Irati Elorrieta

Agerraldia

2025eko uztailaren 20a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00
Irati Elorrietaren 'Arnas berrituz' narrazioarentzako ilustrazioa
EXPRAI

Björnen amona, diotso ahotsa jaitsi gabe Torstenek Ginkari.
Gurpil-aulkian eserita dago etxe aurreko terrazan, masustondo zuriaren itzaletan.
Erdi lo ematen ditu egunaren tarte luzeak, dio Torstenek.

Alkandora zuria, lepoko fina, galtza karratudunak, azal koloreko mediak eta sandalia ortopedikoak. Deskantsuan daude lorategia eta etxea, eguerdi-ondoko siesta ederrean denak.

Kafea egin du Torstenek eta sukaldean eseri dira biok; kanpoan baino giro atseginagoa dago. Ginkak umerik gabeko asteburua duela aprobetxatu du Torsten ikustera etortzeko. Lehen esaldiak elkartrukatu ahala bigundu eta laxatu dira bien keinuak, jarrerak. Azaleratu da Ginkaren nekea, Torstenen sosegurik eza. Ez dute ezeren itxurarik egin behar.

Ginkak bere gauzak utzi ditu Torstenek atondu dion gelan eta erreka aldera jo du. Batez ere buruan batuta du nekea, hodei-multzo trinkoa bailitzan. Pasieran, uraren hurbiltasunarekin, masa zurrun hori bere osagai txikienetan aletzen eta gorputzean zehar zabaltzen sumatu nahi du.

Herria atzetik biltzen duen basoaren bazterretik egin du buelta. Belar luzeetan gordeta dagoen orkatz kume batek geldiarazi du. Arnasa moteldu du eta pauso isilez egin du atzerantz, zuhur. Zuhaitz baten ondoan uzkurtuta, lurrera itsatsita bezala dago orkatza, zirkinik egin gabe, erne. Egun gutxi besterik ez ditu. Animaliaren begi beltzak antzeman ditzake belar artean. Haien sakontasunak Ginkaren arnasa irensten du.

Torstenek mugikorra eskuetan darabil Ginka heldu denean eta Björn parrilla prestatzen ari da. Björnek aurkezpenak egin nahi ditu; amona Karin, Ginka, Torstenen arreba. Baldar sentitu da Ginka, Björn eta bere amona agurtzeko hitz egokien ordez orkatz kumearen begi beltzez eta bizkarreko tantoez hitz egiten. Torstenek begirada jaso du mugikorretik:

Ukitu duzu?
Ez ba!
Noski ezetz. Zure arrebak badaki horrenbeste.
Utzi egingo zuen amak? Galdetu du Karinek.
Nik uste dut itzuliko zaiola, esan du Ginkak.
Seguru, Björnek.
Ia seguru, esan du Torstenek. Bada ez bada, ilundu baino lehen begiratzera joango gara.

Björnek Prosecco bat atera du Campariarekin zerbitzatzeko. Amonari ardoa jarri dio edalontzian.
Edaten hasteko baimena dut orduan? Galdetu du amonak.

Mina, Björnen alaba, zorua indarrez zanpatuz irten da etxetik eta garrasi egin dio aitari, gaitzespenez, aita munduko injustiziarik handienaz akusatzen trebatu den hamabi urteko umearen haserre biziaz. Ginkak badaki zer den halako haserrea jasotzea. Amorruaren zama osoa bere lepoan hartzea. Eztabaida egon da aitaren eta alabaren artean, aurretik hitz eginda zeukaten zerbaiten inguruan. Björnek ez du amore eman.

Ez zoaz bihar Berlinera, esan dio.
Ez dut zure baimena behar! Oinez joango naiz.
Aurpegia gorritu zaio Minari, malkoak ere atera zaizkio. Eta etxean sartu da.
Pasako zaio, esan du amona Karinek.

Baina Mina gabe afaldu dute.

Torsten eta Ginka orkatza zetzan tokira itzuli dira. Alboz etzanda aurkitu dute, estu entzun diote arnasa, eta Torsten aztoratu egin da. Orkatz urriza ez da agertu.

Gehiegi hurbilduko nintzen? Galdetu du Ginkak. Izerdituta nentorren, nire usaina hartuko zuen? Ziurrenez norbaitek ukitu du, esan du Torstenek, hemendik pasa den beste edonork.
Biek dakite ezin dutela hor utzi; gauez azeriak jango luke.

Ahalik eta gehien hurbildu dute autoa basoko bidera. Estalki batean bilduta, orkatz kumearen berotasuna jaso du Ginkak besoetan eta orain haren falta nabari du. Ez da aulkitik altxatu, nahiz eta kosta egiten zaion eserita gelditzea. Björnek, eltxoengandik babesteko, media luzeak jantzi dizkio amonari eta Skatera egitea proposatu du.

Karin ona da Skatean, esan du.
Ginka ere bai, esan du Torstenek.

Baina Ginkak hautsak harrotuta ditu bere barrenean eta ezin du karta-jokoan arreta jarri. Hondorik gabeko begirada beltzaren aztarnak ez du non pausatu.

