Globalizazioa

Itziar Otegi
2025eko uztailaren 27a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00
Itziar Otegiren 'Globalizazioa' ipuinarentzako ilustrazioa
EXPRAI

Guk ez genuen ezer nabaritu, baina txakurrek bai. Bezperatik zebiltzan arraro. Goizero elkarri xaxaka eta segika korritzen zuten parkea, baina egun hartan ez zuten gogorik. Usnaka zebiltzan, eta maiz itzultzen ziren gure zango artera.

–Zerbait gertatu da hor, zubi ondoan –esan zuen Agirrek aurrerantz seinalatuz; altuena zelako edo, beste biok baino urrunago ikusten zuen.

–Zer dago ba? –galdetu zuen Begok, begiak kizkurtuz.

–Bi pertsona, korrikalariak edo. Bat mugikorretik ari da. Egiten dituen keinuengatik, zerbait dago uretan.

–Txakurren batek ahate bat harrapatuko zuen igual –proposatu nuen, eta besteek buruarekin baietz egin zuten, sinesgarri iritzita. Begok ondo zekien zenbatekoa den isuna ahate bat hiltzeagatik, eta hotzikara egin zuen. Txakurrari hots egin eta lotu egin zuen.

–Hara, ertzainak –seinalatu zuen Agirrek.

Auto bat zetorren parkeko bide estuan barrena, debeku zen lekutik. Bi ertzain jaitsi eta egurrezko zubitxorantz hurbildu ziren. Kirolariak hizketan hasi zitzaizkien, besoak astinduz. Ez genuen ezer esan, baina, ertzainak etorri zirenez, eta ez udaltzainak, baztertuta geratu zen ahate hilaren hipotesia. Bego makurtu eta Blaz laztantzen hasi zen. Lasaitu egiten zuen Blazen ilaje leuna laztantzeak. Agirrek eta biok ere lotu genituen txakurrak. Handik gutxira Patrol bat etorri zen, eta, atzetik, anbulantzia bat. Bi ertzain zinta zuri-gorriz ixten hasi ziren zubi ingurua.

–Ezin da hemendik pasatu –esan zuen gazteenak.

–Zer gertatu da, galdetu badaiteke? –saiatu zen Agirre.

–Ezin dugu informaziorik eman –saihestu zuen galdera ertzainak–, baina…

–Hedabideetan ikusiko duzue –eten zion Patroletik jaitsi berria zen emakume garai batek, lehor, eta gazteak begiak jaitsi eta zinta jartzen segitu zuen.

Begiz jarraitu genion emakume garaiari. Zubitxora hurbildu eta, ur uherrerantz makurtuta, Agirrek begitandu zuen hura aztertzen hasi zen.

 

Martina Erize inspektoreak oihal urdin hura ikusi orduko jakin zuen buruko min handiak emango zizkiola kontu hark. Forentsea maldizioka hasi zen iritsi eta segituan. Luze behar izan zuen bere lana egiteko, eta, azkenean agindua eman zuenean, han zeuden guztiak zurtuta egon ziren begira nola ateratzen zuten sakonera txikiko ur zikin hartatik zeru-koloreko burka brodatu batean bildutako gorpu bat. Bizkarraldean ia suntsituta zegoen oihala. Forentseak 96 zigorkada kontatu zituen, batzuk zaharrak, dagoeneko orbainduak, besteak berriak, haragi bizitan. Emakume gazte bat zen, aldaken itxuragatik haurrak izandakoa. Beste batzuen DNA-arrastoak aurkitu zizkioten, baina identifikaziorik ez. Oihalak Afganistan iparraldera eraman zituen, baina ezin izan zuten argitu norena zen gorpua, eta nola iritsi zen Salburuko parkera.

Erize inspektorea Interpolekoen datu-basea aztertzen ari zen alerta batek ordenagailuaren pantaila hartu zionean: bi gizonezko gorpu agertu ziren Ibaizabalen, Arrigorriagatik gertu. Forentseak ebatzi zuen itota hil zirela, baina biriketatik ateratako uraren konposizioa ez zetorren bat Ibaizabalkoarekin: nitrato maila oso altuak zituen –litroko 120 mg–, eta Spyrogira alga toxikoa. Bietako baten galtza-barrenetan, harri txiki beirakara batzuk, «diamante gordinen tankerakoak». Martina pentsakor zegoen pantailari begira lankide bat itsumustuan sartu zenean bulegora.

–Erize, azkar! Saturraranera joan behar dinagu.

