Alabak, bederatzi urtekoak, ia goizero, esnatu berri, gorputzeko azazkal guztiak garbitzen ari zen bitartean, honako hau kantatzen zuen, hil zen arte:
Bizi-bizi bizi dira igelak
arbelak zuritu egiten dira
distira apaldu
afaldu nahi baduzu,
sutan erre igelak.
Amak, berrogeita hiru urtekoak, ez zuen etxea atontzeko ohitura handirik, ez zituen zoruak gehiegi garbitzen, sukaldea ere ez, leihoak, komunak. Bestela garbia zen, ez zion bere buruari asko zikintzen uzten, kremak erabiltzen zituen, perfume modu asko, xaboia. Amak ere kantatzen zuen, alabak bezala, iluntzean batez ere, baina egun osoan apur bat. Alaba hil zenetik, hau kantatzen zuen afaldu baino minutu batzuk lehenago:
Usainak zer dakar?
Dantza dakar usainak...
Mamuak dantzatzen dira;
geu gara mamuak.
Edota hau:
Ez da berea usain hori,
usain hori ez da berea,
ez, ez, ez, ez, EZ!?
Ez da berea usaina,
ezin du izan.
Alaba hil eta lau hilera hil zen ama; orduan alde egin zuen aitak etxetik. Edo bota egin zuten beharbada... Ziurrenik bota egin zuten aita etxetik ama eta alaba hil zirenean, handik eta astebetera demagun. Baten batek pentsa dezake aitak berak itxi zuela etxea eta handik alde egin, bakarrik geratu zenean, alaba eta emaztea hil zitzaizkionean, kate lodi hori jarri zuela, atea eta leihoetako bat lotzen zituena, baina, hango jende modua ezagututa, alde egiteko aginduko zioten seguruena.
Lehenengo egunetan etxe inguruan ibili zen, atzeko hormaren ondoan egiten zuen lo, harresiko sastraketara ematen duen hormaren ondoan, kaletik edo errepidetik ikusten ez denean. Beste leku batzuk ere bilatu zituen, lo egiteko eta jateko, dorre elektriko zaharra adibidez, biltegiko sarrera, auzoen bigarren horma; betiere euren etxea izandakotik ez oso urrun.
Atzo erabaki zuen azkenean etxe ingurutik urruntzea. Estartetatik lehenengo, errepideari jarraitu zion gero, harik eta 15-16 kilometro ostean, mendira sartu zen arte. Ez zuen parajea lar ondo ezagutzen, inoiz egon zen arren. Askozaz zuhaitz gutxiago gogoratzen zituen, sabaia egiten zioten buru gainean, leku batzuetan iluntzen ari zuela ematen zuen, eguerdia bazen ere, sargoria erabat epeltzen zen adarren azpian. Gustatu egin zitzaion sentsazioa, epela, iluna, hezea. Loak hartu zuen zuhaitz artean, lepoa okertu zitzaion, gosea ia jasanezina zen esnatu zenean, aspaldi ez zeukan zorroan ezer. Eserita egin zituen ordu batzuk, ez zuen hankartean ezer sentitzen.
Nahiz eta leku egokia iruditu, handik aldendu behar zuela erabaki zuen. Minutu batzuk lehenago kolpe batzuk entzuten hasi zen ez oso urrun ere: pertsonaren batek egon behar zuen inguruan, ez ziren animalien zaratak, ez zen haizea... Kolpeak eten egiten ziren arrazoirik gabe, atzera hasten ziren, ez ziren erregularrak, beldur puntu bat sentitu zuen.
Altxatu zenean nabaritu zuen sakonen gosea, zuloa, ondoeza, hankak ere bigun, izerdia, mihia arraro. Ibiltzen hasi zen, baina logika guztien kontra, kolpeak entzuten ziren lekurantz egin zuen, urrundu beharrean. Ematen zuen zerbaitek erakartzen zuela, hara nahi zuen, kolpeetara.
