Sakonuneak

Sakonuneak

Sebastia Benassar. Palman (Balearrak) jaioa, 1976an. Urte luzez kazetaritzarekin uztartu du literatur jarduna. 30 lanetik gorako obra oparoa du, poesia, narrazioa, eleberri beltza eta saiakera biltzen dituena, besteak beste. Hamaika literatur proiekturen sustatzailea izan da, eta hainbat literatur sari irabazi ditu.

jarraia170268.jpg
Sebastia Benassar.
2019ko abuztuaren 25a
12:05
Entzun

Eguzkia atera da aurreneko aldiz bost egunean, baina Klausek ez du ikusi urteetan. Gogoko du ilargi betea, maite du Barcelonetako hondartzaraino jaistea, erritual batean bezala oinetakoak eta arropa itsasertzean uztea pila txiki batean, eta misterioan barneratzea. Ura iluna da, sakona, lodia. Behin ere ez du izaten hotzik. Halako abantailak ditu handia izateak eta beti ilunpetan bizitzeak. Gogoan du neguko hotz hura Europa erdia zeharkatzen, hamabost urte bete berritan, arreba txikiari eskutik helduta, eta arrebak gero eta gutxiago txikitik, gero eta gutxiago txikitik eta gehiago berokitik, gero eta gutxiago berokitik eta gehiago piltzarretik, kilometroak eta kilometroak ilun beltzean bizitzera joateko.

Cristinak ezin du sinetsi. Hiru hilabeteko lana hortxe, trenbide erdian. Karpeta errail gainean, eta bi minutu baino ez, gertatu behar duena gertatu aurretik. Mirariz, trenaren bufadak bi bideen artera bultzatu du karpeta. Osorik dagoela dirudi. Cristinak, estu eta larri, ezin du ezta negar ere egin. Segurtasun zerbitzuko kide mordoska bat jaitsi da. Txakur handi batzuk, letaginak labana bezalakoak, eta aurrean mozalak, eskua mugitze hutsarekin desegiteko modukoak.

Klausek gorroto ditu guardiak eta txakurrak. Orain dela urte batzuk arte, lasai ederrean bizi zen bere babeslekuan, estazioen artean. Txakurrak daudenetik ez da hain erraza zerbitzu bideetan ibiltzea, lanabes abandonatuen etxola zaharretan, hain aspaldititik bizitoki duen mundu paralelo horretan.

Cristinak laguntza eskatu die guardiei. Ez du haiek konbentzitzeko esperantza handirik, baina azken hilabeteetan egindako lan guztia du karpetan, eta ezin galdu. Datorren astean hasiko dira etsaminak. Segurtasun zaintzaileak uste baino askoz ere ulerberagoak dira. Zortea izan du, arazoren bat duten bidaiariekin oso sinpatiko eta adeitsuak izateko agindu baitiete guardiei. Eta Cristina arazo iturri da oraintxe, arazo bat trenbidearen erdi-erdian dagoen karpeta gorri baten atzetik.

Klaus satorra bezalakoa da. Erraz ibiltzen da babesleku batetik bestera, badaki nondik joan tokirik arazotsuenetatik ez pasatzeko, baditu bere ezagunak iluntasunaren komunitatean; espiritu alemana deitzen diote, eta denek dakite ezin zaiola molestatu. Inor ezin da hirurogei urte baino gehiago bizi metroan ez baldin bada izugarri indartsua. Ilunpetan inork ez du bizirik irauten hainbeste denbora. Salbu Klausek, zeinak probatuak dituen kilometroak zeharkatzearen izugarrikeriak, neskato bat eskuari tinko helduta, eta neskatoa gero eta gutxiago neskato eta gero eta gehiago beroki gorri, gero eta gehiago kolore hitseko piltzar, gero eta gehiago Europa.

Bost tren pasatu dira norbait trenbidera jaitsi ahal izan denerako Cristinaren karpeta hartzera. Joan Enric jaitsi da, venezolar gihartsu eta arin bat, bere herrian 110 metroko oztopodunean txapeldun izandakoa, eta orain oztopoak saltatzen dituena Europako erdialdeko zorro-lapurren atzetik, denak ere ondo ibiliko zirenak halako txapelketetan. Trenak geldirik daude Urquinaonan, lana noiz bukatuko zain, eta pixka bat bakarrik atzeratuta, bidaiari gogaitu batzuek soilik nabaritzeko moduan. Joan Enric pozik dago trenbidera jaitsi ahal izan delako bere lehengusina baten antza duen neska (eder) horren karpeta salbatzera, eta berreskuratu ditu karpeta eta paperak, denak ez, batzuk airean atera dira, bost tren ez ditu aguantatzen ezta munduko karpetarik onenak ere; baina hortxe dago parterik handiena, onik dago Cristinaren lan gehiena. Zona horretako ikuskatzaileak agindua eman, eta berriz abiatu dira trenak Urquinaonatik, itzul gaitezen ez da-eta ezer pasatu, betiko martxara ostera, eta Joan Enricek pentsatu du gauean amonaren urtebetetzea dela eta etxera deituko duela eta hitz egingo duela neska karpetadunaren antza duen lehengusinarekin.

Klaus paseatzera atera da. Gaur Lidiaren urtebetetzea da: eskale perutar bat da, zerbitzugune batean bizi dena Jaume I eta Barceloneta artean, linea horian, berean, bi minutu paseoan bere gordezulotik. Goizaldeko ordu batean elkartzekotan geratu dira, nahiko segurua astegun batean batetik bestera ibiltzeko. Espiritu alemanak babesten dituen emakume bakanetako bat da.

Klaus trenbide erdi-erditik doa, Jaume I-raino. Txilibitu txiki bat darabil zarata egiteko, soinutxo fin-fina ateratzen duena arratoiak uxatzeko, beste aleman batek opari emana Suitzako lastategi batean, hura ere ihesean zebilenean gertatzear zegoen hondamenditik, eta hantxe arreba txikia, gero eta berokiago, gero eta piltzarrago, gero eta gutxiago arreba. «Jo txilibitua gauean, eta arratoiek eta animalia txikiek alde egingo dute zu pasatzean. Niri zerbitzu handia egin dit. Tori, opari bat da, nitaz gogoratzeko». Walter. Suitzako txilibituaren jabeak Walter izena zuen: belaunean tiro bat zuen gangrenatua, eta bazekien, horregatik oparia. Klaus gaua ebakitzen ari da eskuargiarekin. Ez du ustekabe desatseginik nahi. Eta orduantxe aurkitu ditu Cristinaren orriak, Gaur Egungo Historia II, Bigarren Mundu Gerraren bukaera Europan, Dresdeko borbardaketa eta haren ondorenak. Cristinak ezin estudiatuko dituen gaietako bat. Klausek orriak hartu ditu letra onak liluraturik, eta motxila txikian sartu, beti baitarama bizkarrean, metroan aurkitzen dituen altxorrak jasotzeko. Ez daki katalanez irakurtzen, horixe pena. Bestela, behingoz jakingo zuen baietz, ondo egin zuela arreba txikia eramanda, beroki gorri bat, piltzar bat, sutan zen hiri hartatik.

Etxean, bada puska bat Cristina lotan dagoela, eta Venezuelan malkoak xukatzen ari da haren antz handia duen neska bat, telefonoa esekitzean. Amonaren urtebetetzea da. Akaso gaur azalduko dio amonak zergatik gordetzen duen etxean beroki gorri txiki bat, dena urratua. Akaso gaur kontatuko dio sakonuneetako istorioa.

Itzulpena: BERRIAko euskara taldea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.