Istantean poltsa hartu eta korrika abiatu zen lankidearen atzetik. Ez zion galderarik egin harik eta autobidean egon ziren arte. Erantzunak nahasita utzi zuen:

–Gorpu andana bat agertu omen dun hondartzan. Besterik ez zakinat.

Sirena-hotsak larritasuna anplifikatu zion Martinari. Begiak itxita egin zuen bidea, gaina hartzen ari zitzaion buruko mina baretu nahian.

Hondartzara iritsi zirenerako ilaran jarrita zeuden itsasoak egotzitako 58 gorpuak. Gizonak, emakumeak, haurrak. Ile beltzaranak, begi ilunak. Askok tiro-zuloak zituzten, buruan, saman, edo gorputz-adarren bat falta. Lau poltsa ere agertu ziren, hauts zurixka batez beteak. Flour zioen etiketan, irina.

Hondartza ertzeko petril baten kontra zegoen Martina une hartan, burua huts, begiak alderrai. Zinta zuri-gorriaren beste aldean prentsakoen artean zegoen neska gazte bati erreparatu zion. Bi eskuez heltzen zion sabel puztuari, barruko biztanlea babestu nahian edo. Martinari begira zegoen, erregua begietan: «Esplika iezadazu hau, arren. Emadazu esplikazio bat izugarrikeria honentzat». Martinak begiak jaitsi zituen.

 

Ane Eraiz kazetaria ordenagailuaren aurrean zegoen, sabel puztua mahai ertzaren kontra. Egun hartan entregatu behar zuen artikulua idazten ari zen, baina eskas zituen hitzak, kamuts.

«Ez dakit mundua logikoa izan ote den inoiz. Ziurrenik ez, baina, neurri batean behintzat, esplikagarria zen. Esplika genezakeen zergatik gertatzen zen hau edo bestea. Orain ez. Ezin dugu ulertu naturaren zer legek agerrarazi dituen Sierra Leonako putzu batean itotako bi meatzari Ibaizabalen, Afganistango Sar-e Pol probintzian zigor-kolpeka eraildako emakume bat Salburuko parkean, edo Gazan lehengo asteko gose-jokoetan botatakoak Saturraranen.

Irudi luke heriotzak urrun eta hurbil kontzeptuak ezabatu dituela. Pantailan ikusi ohi genituen gorpuak etxe ondoan ditugu orain. Ez da, ordea, garatzen ari omen den munduan hildakoak etortzen zaizkigula hona, edo ez soilik. Hedabideetatik jakin dugu bere buruaz beste egin zuen 86 urteko tolosar baten gorpua, desagertutzat joa, Kairon agertu dela; gaindosiz hildako bilbotar bat, Addis Abeban, eta duela bi aste indarkeria bikarioaren biktima izan zen haur iruindarra, Kopenhageko kale-kantoi batean. Europa ekialdeko bi soldadu Bostonen agertu dira, eta Juarez Hirian desagertutako emakume bat, Liverpoolen. Momentuz inork ez du aurkitu ez patroi identifikagarririk, ez esplikaziorik, baina munduak gure eta besteen hildakoen arteko muga ezabatzen tematuta dirudi; ondasun, zerbitzu, kapital eta pertsonen zirkulazio askearen ondoren globalizazioak hilotzen zirkulazio askea ere ekarri balu bezala».

Zarata bat etorri zaio alboko gelatik, haurrarentzat prestatu dutenetik, eta esku bat eraman du sabelera. Atea ireki duenean zerbait ikusi du mugitzen sehaska oraindik estreinatu gabean, eta negar bat entzun du. Hurbilagotik oliba-koloreko haur bat bereizi du plastikotan bildutako koltxoiaren gainean, zilborreste moztua oraindik lotu gabe. Hatzez ukitu eta epeltasun likatsu bat sumatu du. Besoetan hartu eta bularrera hurbildu duenean, oinaze bortitz bat sentitu du sabelean, eta, ondoren, hutsune bat.

ITZIAR OTEGI

(Oiartzun, Gipuzkoa, 1972)

Itzultzailea eta interpretea da lanbidez. Ezer ez dago utzi nuen lekuan narrazio bilduma argitaratu du (2024ko Donostia Hiria Kutxa literatur saria-Elkar), eta Lorerik gorriena albuma, Sandra Garaioa ilustratzailearekin batera (Pamiela, 2020ko Etxepare saria). Itzultzaile gisa, hainbat egileren lanak euskaratu ditu; besteak beste Flannery O’Connor (Ez da erraza gizon on bat aurkitzea), Jules Renard (Axenario), Etgar Keret (Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk) eta Jerry A. Coyne (Zergatik den egia eboluzioa). 31 eskutik blogean kolaboratzaile da 2012tik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.