Uste baino urrunago topatu zituen, ordu laurden baino gehiago behar izan zuen heltzeko. Sasi batzuen ostean ezkutatu zen, handik ikusiko zituen kolpeak, zer ziren, nor ziren, zertarako. Adar txiki batek urratua egin zion orkatilan, odol tanta batzuk piztu zitzaizkion azalaren zurian.
Gizon argal bat ikusi zuen ezkutalekutik, etxola moduko bat, pertsona baino askozaz altuagoa ere ez. Zerbait ari zen gizona konpontzen, ate inguruan, atea bera, markoa, junturak. Mailua zeukan eskuan, erreminta asko inguruan, lurrean edonola botata. Mailua dauka, mailua dauka, errepikatu zion bere buruari ezkutalekuan, sasi artean, gizonari adi-adi begira, haren mugimendu guztiei. Egurrezkoa mailua, esan zion bere buruari, heldulekua, egur sendoa, pentsatu zuen, sabeleko beharrari kasurik egin gabe.
Zorroan labana zeukan, ez zen zaila izango, etxolako gizonarengana atzetik hurbildu, zaratarik gabe, labana lepoan, hiru, lau, bost aldiz. Pentsamendu inozoa zen, bazekien, inoiz ez zen ausartuko. Tontakeriak pentsatzen dira, sabelak hitz egiten zion, sabeleko hotzak, ergelkeriak. Zain egon beharko zuen, iluntzera arte... Gizona ez zen han bizi, ez zen hura inor bizitzeko lekua; alde egingo zuen, alde egin behar zuen, baina erremintak bertan utziko zituen, biharamunerako, ez zuen lana amaitu. Erremintak bertan geratuko ziren orduan, lurrean, zeuden moduan, etxola barruan beharbada, mailua ere bai, batez ere mailua.
Ez zuen iluntzera arte itxaron behar izan, askoz lehenago alde egin zuen gizonak. Erremintak etxola barrura sartu zituen, mailua ere bai, baina ez zuen atea itxi. Atea ez zegoen giltzaz ixteko moduan, atea ez zegoen gehiegi mugitzeko moduan ere.
Beste tarte bat egin zuen sasi artean ezkutatuta, ziurtatu behar zuen gizona ez zela berehala itzuliko. Zutitu zenean, belaunak zurrun zeuzkan, baina bestela ere astiro hurbilduko zen etxolara, ondo kontuan hartu behar zuen zer zapaltzen zuen. Atea apenas ukitu gabe sartu zuen eskua barrura eta mailua hartu; bertan utzi zituen beste erreminta guztiak. Lehengo ezkutalekura itzuli zen mailua eskuan, lehen baino arinago orain, posizio berberean ezkutatu zen. Luze begiratu zion mailuari, egurrari batez ere.
Erabat gautu bezain laster, su txikia egin zuen bere ondoan. Ordurako kenduta zeukan mailuaren goiko partea, metalezkoa. Suak indarra hartu zuenean, mailuaren egurra jarri zuen gainean, baina eskutik askatu gabe. Kolorea hartu zuen egurrak eta onduta zegoela iruditu zitzaionean, sutatik kendu eta ur apur bat bota zion erredurari. Ondoren, indar handiz haginkatu zuen eta, behin egur erre zatia ahoan, pazientziaz mastekatu zuen, guztiz xehe geratu arte. Urak lagunduta irentsi zuen.
Bi-hiru zati jan zituen modu horretara, baina laugarrenean, gehiegizko konfiantza hartuta beharbada, ez zuen hainbeste mastekatu. Irentsi eta segituan, itolarria sentitu zuen, eztulka hasi zen. Segundo batzuk behar izan zituen traba egiten ziona zintzurretik ahora pasatzeko. Eskura tu egin zuen gero eta han ikusi zuen ezpal erdi errea, bera hiltzeko zorian egon zena, alaba hil zitzaion moduan, emaztea, ezpal arrunta, listuan bilduta, odolez zikin.