. Horrela ikusi ahal izan zuten bisitariek nola aldatzen zaion kolorea piztiari ere: argia apala eta leuna denean, berde antzekoa da animalia, baina urreztatzen hasten da fokuari indarra eman ahala. Fokuaren argia zuritik horira aldatuta, espero izatekoa zen azalaren tonalitatea ere bestelakotzea, baina potentzia areagotzeak are transformazio handiagoa dakarkio piztiari: tonu urrekara goritzen hasten da, eta azkenean sua bera baino biziago geratzen da, tente eta irmo, hankak astinduz bere onetik irtenda.
Gaur oraindik ez dira hasi hotsekin eta argiekin jokatzen, baina, aretoa jendez betetzen denean, seguru nago ikuskizuna pizgarri horiekin biziaraziko dutela. Oraindik ere bisitariak sartzen ari direnez, une honetako bakea aprobetxatu nahi izan dut piztiarengana hurbiltzeko. Gero eta gehiago gustatzen zait, gainerako animalia guztiak baino gehiago eta, zer esanik ez, kristalen atzean ikusten ditudan giza aurpegi guztiak baino askoz gehiago.
Gerturatu ahala mugitzen hasiko zela uste nuen, baina geldirik egon da, eta ni neu ere pare bat metrora geratu naiz aurrez aurre. Orduan begiratu egin dit, eta haren begi handien samurtasuna sentitu dut, neuri ere bake handia eman didan gozotasuna. Orduan bera izan da jakin-minez hurbildu zaidana, eta ondo-ondoan geratu zait begira. Kristalaren atzean pilatzen ari den jendearen marmarra entzun dut, argi zuri leun bat indartzen hasi denean ozentzen joan dena. Orduan piztia tentetu egin da, eta aurreko hankak sorbalden gainean jarri dizkit. Egundoko emozioa sentitu dut; odola burura igotzen hasi zait, eta aurpegia berotzen sentitu dut, gorritzen ari banintz bezala. Neuk ere piztiari heldu diot, eta, nondik eta nola atera zaidan ez dakidan indar batek bultzatuta, besarkatu egin dut.
Piztiaren gorputzaren beroa nabaritu dut, eta haren bihotz taupadak sentitzean neureak ere azkartzen hasi zaizkit. Soinuekin eta fokuekin jokatzen hasi dira, eta, hotsak ozendu eta argien indarra areagotu ahala, haren azala ere gorritzen hasi dela ikusi dut. Ikusleen esku-zartak ugaltzen hasi dira; gero eta aurpegi gehiago ari da pilatzen kristalezko hormen atzean, denak entusiasmo handi batek hartuta txaloka. Burua beste aldera jiratu dut orduan, eta horma zuri handiaren alde batean dagoen ispiluari erreparatu diot. Piztiaren bizkarra ikusi dut aurrena, gorri-gorri eginda, eta hari itsatsita eta besarkatuta beste piztia goritu bat. Txalo zaparradarekin batera argiei ere indar handiagoa ematen hasi dira; orduan barren-barrenetik sortu zaidan bulkada bati bide eman, eta orro ikaragarri bat igo zait eztarrian gora.
JULEN BELAMUNO
(Azpeitia, Gipuzkoa, 1959)
Ekonomiako eta Filosofiako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta irakasle, itzultzaile eta administrazioko teknikari lanetan jardun du. 40 urte zituela hasi zen idazten, eta handik urte batzuetara ekin zion argitaratzeari. Hiru narrazio liburu —Ukabilak eta loreak (Elkar, 2015), Hotz industriala (Susa, 2020), Iragan atergabea (Elkar, 2025)— eta nobela bat —Gaueko zaintzailea (Elkar, 2016)— ditu kaleratuak orain arte.