Martxoa

Aldarri feminista gorpuzten

Bigarren greba feministan parte hartu zuten milaka andrek 2019ko Martxoaren 8an. Urteetako indarra bideratzeko, ildo estrategikoak aztertu zituen mugimendu feministak, ekinaldi historikoan: Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan.

Bigarrenez, mugimendu feministak grebara deitu zuen Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta mobilizazio handiak egin zituzten emakumeek; Irudian, Donostiakoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko otsailaren 10a
15:59
Entzun

 

Urteetako zirimiaren ondoren, euri-jasa bihurtu da feminismoa. Eremuak blaitzen jarraitu zuen 2019an, jadanik «laugarren olatu» izendatutako aroa gorpuzten, eta tarteka, gainezka egiten. Martxoaren 8an bigarren greba feminista egin zen, eta emakumeek berriro bete zituzten Euskal Herriko kaleak. Indar hura mugimendu feministara eramatea erronka bihurtuta, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egin zituzten azaroan Durangon (Bizkaia); ekinaldi historikoa izan zen, 2008an izan baitziren aurreko jardunaldiak. Ekintza zein hausnarketa garaia da mugimenduarentzat, feminismoa sendotzen ari den seinale.

«Bizitzak erdigunean» jartzea izan zen greba feministaren helburua 2019an ere. Aurreko urteko deialdiarekin alderatuta, baina, berritasun batzuk ekarri zituen Euskal Herriko Mugimendu Feministak bigarren grebarako: batetik, egun osoko lanuztea egitera deitu zuen —2018an lau ordukoak proposatu zituzten goizez zein arratsaldez—; eta bestetik, aurreko urteko mobilizazioen ardatzei bat gehitu, eta bost arlotan egin zuten protesta: enplegua, zaintza, kontsumoa, ikasleak eta pentsioak.

Lehen deialdian bezala, grebaren kontzeptua bera iraultzea zekarren feministen proposamenak: lan produktiboan ez ezik, erreproduktiboan ere eragitea zen asmoa, hau da, emakumeek egin ohi dituzten zaintza lanak ikusgai egitea, horiek egin gabe utziz. «Emakumeei, bollerei eta transei» egin zieten grebarako deialdia; gizonei, berriz, zaintza lanen ardura «modu autonomoan hartzeko eta antolatzeko» eskatu zieten. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek bat egin zuten, Martxoaren 8rako 24 orduko greba deialdia erregistratuz.

Bigarrenez, mugimendu feministak grebara deitu zuen Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta mobilizazio handiak egin zituzten emakumeek; Irudian, Donostiakoa.
Bilbon, atzerritarren bulegoa itxi zuten pikete feministek Martxoaren 8an. / LUIS JAUREGIALTZO, FOKU

Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan osatu zituzten greba sustatzeko batzordeak, eta hirietako auzoetan ere sortu zituzten lantaldeak. Mugimendu feministako kideek nabarmendu zuten horrek aniztasun handia ekarri zuela antolakuntzara, baina «lurzoru komun bat» zuela borrokak, eta oinarrian zuela «feminismo antikapitalista, antikolonialista eta heteroarauaren aurkakoa».

Aldarrikapenak, baina, ez ziren kontzeptu abstraktuetara mugatu: talde feministek txosten bat landu zuten, eta «itun sozial berri bat» galdegin zuten. 28 aldarrikapen zehatz aurkeztu zituzten, hala nola pentsioak gutxienez 1.080 eurokoak izatea andreentzat; etxeko enpleguaren balioa aitortzea eta barneko langileen figura desagertzea; atzerritarren legea indargabetzea; inposatutako lanaldi partziala eta soldata arrakala desagerrarazteko neurriak abiatzea; genero indarkeriaren legea zabaltzea; euskal presoak Euskal Herrira mugitzea; euskara ofizial izendatzea eta normalizatzea; edota andrazko elbarrien egoera ikusaraztea. «Dena aldatzera etorri gara», adierazi zuten. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan ere izan ziren mugimendu feministako ordezkariak: «Ez zaizkigu zuriketa moreak interesatzen. Erakunde publikoetatik ekintzak eta konpromisoak nahi ditugu».

