Irteera lehen geltokira iritsi zen. Hiru urte eta erdiren ostean, azkenean bai, Erresuma Batuko Parlamentuak baiezkoa eman zion Londresek eta Bruselak negoziatu eta adostu zuten brexit-erako akordioari, abenduan. Amaigabea zirudien prozesu baten lehen pausoa izan zen: nekeza eta luzea izan zen, eta bidean hainbat gatazka politiko eta ekonomiko eragin zituen. Herrialdea erabat polarizatu eta paisaia politikoa guztiz moldatu zuen auziak, eta, gainera, bi biktima politiko utzi zituen: Theresa May kontserbadorea eta Jeremy Corbyn laborista, aurreko hiru urte eta erdiko protagonista nagusietako bi. Tartean, kontrako bidea egin zuen Boris Johnsonek: lehen ministro kargura iritsi zen, irteera gauzatzeko promesarekin.
Mayk kezka handiarekin hasi zuen urtea, Komunen Ganberak ezezko garbia eman baitzion Europako Batasunarekin adostu zuen itunari: 202 diputatuk bozkatu zuten alde, eta 432k kontra. Oztopoa zera izan zen: Irlandako muga, prozesuan hamaika buruhauste eragin dituen auzia. Bozketa kolpe handia izan zen garai hartan lehen ministro zenarentzat, 230 botoko aldea oso handia zelako, eta, gainera, ordezkaritza zuten alderdi politiko guztietako ordezkariak zeudelako kontra egin zutenen artean. Urtarrilaren 15eko arratsalde hura zetorrenaren erakusle garbia izan zen, Mayk zentsura mozio bati aurre egin behar izan ziolako hurrengo egunean.
Bozketa horrek ere porrot egin zuen, baina tartea askoz ere estuagoa izan zen: 325-306. Urte eta erdi zen herritarrek EBtik ateratzearen alde bozkatu zutela, bi hilabete falta ziren irteerako egunera iristeko, baina inork ez zuen batere argi zein izango zen hurrengo pausoa. Lehen ministroak, brexit-aren prozesuan lehenengoz, oposizioko alderdiengana jo zuen zer egin erabakitzeko; elkarrizketek, ordea, ez zuten fruiturik eman. Une berean, oposizioko indar nagusia, Alderdi Laborista, barne gatazka batean zegoen murgilduta, eta, sektore europazaleena baretzeko asmoz, Jeremy Corbyn buruzagiak atea ireki zion bigarren erreferendum bat egiteari.
Baina Corbynen gidaritzak eta brexit-arekiko zuen ikuspuntuak eragindako arrakalak gero eta handiagoak bilakatzen ari ziren, eta otsailaren 18an zazpi diputatu laboristak iragarri zuten talde parlamentario independente bat sortuko zutela; salatu zuten alderdia «ezkerreko makineriak batek bahitu» zuela. Egun batzuk geroago, hiru diputatu kontserbadorek euren alderdia utzi zuten.
Hamar politikari horiek bi gauza zituzten komunean: zuzendaritzekin kritiko zirela eta bigarren galdeketaren aldekoak zirela. Hain justu, Mayk ez zuen amore eman gai horren inguruan, baina otsailaren 26an Corbynek adierazi zuen baiezkoa emango ziotela beste erreferendum bat egiteko zuzenketa bati, aukera horri atera irekita. Bitartean, diputatuak itunik gabeko irteeraren aurka agertu ziren.
Atzera eta atzera
Labirintoa erabatekoa zen, eta diputatuek bi zaplazteko politiko eman zizkioten Mayri: agindu zioten atzera zezala irteera eguna martxoaren 29tik apirilaren 12ra, eta, gainera, bigarrenez esan zioten ezetz brexit-erako akordioari. Lehen ministroa etsiak hartuta zegoen, eta, ituna onartzearen truke, dimisioa jarri zuen mahai gainean; hirugarren aldian ere ezezkoa jaso zuen, baina urtarrilean baino tarte txikiagoarekin (286-344).
SNP alderdia 35 eserlekutik 48ra pasatu zen, eta Sturgeonek bigarren independentzia galdeketa egiteko nahia berretsi zuen. ROBERT PERRY / EFE
Irteerak atzera egiten jarraitu zuen: ikusita apirileko eguna iristear zela eta irtenbiderik ez zegoela, Mayk urriaren 31 proposatu Erresuma Batua EBtik ateratzeko, Halloween eguna, eta Europar Kontseiluak baiezkoa eman zion. Bien bitartean, Erresuma Batuko nazioak gero eta harrabots gehiago egiten hasi ziren: Ipar Irlandan, brexit-ak eta gobernurik ezak sorturiko haserreak Irlanda batu baten aldeko aldarriak ugaritu zituen, eta, Eskozian, Nicola Sturgeon lehen ministroak adierazi zuen bigarren independentzia erreferendum bat sustatuko zuela; urte amaierarako, agintariak galdeketa hori egiteko eskumenak eskatu zituen, baina ezezkoa jaso zuen Londrestik.
Mayren dimisioa eta Johnsonen bozak
«Ahal dudan guztia egin dut, baina ez naiz gai izan». Mayk hitz horiekin jakinarazi zuen, uda hastear zela, lehen ministro kargua utziko zuela. Apiriletik ekain hasierako egun horretara arte ez zuen pauso bat bera ere eman, eta, erabaki horrekin, atzean utzi zituen herrialde zatitu bat eta gauzatu gabeko brexit-a; baina, finean, gerora izandako gertaerek frogatu zuten dimisio hori izan zela irteera errealitate bilakatzeko abiapuntua.
Izan ere, militante kontserbadoreek Boris Johnson Londresko alkate ohi eta Atzerri ministro ohia aukeratu zuten alderdiaren buruzagi, eta, beraz, Erresuma Batuko lehen ministro. Hautatu berritan, Johnsonek adierazi zuen «kale edo bale» hori egin behar zela, uztailaren amaieran: akordio «hobe eta berri bat» agindu zuen, eta, aldi berean, ez zion uko egin itunik gabe ateratzeari. Irteerarako hiru hilabete falta ziren.
Johnsonek mota askotako trikimailuak erabili zituen herrialdea Halloween egunean atera zedin. Oihartzunik handiena parlamentuaren itxierak eragin zuen: irailaren 9tik urriaren 14ra, ateak ixteak. Tartean, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen hori legez kanpokoa izan zela, diputatuen jarduna blokeatu zuelako. Ez dago argi ondoren gertatu zena agintariaren planaren parte zen ala ez, baina diputatuek itunik gabeko irteera blokeatu zioten, eta irteera eguna berriz atzeratzeko ere agindu zioten, aurtengo 2020ko 31ra arte. Azkenean, Johnsonek beste itun bat adostu zuen EBrekin, bozetara deitu zuen, eta gehiengo osoa jaso zuen, herrialdea itun horrekin ateratzeko. Oposiziorik gabe, eta laboristak hondoratuta zeudela, diputatuek baiezkoa eman zioten lege proiektuari, herrialdea 2020ko urtarrilaren 31n irteteko.