Minak bai, bere onera etorri denean, adi jarraitu du jokoa, Karinen alboan eserita, ikasten. Amona etxera sartu duenean Ginkari pena eman dio Karinekin hitz egiteko aukera pasatzen utzi izana. Berlinen ile-apaintzaile izandakoa dela jakin du berari buruz; ezer gutxi gehiago.

Minak berriz atera du Karin ekaineko gau epelera; kamisoi zuria jantzita, ile zuria orraztu berria. Ohera joan behar dut, ezta? galdetu die Karinek terrazan eserita daudenei.

Ginka, esan dio Björnek hirurak bakarrik geratu direnean, nahastuta dirudizu.
Azken aldian, askotxo izan da dena, esan du Ginkak. Baina zuk ere zurea duzu, ez? Ez nekien amona hemen bizi zenik. Torstenek ez dit ezer esan.
Mina da orain nirekin bizi dena. Amona uda pasatzera ekarri dugu.
Ez dut ekarri burua hainbeste jenderekin egoteko prestatuta, esan du Ginkak.

Goizean goiz, Torsten arduratu da orkatza dela eta telefono deiak egiteaz. Ez omen da aurreko egunetan istripurik izan. Sukaldeko leihotik oihan mardula ikusten da. Eguzkiaren beso luzeak adarren artetik sartzen dira mugimenduan sukaldera. Piano hotsa aditzen da.

Mina da? Galdetu du Ginkak. Baietz erantzun dio Björnek.
Björn, imajinatzen duzu Minak esaten dizula soldadu izan nahi duela?
Amona, hamabi urte ditu. Beste kezka batzuk ditugu.
Nire auzoko Uli eta Carolineren alaba sartu da ejertzitora.
Burua astindu du Björnek, ulertu ezinik.
Bero-sapa egingo du gaur, bainatzera joan beharko dugu, esan du.

Handiegi geratzen zaion loredun gonarekin agertu da Mina sukaldean, birak emanez. Ezpainak arrosaz margotuta ditu. Torstenek txistu egin dio.

Amaren gona jantzi duzu, esan dio Björnek.
Argazki bat atera dio Torstenek.
Bazatoz orkatza ikustera basozaina bila etorri aurretik? Galdetu dio Ginkak.
Sotora jaitsi dira biak. Orkatzarengandik tarte batera kokoriko jarri dira. Oso ahul dago.
Zer egiten du hemen? Galdetu du Minak
Amak abandonatu ei du, esan du Ginkak.

Malkoak labaindu zaizkio Minari masailetan behera; irteteko askorik behar ez zuten malko potoloak. Ginkak negarrez ikus ez dezan, gona jaso eta korrika alde egin du.

Pasealekutik bainu-eremura dagoen jaitsiera izan da zailena. Minak eskua hartu dio amona Karini. Björn eskulekuan. Torstenek eta Ginkak aurretik eutsi diote aulkiari. Garrasitxoa egin du Karinek, gero burua biratu du Björni irribarrea erakusteko. Ondo eginda! esan dio. Harrizko hondartzan aurrera egiteko lauen artean maneiatu dute aulkia: Batzuk bultzaka; besteek harri handienak baztertu dituzte. Aukeratu dute gauzak uzteko tokia, Björnek arropak eransten lagundu, eta prest al dagoen galdetu dio. Ur-ertzean, lehen zipriztinak nabaritu ditu Karinek oinetan, kilima freskoak. Astiro barneratu dute, plisti-plasta egin du korrontearen laztan hotzera ohitu artean. Urak leunki egin dio sabelaldetik gora, gerria inguratu dio eta leporaino hartu duenean, besoak bular aurrean gurutzatu ditu. Besarkada bikoitz horretan babesean sentitu da, zoriontsu. Besoak zabaldu ditu hegalen pare eta aulkitik altxatuko zela pentsa zitekeen, baina halaxe geratu da, eserita, eta begiak itxi ditu. Heldu ondo, amona! esan dio Björnek. Aulkia hondotik jaso dute hiruren artean, sei eskurekin, askatu gabe, flotatzearen zirrara nabari zezan, eta uretatik paseatu dute gorputzak ura norabide guztietan nola banatu arazten duen senti zezan. Jar nazazue pixka bat atzerantz, eskatu die. Buruaren atzealdea sartu du uretan. Minak belarriak eta bekokia busti dizkio hatz puntekin. Nahiko gaurkoz, esan du Karinek. Barre egin du Björnek. Zelan gaurkoz, amona? Ekarriko nauzue berriro.

Gauean Ginka komunera altxatu da eta mamu bat ikusi izan balu baino zurbilago geratu da amona Karin korridorean ikusi duenean: Kamisoi zuritik gora ile zuri nahasia ateratzen zaio eta behetik bi oin zuri ageri dira, tipi-tapa, pauso sendoz logelarako bidean.

IRATI ELORRIETA

(Getxo, Bizkaia, 1979)
Burbuilak (Alberdania, 2008) zenbait narrazioz osatutako nobelarekin estreinatu zen, eta gerora beste nobela bat argitaratu du, Neguko argiak (Pamiela, 2018). Lan horrek oihartzun handia izan zuen, eta Euskadi saria ere irabazi zuen hurrengo urtean. Aurretik, Gabriel Aresti ipuin sariketa irabazi zuen Post H. Pop narrazioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.