Jendetza kalean

Mugarri izan zen 2019ko Emakumeen Eguna Euskal Herrian: milaka eta milaka emakume atera ziren kalera egun osoan zehar izandako mobilizazioetan, Heteropatriarkatu kapitalistari planto lelopean. Manifestazio handiez gain, protesta deszentralizatu ugari egin zituzten. Bilbon, esaterako, sarbideetako errepideak blokeatu zituzten goizean goiz, eta atzerritarrentzako bulegoa ere itxi zuten eguerdian. Nafarroako herri batzuetan, traktore eta guzti agertu ziren andrazko baserritarrak mobilizazioetara. Donostian, berriz, preso dauden emakumeak izan zituzten gogoan, Martuteneko espetxera egindako bizikleta martxa batean. Angelun (Lapurdi), zeresana eman zuten Leclerc saltokiak Emakumeen Egunaren harira eginiko eskaintza sexistek —makillajea, arropa...—; feministen protestek lortu zuten saltokiko buruek berek kartelak erretiratzea. Gasteizen ere tentsio uneak izan ziren merkataritza gune bateko piketean. Oro har, emakume gazteek presentzia nabarmena izan zuten mobilizazioetan; askok indarkeria matxistaren aurkako kartelak eraman zituzten.

 

Bilbon, atzerritarren bulegoa itxi zuten pikete feministek Martxoaren 8an.
Keinu sinbolikoen ordez, ekintzak eskatu zituzten azaroaren 25eko protestetan. / JAGOBA MANTEROLA, FOKU

Enpleguaren arloan, sektore feminizatuetan nabaritu zen lanuztea batik bat: adinekoen egoitzetan, garbiketan, saltokietan, hezkuntzan, administrazioan... Erakunde publikoetara ere iritsi zen grebaren oihartzuna: hainbat politikarik bat egin zuten lanuztearekin. Eusko Legebiltzarrean, adibidez, bertan behera utzi behar izan zuten osoko bilkura, gutxieneko parlamentaririk ez zegoelako: EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSE-EEko emakumeak ez ziren agertu. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere murriztu egin zuen bere agenda publikoa, eta elkarretaratze batean parte hartu zuen.

Mugimendu feminista oso pozik agertu zen greba egunarekin: «Jauzi kualitatiboa egin dute aldarrikapen politikoek». Hala ere, aitortu zuen helburuak «urrun» daudela oraindik: «Grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu». Instituzioei, berriz, zuzeneko eskaera egin zien: «Ez diegu onartzen keinu sinboliko gehiagorik egitea; gure aldarrikapenak arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela nahi dugu». Ildo horretatik jo zuen azaroaren 25eko lelo nagusiak: Dena esanda dago, dena egiteke mezuarekin atera ziren kalera feministak indarkeria matxistaren aurkako egunean.

3.000 emakume baino gehiago bildu ziren azaroan Durangon, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan.3.000 emakume baino gehiago bildu ziren azaroan Durangon, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan. / ENDIKA PORTILLO, FOKU

Barne egitura indartzera

Feminismoaren loraldia «su motelean luze irakindako iraultza» dela jakitun, Euskal Herriko Mugimendu Feminista autonomoko kideak biltzeko eta ildo estrategikoei buruzko gogoetak bideratzeko unea ere iritsi zen 2019an. Salda badago lelopean, 3.000 emakumek baino gehiagok hartu zuten parte Durangon eginiko jardunaldi feminista nazionaletan. Bost ardatz jorratu zituzten: burujabetza, dekolonialitatea, sexualitatea, indarkeria eta mugimenduaren antolakuntza. Datozen urteetarako agenda politikoa eraikitzeko pausoak eman zituzten, baina, borrokan jarraitu ahal izateko, lehentasun gisa ezarri zuten mugimenduaren beraren «barne egitura indartzea»: «Horrek gaitasuna emango digu eragiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.